Kitameriendasa, Crocus nudiflorus, ez da atzokoa, eta badu zer erakutsia. Lurpeko erraboilak, iaz metatutako jakiari esker, lur gainean arrabete azaltzen den lore ubela emango du. Gero, lorea ihartu ahala, hostoak azalduko dira eta, fotosintesia dela medio, lurpekoa hornituko dute. Etengabeko gerra bat da natura, ordea. Belarjaleen hortz ugari dabil, kisk eta kosk, lore eta hosto gose. Loreak bere eme aieka lurpean du; behin ernalduta, haziak heltzen ari den eran, lorearen txortenean barrena gorantz egiten du, eta hosto berde artean agertzen da. Hosto eta hazi, belarzaleen aho sabaiaren gozagarri eder izango dira. Zezenak behorrak ahariak kosk eta hazia orduan bai ondu! Barrunbeko azidoetan azala beratuko zaio eta gero pekotxan, simaur dosi egokiarekin, edonon ereingo dute.
Haurrei merienda kendu eta goiz etxeratzeko garaiarekin, aziendentzat udako bazka onen amaia ere badakar kitameriendasek. Zergatik Lezaunen engañapastores deitzen dute? Agian, azkarregi bukatu nahi du uda, oraindik jatenak izan eta bera, temoso, esanez bezala amaiera gainean dela...
Lehengo astean, Zeraingo Jon artzainak eta bere artaldeak udako etxe duten Aralarko Beaskinen izana naiz, sukaldari batzuekin mendi goiko gaztaren aho sabai erakargarri horien arrazoiak ezagutzeko asmotan. Mila metrotik gorako belazeak bereziak dira: han biziz zaildu diren landare nahasketa bitxiak dituzte. Hosto, azal, lore, fruitu, hazi... usain dasta zapore eta kutsu guztiak kontzentratuagoak. Horiek bazkatzen dituzten ardien esnea berexia, eta esne horri etekina ateratzen dakien artzain gaztagileak ondo gazta borobila egingo du.
Jatenak gaztan antzeman ote daitezkeen ari ginela, hor doa artzaina artaldeari merienda ematera. Aizkora gerrikoan, borda aldameneko lizarrera (Fraxinus excelsior) igo eta, kiski-kaska, hostoz jantzitako adarrak epaitzen hasi da. Arba sorta bizkarrean dakar eta hurbiltzen ikusi ordurako ardiak gerturatu dira. Bazkaren honelako aberastasuna gaztan igarri behar... Nahikoa larre balego, adar sorta, azao edo maltzo horiek lehortzen utzi eta belar ondua bezala ganbararatuko lirateke, negurako. Abuztu amaian eta irail hasieran egiten dute lan hori Labaien, Eratsun eta inguru horietan. Han sortari zatuka edo xatuka deitzen diote. Oderitzen berriz harmena.