Ihiztari madarikatuak

Zuberotarrek Bortüan Ahüzki, ur onak osoki kantatzen dute, munduko iturri onena dutelakoan, eta osagarria gainera. Mendi inguru hartan behiala izan ziren ostatuetatik bakarra geratzen da orain, udazkeneko igandeetan uso-ehiztariez beteta. Orduan mendikarientzat ez da giro. Txoriak ortzi mugan ageri eta eskopetadunak oihuka hasten zaizkizue: “Etzan, etzan!” Batzuetan zerutik behera berun eurixka eskaintzen dizuete, segur aski igartzen baitute “ehiztari madarikatuak!” marmarka zabiltzala.

Ehiztari madarikatuaren kondaira oso ezaguna da. Apeza omen zen, mezako sagara esaten ari zela ehiza txakurrak erbi baten atzetik aditu eta, hostia utzi, arma hartu eta haien ondoan abiatu zen. Geroztik bere zaunkariekin airean ibiltzera kondenatua da betirako, sekula harrapatuko ez duen erbiari jarraika. Haize zakarra egiten duenean, tropa osoa sumatzen da harramantza handian zerua zeharkatzen.

Ahüzkik ere badu holako ihiztari beltza. Baina, Xiberua Xiberu, airean ibili gabe lurpean aritzen da, hango leize sakon batean. Ortzantzak mendia ikaratzen duenean, artzainek ihiztariaren adarra eta ihiztoren zaunkak entzuten dituzte zulo barnean. Altzürükü Ürrütiko zalduna omen da, igande batez meza utzi zuena orkatz baten atzetik joateko –noble bat ez zen erbi batengatik korrika hasiko.

Jaun hori gaiztoa bezain, zintzo zen haren emaztea, aingeru bat. Behin, mantala bete ogi jalgi zen gaztelutik, txiroei jaten emateko. Senarrak ikusi eta galdegin zion ea norat ari zen. Emazteak, lihoa zeramala ehule etxera. Gizonak mantala bortizki erausi eta... lihoa zen lurrera erori, Hungariako Santa Isabelen mirakulu bera.

Beste istorio bat ere bada. Ürrüti horrek neska baserritar bat baitzuen maitale, haren etxera joan zen anderea eta ikusi zuen iztupazko mihiseak zituela. Gaztelutik lihozkoak hartu eta neskari eraman zizkion, esanez jauna ez zitekeela iztupazko mihisetan etzan. Senarra ez zen gehiago maitale harengana itzuli.

Andrearen izpiritu sotila nabarmentzeko kontatzen da istorioa. Alta, ezinago itsusia da pobreengana erakutsi zuen nagusikeria. Noren baimenaz sartu zuen sudurra etxe hartako oheraino, egoiliarrak apalesteko? Ez da ulertzen jauna kondenatu zuen herri tradizioak nolaz laudatu duen haren emaztearen destaina. Ipuinen misterioak. Bitartean, andere fin hori hartu eta, bere senar eta gaineratiko ehiztari madarikatuekin batera, orbitan ezarriko bagenu?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude