argia.eus
INPRIMATU
Tortura
Frankismo garaiko lau torturatzaile atxilotzeko agindu du Argentinak
  • Tartean dago Jesús Muñecas guardia zibil ohia, Andoni Arrizabalaga Itziarren Semeak eta Anparo Arangoa leitzarrak jasandako torturen erantzuletzat jo izan dena.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko irailaren 25
Erdian, Andoni Arrizabalaga, 1977an kartzelatik atera berritan.
Erdian, Andoni Arrizabalaga, 1977an kartzelatik atera berritan.

Argentinako María Servini de Cubria epaileak frankismo garaiko ustezko lau torturatzaile atxilotzeko nazioarteko agindua eman du, frankismoaren krimenen kontra abiarazitako auzian inputatu gisa deklaratu dezaten. Honako hauek daude Interpolen jomugan: Celso Galván Abascal Espainiako Errege Etxeko eskolta ohia –2009an hila–, José Ignacio Giralte González poliziaren komisario ohia, Juan Antonio González Pacheco inspektorea –Billy el Niño izenez ezagun egin zena–, eta Jesús Muñecas Aguilar guardia zibilen kapitain ohia.

1968an Andoni Arrizabalagari Zarautzen eragindako torturengatik eman du Muñecas atxilotzeko agindua epaileak, Jon Ugutz Arrizabalaga anaiaren testigantza aintzat hartuta. Kasua dokumentatzeko 1977an kartzelatik irten zenean Joseba Sarrionandiarekin Zeruko Argian izandako elkarrizketa ere hartu du kontuan epaileak. Bertan, guardia zibilek egindako torturak kontatzen ditu ondarroarrak: “Zelda batean bakarrik aurkitzean, komisariatik pasatuta zoriontsu izan nintzen”.

Gerora ere, Muñecas beste tortura kasu batzuetan inplikatuta egon zen Tolosan eta Donostian.

1976an Anparo Arangoa leitzarrak jasandako torturen argazkiak ezagun egin zirenean, Tolosako kuarteleko kapitaina tokiz aldatu zuten. Muñecasek Estrella Digital atariari adierazi dio “pistolero” batzuek hil nahi zutelako aldatu omen zutela lekuz, eta ez torturetan nahasia egoteagatik. Aitzitik, atxilotuekiko zuen jokabide ankerra vox populi zen garai haietan. Tolosan lanean zebilen Joaquín Navarro epaileari “gaizkile politikoak gorroto” zituela azaldu zion behin kapitainak.

Tokiz aldatzeak ez zion eragotzi, antza, gorroto berarekin torturatzen segitzea. Justicia y Paz elkarteak 1976an kaleratutako testigantzetatik iradoki daitekeenez, Donostiako kuartelean izandako tortura kasuetan nahastuta ibili zen. Torturatua izandako Jesus Lasa elizgizonak Muñecas ezagutu zuen: “Sei torturatzaile agertu ziren, Tolosatik lekuz aldaturiko kapitaina buru zutela”.

Antonio Tejero koronelarekin 1981ean estatu kolpea eman zuen Muñecasek, baina ez zuen denbora gehiegi kartzelan iraun. Geroztik Valdemoron bizi da, egun 74 urte ditu.

Ez dirudi Espainiako Gobernuak estradizio eskaera beteko duenik, Servinik torturen biktimen testigantza jasotzeko jarritako oztopoak ikusita; Auzitegi Nazionalaren esku utzi du erabakia Alberto Ruiz Gallardón Justizia ministroak. Hala ere, frankismoko biktimen elkarteek garaipen garrantzitsutzat dute epailearen erabakia.