"Ez dago gaixotasunik, gaixoak daude"

  • Kontsultara sartu ginenerako, medikua hizketan ari zen.

Dani Blanco

...
Historiaurrean bezala, jendartearen zati handi batek liderrak behar ditu. Zer gertatzen da bestela noraezean ziurtasunik gabe dabilenari garagardoa eta futbola bukatzen zaizkionean? Nork markatzen ditu jarraitu beharreko bideak? Nork erantzuten ditu eguneroko zalantzak? Galdera ororen arrapostua, gure liderra, izateko pretentsioa du medikuntzak, eta erlijioak ere agindu ez ziguna hitzeman digu zientifikoki: betiereko gaztetasuna. Erlijioak hil osterako gordetzen zuena medikuntzak orain eta hemen predikatzen du. Hori pertsona desjabetzea da, bizitza bere gazi-gozoekin bizi behar dela ahanztea. Baina ez gaitezen engaina, etorkizunaren espektatiban orainari uko egitea erratzea da. Arazoa da ez dela pertsona bakar baten zoroa, jendarte oso baten gaitza baizik. Gero-minak eta betiereko gaztetasunaren ezinezko aspirazioak etengabeko zorion-eza dakarte, atsekabe orokorra. Egia da medikuntzak, zientziak eta osasungintzak aurrerapen arrakastatsuak eman dituztela, baina ez gara zoriontsuagoak iturria ireki eta ura atera litekeela irudikatu ere egiten ez duena baino. Are gehiago, inoiz baino osasuntsuago gaude, baina sekula baino gaixoago sentitzen gara. Horregatik, lehen gure bizitza apaizek gidatzen zuten, orain medikuek.

“Deprimituta nago”, “estresak jota nabil”, “sekulako antsietatea daukat”... Gure eguneroko hiztegi medikalizatuak erakusten du kolonizazioaren heina?

Medikalizazioa, edozein dominazioren gisan, erabat barneratzean hasten da lanean. Guk arras errotua daukagu. Zergatik? Gure burua justifikatzen duelako, esplikagaitza arrazionalizatzeko grinak itsututa bizi garelako. Zientziak ezinbestekoak ditu etengabeko duda eta ziurtasunik eza, baina pertsonalki nahasgarriak dira. Ziurtasunak nahi ditugu, eta animo pattalez jaikitzean askoz errazagoa da “deprimituta nago” esatea atzo baino aldarte makalagoa zergatik daukazun azaltzea baino. Arazoa da medikalizazioaren dominazioa mutur larrietara iristen dela. Zer egiten dugu buruko gaixotasun larriak dituztenekin? Harrigarriak zaizkigunez, heldulekurik gabeko deserrietara garamatzatenez, eta oraindik gainditu ez ditugun mugekin talka egiten dugunez, pazienteak lerdea dariela utzi arte tratatzen ditugu. Egia da gisako eritasunek une jakinetan tratamendu basatiak justifikatu ditzaketela, baina gehien-gehienak justifikaziorik gabe eta indiskriminatuki luzatzen dira denboran. Ez dauka izenik gure zaharrekin egiten ari garenak.

Zergatik tratatzen dugu zahartzaroa gaixotasuna balitz bezala?

Zahartzaroak aldaketak dakartza, eta aldaketa horiek garaipen edo porrotak legez bizi daitezke. Lehenik eta behin, hil ez dena baizik ez da zahartzen. Zahartzea heriotzarekiko behin-behineko garaipena da. Hori esanik, egia da zahartzean ez daukazula gaztetako sasoirik, baina bizitzaren ulermen zabalagoa daukazu, eskarmentu bat, sosegu bat, bizitza probetxugarri bat ahalbidetzen dizuna. Zahartzean eritasunak maizago agertzen direla? Ados, baina nork dio bizitza gaixotasunaren inguruan ardaztu behar dela? Sano bizi zaitezke, zahartzea ez baita gaixotasun bat, plazer bat baizik. Zoritxarrez, ordea, industria oso bat dago zahartzaroa eritasun bihurtzeko prest, gaitzak tratatu egiten direlako, eta hala zahartzaroaren kontrako botikak saltzeko zirrikitua zabaltzen delako. Tamalgarria da biztanleriaren zati handi bat bai ala bai gaixo izendatzea! Pentsa zenbateko diru afana dagoen, zahartzen 30 urterekin hasten garela zabaltzen denerako! Plazer iturri handi bat deuseztatzen ari gara, eta okerragoa dena, lorpen sozial bat komunetik behera botatzen. Izan ere, zahartzea ez baita medikuntzaren arrakasta, lorpen soziala baizik.

Gure zaharrekin egiten ari garenak ez badu izenik, nola deitu behar zaio eskola-porrota medikalizatzeko ahaleginari?

Negozioa eta astakeria! Jendartea oso exigentea izaki, haur baten sozializazioa bide-zidorrik gabeko autobidean aurreikusten du. Autobide hori gehiengoarentzat egokia bezain probetxugarria gerta liteke, baina zer gertatzen da bide horretan barrena kaltetzen den %30arekin? Autobide hori derrigorrez urratu behar denez, eskola-porrota agertzen dela. Jendarteak ez du zalantzarik nahi, irtenbideak nahi ditu, eta medikuntzaren eskutik eskola-porrota medikalizatzen da. Izugarrizko basakeria da haur bat medikatu eta estigmatizatzea gehiengoaren moldean kabitzen ez delako. Jendartearen zurruntasuna ipurdi-bistan uzteaz gain, gizakiaren aniztasuna zapaltzen du. Ahantzi dugu gaur eskolan arazoak dauzkanak bihar Nobel saria irabazi dezakeela. Ahantzi dugu espezie robotizatua bihurtzean desagertuko garela. Ez dauden lekuan arazoak sortzen ari gara, eta bide batez, jendarte gaixo bat sortzen.

Zerikusia du prebentzioarekin eta diagnostiko goiztiarrarekin dugun obsesioarekin?

Hitzek engainatuta bizi gara. Bizitza aseguru bat saltzen dizunak heriotza aseguru bat saltzen dizu. Hala, edozertarako aseguruak dauzkagu, baina ezin liteke dena prebenitu. Onartu behar da bizitzaren zati bat gure ekintzen ondorioen ikasgaia izateaz gain, heriotza bera saihestezina dela. Heriotza kausa batzuk ekidin daitezke eta saihesten ditugu, baina gorputzak beti atzematen du hiltzeko modua. Horregatik diot prebentzioak proportzionala behar duela. Esaterako, trafiko istripuak gutxitzeko nahikoa litzateke garraiobide eta garraio guztiak galaraztea, baina garbi daukagu ez dugula hori nahi, ezta? Gisa berean, alpinismoa debekatuko bagenu, lesio eta heriotza asko aurreztuko genituzke, baina K2ra igotzea galarazi dezakegu igotzen diren erdiak hiltzen direlako? Ba medikuntzan gauza bera. Infekzio gaixotasun ororentzat txertoak saltzen hasi ginenean onura eta arriskuen arteko oreka puskatu zen. Prebentzioak oso onuragarria behar du arriskuak asumitzeko modukoak bihurtzeko. Tamalez, askotan ez da hala. Uneotan, zabaltzen ari diren txerto askok ez daukate ez hankarik ez bururik, negozio proposamen hutsak dira. Horrek izugarrizko kaltea egiten dio prebentzioari, eta zinez eraginkorrak diren txertoei mesfidantza itsatsi. Penagarria da. Nik aktibitate prebentibo bat negozio bilakatzera doala igartzen dut, atzean erakunde zientifiko sortuberri bat zer suma dabilenean. Horregatik diot bizitzan denok hartzen ditugula arriskuak, bakoitzak bereak, eta arrisku horiek ezin direla ez aurrez artatu ez galarazi, prebentzioak onura eztabaidaezinak dakartzanean salbu.

Kolesterolarekin ere mundu guztia dabil txotxolotuta.

Hipotesi lipidiko batek kolesterol tasa altuak bihotzeko arriskuak emendatzen dituela dio. Momentuz, hipotesi horrek biztanleria osoaren mailan funtzionatzen du. Jendarte anglosaxoietan lotura frogatu ahal izan dute, Frantziako jendartean, ordea, ez. Alabaina, negozio izugarria dagoenez, hipotesi hori mundu osora hedatu da. Oraingoz garbi dagoen bakarra da hipotesia jadanik bihotzekoak zein bularreko anginak izan dituztenei, edo arazo koronarioak dauzkatenei dagokiela. Batek esan dezake, “badaezpada hobe lehenagotik kolesterola zaintzea!”, baina kontraintuitiboa den arren, ez du zertan. Hala, oso obsesio errentagarria ezarri dute plantan, elikadura industriaren letaginek diz-diz egiten dute, eta martxa honetan kolesteroletik salbu den ura saltzera iritsiko dira! Ezer arrarorik ezean, neurririk onena kolesterola ez neurtzea da, bestela medikuen munduan sartzen zara, eta biometriak erabakitzen du zure kolesterola normala den ala ez, eta horrek ez dauka zurekin zerikusirik. Medikuntzak Elizak egiten zuena egin du, jatearen inguruko mandamenduak jarri, baina mesedez, jan lasai, izan zoriontsu, eta ez ukatu zure buruari eskaintzen ahal diozun plazerik.

Gure aitaren koadrilan prostata gora eta prostata behera dabiltza azkenaldian...

Ez naiz harritzen. Kasu honetan, PSA delako odol analisia prostatako minbiziarekin lotuta dago, baina bere erabilera frogatu bakarrak minbizi horren berragerpena diagnostikatzeko baizik ez du balio. Gaur egun, alta, prebentzio neurri absolutu gisa erabiltzen da, eta badaezpada sekula prostatako minbizirik ukan ez dutenei ere egiten zaie proba inolako oinarri zientifikorik gabe. Hala ere, okerrena da jende askok uste duela prostatako minbizi bat gainditu duela, baina egiazki, ebakuntza egin dion urologoari soilik egin dio aurre! Anitzetan tratatzen dira prostatako minbizi faltsuak, inolako aktibitaterik ez zeukatenak, prebentzioaren gurpil zoroan sarturik egon ez bagina sekula diagnostikatu eta gerrarik eman gabe pasako zirenak. Baina prebentzioaren amua irentsita gaude, eta alferrik dela jakin arren, urologoak ere egiten du PSA proba! Hori azeria oilategian izatea baino okerragoa da. Horregatik, ez gaitezen erotu, eta PSA neurtu beharrean izan ditzagun sexu harremanak. Plazerak salbatuko gaitu.

Amaren lagunei, aldiz, mamografia entzun eta aurpegia aldatzen zaie...

Bularrak emakumearen parte oso garrantzitsuak dira. Plazer eta zorion iturri behar lukete, eta nola liteke urteekin amesgaizto bihurtzea? Zergatik pentsatzen du emakumeak bere bularrek hilko dutela, erauzi behar dituela, edozein unetan edozer probokatzen ahal diotela? Elizak lortu ez zuena lortu du medikuntzak, bularreko minbiziarekiko izu laborria zabalduz emakumea bere bularren beldur izatea. Emakumeengan minbizi ohikoena dela diote, eta egia da, azaleko minbizia aintzat hartzen ez bada. Alabaina, osasun publikoaren ikuspegitik bularreko minbizia ez da heriotza kausa garrantzitsu bat. Are gehiago, bularreko minbiziz hiltzen diren emakume gehienak 65 urtetik gorakoak dira, eta bai, egia da 10 emakumetik bat bularreko minbiziz hilko dela... 85 urtera iristen direnen artean! Gertatzen dena da datuak izugarri puztu direla, minbiziak ez direnak ere sartzen direlako zakuan. Minbizi histologikoak dira, mikroskopiotik so minbiziak direnak, baina praktikan sekula garatzen ez direnak. Hala, minbiziak ez diren minbiziak sendatzen ditugu, horrela emakume horiek gaixotasunaren bueltan bizi dira, gaitza noiz itzuliko, izututa. Hori mamografien ondorioa da. Okerrena da mamografia botika bat balitz desagertuta legokeela, ez dituelako gutxieneko irizpide zientifikoak betetzen erabiltzen den bezala erabiltzeko. Ez du minbiziaz hiltzeko arriskua apaltzen, eta okerragoa dena, heriotza gehiago dakartza beharrik gabeko interbentzioak eragiteagatik. Horregatik, emakumeei aholkatuko nieke, beharrik ez dagoen artean ahaztu ditzatela auto-esplorazioak eta mamografiak, eta goza dezatela euren titiez!

Bizitza erabat medikalizatu ostean osasun sistema pribatizatzeak zer lekarke?

