argia.eus
INPRIMATU
Bigarrena

Edu Zelaieta Anta 2013ko urriaren 03a

Bigarren seme-alabaren esperoan dira. Lehena duela bost urte jaio zen; Naia izena du neskatxak. Bigarrenaren inguruan galdetuta, 30 urte pasako aitak zera dio: “Mutiko bat nahiago nuke. Hala ere, beste neskatila bat etortzen bada, ez dugu etxetik bidaliko, ezta? Dena den, egia da, bai: aurrekoa alaba da eta... mutikoa nahiago oraingoan”.

Bigarren seme-alabaren esperoan dira. Lehena duela bi urte eskas jaio zen; Ander izena du mutikoak. Bigarrenaren inguruan galdetuta, ia 40 urteko aitak zera dio: “Bada, nik beste mutiko bat nahiago. Ez dakit... Anaiarekin jostatzeko edo. Gainera, aurrekoaren arropa guztia mutilarena da eta, bigarrena neska izanez gero, dena erosi beharko genuke berriz”.

Lehena semea nahiz alaba izan, mutikoa nahiago dute bigarrena. Diskurtsoan zalantza zerbait egin badute ere, barrenak ez du duda handirik erakutsi bietan: argudio ezberdinak baliatu dituzte ideia –emozio– bera defendatzeko. Inguruko jendeak ere badaki horren berri; izan ere, bigarrenaren gaia ateratzen den aldiro, irribarretxoak marrazten dira aurpegietan. Normaltasunak konplizeak ditu.