Dena zen errazago

  • Agota Kristof ::Atzo

    Itzultzailea :: Eskarne Mujika

    Alberdania-Elkar

Nik ez dakit nola iritsi zen Agota Kristof euskarara. Esan nahi dut, mundu mailako izen ezagun bat izan gabe –gaur egunean ere ez da, nahiz inon irakurri dudan inoiz Nobel sarirako hautagai izan dela–, Espainiako liburu merkatuaren bermerik izan gabe –eta oraino da autore bat Espainia aldean nahikoa gaizki tratatua–, nola baten batek hartu zuen 1997an Kristof euskaraz emateko deliberoa. Esango didazue Frantzian Le grand cahier argitaratu eta berehala izan zuela jesukristoren arrakasta. Ados. Esan nahi dudana da, euskaraz argitaratzeko apustua egin zen bezala, lasai asko utzi ahal izan zutela bere horretan. Ez zen lehen aldia izango. Baina baten batek izan zuen Koaderno handia ateratzeko ideia briliantea. Eta geroko istorioa ezagutzen dugu: auskalo zenbat edizio, auskalo zenbat ale saldu, auskalo zenbat irakurlerentzako erreferentzia. Pentsa, klubetara eramaten dute oraindik.

Kristofek argitaratu zuen laugarren eleberria den Atzo honen kasua, ordea, are zait bitxiagoa. Literatura unibertsaleko 103. emaitza baita. Eta bildumaren arduradunek behin baino gehiagotan agertu baitute argitaletxe komertzialekin ez lehiatzeko borondatea. Eta esango dut berriz: Kristof ez zen –ez da– idazle kanonikoa. Beharko luke, hartara, gisa horretako bilduma batean lekua? Are aurretik euskaraz dagoeneko haren eleberri arrakastatsu bat bazela kontuan hartuta?

Kontuak kontu, gauza da Atzo hau ere euskaraz daukagula –eta hirugarren bat, Berdin dio narrazio laburren bilduma–. Zer kontatzen zaigun bertan? Tobias Horvath-en istorioa, Tobias Horvath berak azaldua –“Izenik gabeko herri batean jaio nintzen, garrantzi gabeko herrialde batean”–. Gerratik ihesi, babes-herri bat hartzera behartua, fabrika bateko katean kondenatua –“beti zulo bera pieza berean; hamar mila aldiz egunean”–. Eta Kristofen biografia zertxobait ezagutzen duenak berehala igarriko dio bi bizitzen arteko paralelismoari. Kristofek aitortu zuen Atzo zela bere testurik autobiografikoena. Tobias emakume baten oroitzapenak, hura inoiz elkartuko zaionaren esperantzak bizi du, gainera. Hemen biltzen du eleberri laburraren muina: “Nire bizitzari dagokionez, hitz gutxitan laburbil daiteke: Line etorri zen, eta gero berriro joan zen”.

Zorrotza, gordina, krudela, umore beltz ukituekin. Lehorra, biluzia, garratza, hezurraren hezurra baino ez da. Atsekabe, desesperantza, min dosi doiak ditu. Eta erbestearen, bakardadearen, memoriaren gaineko ariketa kolpagarria da. Esaten du eleberriak: “Atzo dena zen ederrago”; baina esateko pixka bat aurrerago: “Oraina besterik ez dago”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude