Marranta ote da, edo urte sasoiko alergia?

www.aromaterapia.ber

Doministikuak, eztul lehorra, buruko mina... Marranta da ustez, baina sintomak ez badira desagertzen, agian beste zerbait pentsatu beharko da: alergia ote da?

Alergiak udaberriarekin lotu ohi dira, udazkenarekin baino gehiago. Hala ere, alergia kasuak berdin-berdin agertzen dira urte sasoi honetan eta uda aurretik, bi garaietan polena edo lore-hautsa libre baitabil inguruko airean. Udazkenean anbrosiatik dator batez ere polena, landare bakar batek milioika ale aireratzen dituelako. Horri arboletatik eroritako hostoak gehitu behar zaizkie: hezetasunak lizuna sortzen du, eta giro horretan alergia kasuak ikaragarri ugaritzen dira.

Nola babestu

Medikuak agindutako botikez aparte –ez ahaztu txertoak, horrelakorik dagoen kasuetan–, badira sintomak arintzen lagunduko dizuten zenbait aholku eta har ditzakezun neurri batzuk:

- Ateak eta leihoak itxita eduki, lore-hautsa etxe barruraino sar ez dadin.

- Dutxatu zaitez etxera iristean, edo ohera sartu aurretik, ilean edo azalean lore-hautsik gabe oheratzeko.

- Zaindu dieta. Badira sintoma alergikoak larriagotzen dituzten elikagaiak (arrautzak, txokolatea, alkohola, gazta onduak, txarkuteria...), baita sintoma horiek arintzen dituzten janari-edariak ere: karotenoideak edo laranja koloreko pigmentuak dituztenak (kalabaza edo azenarioak, esaterako), eta kertzitina dutenak (tipulak, mahats beltzak, tea eta abar).

Hotzeria modu naturalean arintzeko

Urte sasoi honetan katarroak oso erraz harrapatzen dira eta ez da ezinbestean botikara jo behar erremedio bila. Atseden hartzea oso garrantzitsua da, gure gorputzak bere indar guztia sendatzean jar dezan. Hona jarraian botikek adina balio duten aholku sinple batzuk:

- Jan beharra daukazu. Katarroak irauten duen bitartean ez baduzu behar adina kaloria ahoratzen, gorputzari gehiago kostako zaio birusen kontra borrokatzea.

- Oilasko-salda egunero... Anti-inflamatorio bikaina da, eta gorputz barruan pilatutako mukia modu naturalean desegin eta kanporatzen du.

- ... baina ez beroegia. Elikagai beroegiek lehendik ere minberatua dagoen eztarria mintzen dute.

- A eta C bitamina gehiago. C bitaminak (piper gorria, kiwia...) prozesua laburtzen du; A bitaminak (berdela, gibela, esnea), berriz, konplikazioak uxatzen ditu.

- Hidratazio handia. Ura, zukuak eta infusioak –jengibre, menda eta antzekoekin eginak– hartzea komeni zaizu kongestioa arintzeko, baita muskuluetako minen kontra ere.

- Serum fisiologikoa sudur-hobiak garbitzeko. Horrela ez dira lehortuko, eta mukia diluituz eta arinduz joango da.

- Egin lurrunak arnasbideak irekitzeko. Horretarako, onena ur beroari eukaliptoaren esentzia-olio pixka bat gehitzea izaten da.

- Zapi bustiek, kopeta gainean edo eskumuturren barrualdetik jarrita sukarra zertxobait jaisten laguntzen dute.

- Tipula gaueko eztula lasaitzeko. Jar ezazu mesanotxean, zuregandik gertu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


"Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen"

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


Eguneraketa berriak daude