Gorka Trintxerpe ezizenez kaleratu zituen Zorion baten zainak eta Ezten gorriak lehen poesia liburuak, frankismo garaia zen. Patxi Zabaletak dioenez, olerkia paperean zahartzen da, horitu, eta urteetara irakurtzen duzunean, idatzia ez da idatzi zenuenean bezalakoa. Denbora ez da alferrik iragaten.
Ia genero guztiak landu ditu. Anjel Lertxundi du gustuko idazlea, euskaraz. Gaztelaniaz, berriz, Pío Baroja: “Bi lerrotan pertsonaia bat azaltzen du, eta bi lerrotan abandonatzen. Aparta da”. François Mauriac ere du idazle kuttun. Honen eragina azpimarratu digu.
Ohar juridikoa, literarioa eta zinikoa testu laburra idatzi du azken liburuan: “Batetik kritika sakona, zentzuduna eta zorrotza faltan hartzen dut. Horretaz gain, nire bizipenetan baditut kontu bitxiak. Zorion baten zainak liburuaren olerki bat –baita beste poema batzuk ere– musikatu zuen Iparraldeko talde batek niri deusik esan gabe. Nire nobelaren bat ere aurkeztu zuten lehiaketara. Ez zuten saritu, baina epailetako batek ez zekien nirea zenik ere. Beste garaiak ziren noski. Hala ere, esaten dut ez ditzatela poemak musikatu ezer adierazi gabe. Irakurri eta kritikatu bai, noski”.
Joxemiel Bidadorri gorazarrez
Ukoreka, Badena dena da eta Arian ari trilogia eta Errolanen harria nobela Txalaparta-rekin kaleratu zituen. Zabaletak idatzi duenez, argitaletxeak ez zion Eneko Aritzaren hilobia nobela arrazoi politikorengatik argitaratu: “Politikan krisi bat iritsi zen eta EPPK-k (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) pertsona non grata izendatu ninduen. Samina handia bizi izan genuen familian. Nik presoei buruzko gauza berak defendatu ditut beti eta hala segitzen dut. Alaba preso izan baino lehen, orain preso dagoenean, eta egongo ez denean ere defendatuko ditut. Orduan lagun batzuk izan nituen alboan, Joxemiel Bidador horien artean. Joxemielek bazuen ezaugarri on asko, eta horietako bat hauxe: Nafarroako euskal idazleen lanak zuhurtasun handiz ikertu zituen. Idazle gutxi gineneko garaiko egileak eman zituen ezagutzera, nafar literatura bultzatuz. Nire kasuan, esaterako,1972an, TOPek (Tribunal de Orden Público) Zorion baten zainak debekatu zuen. Joxemielek horiek guztiak gogorarazi zituen. Lan handia egin zuen. Goiz hil zen, zoritxarrez”.
Korori, Olatzi eta Mirentxuri eskainia
Absurduko kontuak edo zoroen herriko kronikak liburua “Hizki xehez egunero Euskal Herriaren askatasuna idazten dutenei” eskainia da. Laster lau urte eginen ditu preso alabak: “Inor ez dago prest senide bat espetxean edukitzeko. Luze eta gogorra egiten ari zaigu. Askotan esaten diot berari, gazteagoa izaki eta alaba: ‘Ni geldituko naiz, eta joan zaitez zu’. Despedida unea izaten da gogorrena”.