Erabilera suspertzeko lider bila dabiltza Batz-en

  • “Euskarak Batz-en gaitu” dute lelo Batz Kooperatiban (Igorre, Arratia). Euskaraz lan egiteko plana daukate martxan 2000. urtetik. Enpresa handitzen hasi zenean ekin zioten euskara planari, kanpotik zetozen beharginek euskaraz lan egiteko ohiturarik ez zutela ikusita. Orain, euskaraz jardutea eragingo duten langile liderren bila dabiltza.

Batz kooperatibak automozio eta energia alorrerako piezak egiten ditu. 50 urte bete ditu aurten. Argazkikoak euskara batzordeko kideak dira.
Batz kooperatibak automozio eta energia alorrerako piezak egiten ditu. 50 urte bete ditu aurten. Argazkikoak euskara batzordeko kideak dira. Batzek utzia

Lan Mundua Euskalduntzeko Adierazpena egin zuen publiko Kontseiluak ekainean. Batz kooperatibako euskara batzordeko kide Karmelo Uriarte han izan zen. Efemeride hori gogoratu dugu Igorreko (Bizkaia) Batz kooperatiban egin dugun hitzorduan. Bilkura hartan, Uriartek gogoratzen duenez, ados zetozen gehienak esaten “euskara enpresetan bigarren mailako gai legez” izan dutela. Alegia, “kontzientzia hartu behar dugu, euskaraz berdin-berdin komunikatu daiteke enpresa barruan; langileek euskaraz egingo dute aukera duten artean, baina enpresan langileentzako erreferentzia direnak ere euskaraz aritu behar dira”. Horretaz ohartuta dabiltza 13 urtean Batz kooperatiban. Orduan hasi ziren euskara planarekin. Harrezkero, egoera dezente aldatu dela aitortzen du Uriartek. Erabat barneratuta daukate “lehenengo berba euskaraz” dela. Hala dator jasota Batz-eko harrera planean. “Hona datorren guztia euskaraz artatzen da, berak esango digu ez digula ulertzen”. Bere iritziz, horrelako jarduerak ezinbestean bultzatu behar dira enpresan ere. “Kontzientzia egon dadin, ohitura egon dadin, euskaraz lan egiteko. Zergatik ez?”.

2000. urtean Elhuyar Aholkularitzarekin hasi ziren euskalduntze plana lantzen. Euskara batzordeak, hau da beharginek, erabakitzen zuten zein abiadura eman prozesuari. “Kontuan izanda industria arloko enpresa garela, kezkatako bat hain justu zera zen: ia zenbat denbora eskaini beharko geniokeen prozesu horri gure lanorduetatik; baina jendeak hasieratik ulertu zuen bagenuela zeregina”. Horixe gogoratzen du Uriartek hasierako hartatik. Baina, zergatik ekin zioten Bizkaiko eskualde euskaldunenetako enpresa baten, beharginen %70 euskalduna izanik, euskara planari? “Konturatu ginen jende berri asko sartzen ari zela beharrean. Gehienok Arratia bailarakoak ginen ordurarte, baina kanpotik zetorren jendea zenbat zen ikusita, horrek zela eragingo zuen pentsatzen hasi ginen, euretariko asko ez zirelako euskaldunak, edo ez zetozelako inguru euskaldunetatik eta ez zeukatelako lanean euskaraz jarduteko ohiturarik”. Tailerrean euskaraz lan egiten zen, hortaz, langile berriak ere giro horretara ohitu zitezen,  hizkuntza paisaia lantzen hasi ziren, eta errotuluak euskaraz erabiltzen hasi ziren.

Hurrengo aldian, kontratazio oinarrietan hizkuntza irizpideak kontuan izatea adostu zen. Orduan prestatu zuten Euskararen Politika Orokorra, EPO. Gaur egun, euskararen gutxieneko ezagutza maila izatea bermatzen dute, lanpostuaren arabera. Hiru urtero egin izan duten ezagutza mailaren neurketak dioenez, Batzen ari diren %70ak euskararen gutxieneko ezagutza dauka.

Enpresara praktikak egitera doazen ikasleen kasuan ere, ikasketak euskaraz egiten ari direnak izaten saiatzen dira. Igorreko Lanbide Heziketako ikastetxearekin eta Derioko ikastetxearekin akordioa daukate. MU eta EHUko ikasleen kasuan ere “ahalegintzen gara euskaldunak izan daitezen karrera amaierako proiektuekin datozenak. MUk, esaterako, euskaraz egiten diren karrera amaierako proiektuak diruz laguntzen ditu, eta gu saiatzen gara ikasle horiek izan daitezen gurera datozenak, karrera amaierako proiektuak euskaraz izan daitezen sustatzen laguntzeko”.

Enpresen elkargunea

13 urtetan aurreratu dena erakusten duen beste adibide bat da euskara planak dituzten beste hainbat enpresarekin osatutako elkargunea. Hiru hilean behin batzen dira Igorreko Batz, Ajangizko Maier eta Zornotzako Ekin kooperatibak. Berritxuko Cikautxo eta Zamudioko Matrici ere hastekoak dira esperientzia trukaketan. “Batzuetan badirudi zure txikitasunean ez duzula ezer egiten edo ezer lortzen, baina bilera horietan, perspektiba apurtxo batekin aritzen gara eta balio digu ohartzeko zer nolako urratsak egiten ditugun, eta xumeak izanagatik ere, balekoak izaten zaizkigula euskararekiko kontzientzian eragiteko”, dio Uriartek.

Erronka berriak

Ahize-AEK ari da gaur egun aholkularitza lanetan. Miren Madariaga da ordezkaria eta azaldu digunez, ebaluazio prozesuan murgilduta dabiltza, lanbide bakoitzean zer nolako ezagutza beharko litzatekeen zehazteko, erabileran gehiago nola eragin definitzeko. “Ikusten genuen Batzen, eta batez ere enpresa giroa euskalduntzen aritzen garenon artean, lidergoa behar izaten dela aurrera egiteko. Euskararekiko sentsibilitatea badaukaten pertsonek eragin dezakete euskararen erabileran urratsak ematen eta horregatik garrantzitsua deritzogu enpresak era horretako lidergoa izan dezaketen pertsonak identifikatzea, eragileak izatea azken batean”, gehitu du Uriartek.

Bide horretan, hizkuntza kudeaketaren inguruko formazio saioak egingo dituzte urrian, “hau moduko euskaldun giroan euskararen balio erantsiaz jabetzen laguntzeko”. Azaroan, berriz, euskararen lidergoa lantzeko hiru lan saio egingo dituzte, erabileran eragiteko.

Horrekin batera, euskara ikastaroetan izena emateko matrikulazio kanpainan murgilduta dabiltza. Eskolak enpresan bertan ere ematen dira eta, batez beste, 14 bat ikaslek ematen du izena.
 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude