argia.eus
INPRIMATU
Raquel (Lucas) Plateroren gogoeta
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko irailaren 25a

Raquel (Lucas) Platero psikologo madrildarra da. Besteak beste, bigarren hezkuntzako irakaslea da eta Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen (LGBT) eskubideen aldeko aktibista. Sexu garapenaren desordenaz (SGD) eta Alemanian hartutako erabakiaz (ikus erreportajean) galdetu diogu. Ondoko hausnarketa egin digu: “Batzuen ustez ezinezkoa izango da pertsona baten sexua zein den ez jakitea. Gerta liteke norbaiten itxura, izena edo mundu honetan bizitzeko modua bat ez etortzea Mendebaldeko kulturetan dauzkagun bi aukerekin, gizona edo emakumea izatearekin. Alabaina, pentsaezina iruditzen zaigun horrek, aurrean dugun pertsonarekin baino lotura gehiago du gure segurtasunarekin (segurtasun gabeziarekin) eta gure antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoarekin.

Beraz, Alemaniako edo Australiako albisteek (generoa ez ezartzea edo intersexualak heldua denean erabakitzea zein sexu nahi duen) gure arau sozialak azpimarratu baino ez dituzte egiten.

Espainian, nortasun agiriak ez digu beti esan gizon ala emakume garen. Orain kaosa irudituko litzaiguke, baina banaketarik ez zegoenean kaosik ez zegoen.

Dena dela, sexuei buruz konplexutasun gehiagoz hitz egiteko balio badu ona da. Intersexualen eskubideez –erabakitzeko gaitasunik ez duen jaioberriari derrigorrez ebakuntza ez egitea, jakinda heldua denean nahi badu egingo duela– hausnartzeko balio badigu positiboa da.

Administrazioaren ikuspegitik zer egingo nukeen? Bada, pertsonaren sexuari buruzko oharra kendu egingo nuke, denon bizitza errazagoa litzateke. Intersexualak ditut gogoan, baina baita transexualak ere”.