EAJ

Kontakizun bakarraren ondorioak

Alderdi Eguneko irudia (Argazkia: EAJ)
Alderdi Eguneko irudia (Argazkia: EAJ)

ALDERDI EGUNA 2013, jeltzaleen festa handia, batez ere lotu beharrekoa lotua dagoenean. Normalizazio politikoa bere bidea egiten ari da, baina oraingoz molde zaharrean, EAJ-PSEren akordioarekin, ez ETAren ondorengorako pentsatzen zen molde berrian. Oraingo hau krisiaren gerizpeko akordioa da, gizarte ereduari buruzko adostasunak, ia maila guztietan, desadostasunak baino askoz handiagoak direnen artean.

Koldo Mediavilla EAJko heledunaren esanetan, alabaina, jeltzaleek EH Bildurekin lotu beharko lukete orain autogobernuari buruzko akordioa (Argia 2384. zkia.). Alderdi Egunaren bezperan egindako Madiavillaren adierazpenek irribarre samurra piztu dezakete, baina bide soberanistaren ardatza eratzeko beste biderik ez dagoela aitortu beharko zaio politikari bizkaitarrari. Samur ez, baina EAJk bere unea bilatzen badu, eman ditzake urrats garrantzitsuak. Hor daude Lizarra-Garaziko garaia eta Ibarretxe plana, adibide gisa eta ez oso urruti gainera.

Seguruenik, hainbat baldintza beharko dira horretarako: bat, ekonomiak lagundu behar du hemen Espainian baino gehiago; bi, beharko du baita ere alderdi barruan ikuspegi soberanista konplexurik gabe eta indarrez landuko duen belaunaldi gazte eta zabala. Artur Masen CDCn, adibidez, hori gertatu da azken 15 urteetan. Eta batez ere, hemen oraindik ez dagoen herritar mugimendu soberanista indartsuaren bultzada eta sostengua ere beharko ditu. Katalunian CiUri gertatu zaion bezala.

BAKE ETA GATAZKA doinuak nahastuko dira urrian Euskal Herrian. Munduko hainbat alkateren mezu gazi-gozoen oihartzuna barreiatuko da Kontxako Badian  eta, hala ere, hilabete gogorra izango da. Gatazka hotsen burrunba Donostiako bakearena baino ozenago iritsiko da: Madrilen ia 80 euskal herritar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean (urriaren 14tik aurrera Segiko auzian eta 17tik aurrera Herriko Tabernen auzian), noiz eta ETAk bere jardun armatua utzi eta bi urtera.

Bortizkerian bizi eta armak behin-betiko isiltzen diren beste herrialde batzuetan negoziazio mahaiak eratzen badira, hemen tori makro-epaiketak eta sarekadak, egia eta justizia batzordeen ordez. Ofizialki gatazkarik ez bizi izanaren kontakizunaren ondorioak dira. Eta hedatzekotan, euskal gizartean etorkizunerako gatazkaren hazia barreia dezakeena berriz.

Baina ikuspegi baikorragorako tarterik ere bada, batez ere Jonan Fernandezek Jaurlaritzako zirrikituetatik azarorako akordioetara iristeko aukerarik ikusten badu. Honek temati jarraitzen du oinarrizkoa den gaiarekin: biktima guztiek maila bereko tratamendua behar dutela azpimarratzen.

Ez zaio arrazoirik falta horretaz asko dakien Fernandezi eta zintzotasunez dio gainera, baina biktimen senideen zorigaitzerako, bake prozesuetan ez da egia izaten. Bake prozesu ia guztietan bada amnesia prozesurik, eta horietan estatuen biktimak dira ahaztuenak. Borondate ona egon den lekuetan ere hala da: Hego Afrika, Argentina, El Salvador… Ikusi orain Argentinako epaileari Espainiako torturatzaileekin gertatzen ari zaiona. Estradizioa eskatu eta Auzitegi Nazionaleko sarean harrapatua geratu da eskaera. Eta ez da askatuko. Zigorgabetasuna deitzen zaio horri.

Ipar Irlandan ere ahazten ari dira biktima asko. Gehien jota, Erresuma Batuak batzuetan onartu du Estatuaren errua eta kalte ordainak dirutan ematea, Derryko Bloody Sunday hilketen kasuan bezala. Horregatik, Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta 15 urtera, iragan irailean Amnesty Internationalek gogor salatu ditu txosten batean gobernu britainiarra eta Ipar Irlandako alderdi politikoak: biktimen esparruan, eta egia eta justizia ardatz hartuta, orain arteko balorazioa negatiboa da.

ARGIAko zenbaki honetan bertan, Belfasteko alkate jaunak  horixe bera dio, bake prozesuan zerbait ondo landu ez bada, hori biktimen gaia izan dela. Joan eta galdetu Guatemala edo El Salvadorreko armadek hildako milaka herritarren senideei biktimak lehen esparruan egon ote diren, gustura ote dauden haien egia eta justizia eskaerari eman zaien erantzunarekin. Joan Txile edo Argentinara. Ipar Irlandan, iragana miatzeko talde berezia dute polizian. Hemen, bitartean, eta kasurik onenean, Estatuaren ordezkariek uste dute Estatuko biktimei buruz Eusko Legebiltzarrak iragan legealdian onartu zuena nahiko dela.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 06a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAJ
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-21 | ARGIA
Andoni Ortuzar (EAJ)
“Euskadiri egonkortasuna, sinesgarritasuna eta konfiantza emango dion gobernu bat eratuko dugu”

Euskadi Buru Batzarreko buruak “EAJk hauteskundeak irabazi ditu!” aldarri egin du Andoni Ortuzarrek hitzartzea hasi bezain pronto eta txalo zaparrada jaso du alderdiko kideengandik.


EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Alonsotegi auziko absoluzioak etsigarriak dira EH Bildurentzat

Joan den asteazkenean ezagutu zen Alonsotegiko ustezko ustelkeria kasuengatik izandako lehen epaiketaren epaia: akusatu guztiak absolbitu ditu Bizkaiko Auzitegiak. EH Bildu aritu da akusazio partikular moduan auzian eta ebazpena "etsigarria" eta... [+]


Eguneraketa berriak daude