argia.eus
INPRIMATU
San Mames Barria

Kattalin Miner @MKattalin 2013ko irailaren 25a

Asko hitz egin da dagoeneko San Mamesen eraberritzeaz, estreinaldiaz; ez ordea nahikoa nire ustez, ez ordea esan beharrekoak esanda, nire ustez. Asko ikusi ditugu zaleak negarrez, zaleak triste, eta ondoren tristura horri aurre egin nahi zion hainbat erreportaje eta programa “berezi”, San Mames berri horren abantaila eta edertasunak azpimarratuz. Partidaren eguna iritsi arte.

Halako eskandalu baten aurrean hortzak estutzen ditut. Beste aldera begiratu nahi izan dut, eta ezin eutsi aizue! Ze, izan ere, jakin jakingo duzue 212 milioi eurotik gorako kostua izan duela handitasun honek. Milioi horiek Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu dituztela besteak beste. Dena futbolaren alde, res publica balitzan. Eta ez gaizki hartu, zeren pentsatu nahi dut jakinaren gainean gaudela denok, baina nik galdu ditudala protesta denak, kexak, zuzendariari eskutitzak, manifestaldiak. Izan ere, hala ez bada, pentsatzen hasi beharko, euskaldunok besteekin alde handirik ez dugula, eta geuri ere golazoak sartzen dizkigutela; ederrak.