Egun ere artatze gehien behar duenak jasotzen du gutxien, baina hori gupida gabe areagotzen da osasun sistema pribatizatu ahala. Osasun sistema sendatzearekin baino gehiago arduratzen bada kobratzearekin, Mallorcan tuberkulosiak jota hil den beltzarena bezalako kasuak nonahi agertuko dira. Jendartea oso arrazista denez “beltz bat zen...” pentsatuko zuten askok, baina gero zaharrak izango dira, eta gero klase ertainekoak... Pribatizazioa desgrazia bat da, diru-nahiak ezin du osasungintza gidatu. Politikariak osasun publikoa kontrolatzen saiatu dira euren bandoko kudeatzaileak inposatuz. Non ikusi da hori? Zeelanda Berrian, ospitale publiko bateko kudeatzailea behar dutenean mundu mailako deialdia egiten dute, eta erakundearen izaera publikoari munduko profesionalik onena zor zaiola sinetsita daude. Hemen ez, bakoitzak bere laguntxoak dauzka, eta hauteskundeen emaitzaren arabera aldatzen da Galdakaoko ospitaleko kudeatzailea. Urteekin, laguntxoak inutil hutsak zirela frogatu da, baina politikariak euren porrota onartu beharrean, sistemari errua egotzi eta pribatizatzen hasi dira berriz ere, nahierara mugitu ditzaketen piezak edukitzeko. Ez gara konturatzen osasun sistema orain gertatzen ari dena ez gertatzeko dagoela pentsatuta, eta elkartasun soziala desagerraraztea gizarte kohesioaren zutabe bat eraistea dela. Ez gara ohartzen, edo ez dugu ohartu nahi.

Non gelditzen da pertsona, pribatizatzen ari den negozio ereduan?

Pertsonarik gabe ez dago ez medikuntzarik, ez kulturarik, ez jendarterik. Gizakiok errukiz eta gupidaz tratatu behar dugu elkar. Gupida besteekin eta gupida gure buruarekin. Horrek beste dimentsio bat hartzen du osasun arloan, gaixorik egotea ez baita sukarra izan edo mina jasatea. Gaixorik egotea ziurtasuna galtzea da, ahul sentitzea, hauskor. Sufritzen duenak samurtasunean hartzen du babes, ez ezagutza zientifikoan. Gure itun soziala hautsi nahi ez badugu, gaixoari goxotasun hori ematea dagokigu. Ez dago gaixotasunik, gaixoak daude.

Nortasun agiria

Juan Gérvas. Lorcan (Espainia) sortua 1948ko azaroaren 19an. Valladolideko unibertsitatean doktoratutako mediku, irakasle eta ikertzaile hau medikuntzaren sektore kritikoko ahots ezagunenetakoa izateaz gain, Sano y Salvo (y libre de intervenciones médicas innecesarias) liburuaren egileetako bat da. Aditu talde zenbaiteko partaide, CESCA taldearen sortzaile eta koordinatzailea ere bada (www.equipocesca.org).

Off the record

Medikuari deitu eta bere etxera joateko esan digu. Jendartearen gaitzak diagnostikatu eta errezeta prestatu ondoren, garagardoak eta urdaiazpikoa atera ditu mahaira. Tranpa bat zela pentsatu dugu, kamera ezkutu bat dagoela, baina ez. Predikatzen duena praktikatzen du, besterik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prebentzioa
Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Suizidioaz egoki informatzeak bizitzak salba ditzake

Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden... [+]


2022-03-23 | ARGIA
Bidelagun fundazioa sortu du ELAk lan istripuak murrizteko

Espezializazioa eta berrikuntza juridikoan oinarrituko da fundazioa eta horiek tresna izango dira 'enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino'. Hego Euskal Herriko enpresetan urtean 40.000 istripu gertatzen dira eta... [+]


2020-12-31 | Ander Perez
Miriam Arregi. Iruñeko auzoetako prebentzio zerbitzuak, arriskuan
"Administrazioak baliabide asko dauzka, baina ez du auzoek dutena, jendea babesteko hurbiltasuna"

Azken bi hamarkadetan, Iruñeko zortzi auzotan, elkarteek eskaini dituzte haur eta nerabeentzako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak (PEKZ), udalarekin sinatutako kontratu baten bitartez. Orain, eredu komunitario hori bertan behera utzi du Navarra Sumaren udal... [+]


Navarra Sumak Iruñeko auzoetako 8 prebentzio-taldeak kentzea erabaki du

Erabakia prentsaurrekoan azaldu baino ordu eta erdi lehenago jakinarazi die Iruñeko Udalak elkarteei ez dizkietela kontratuak luzatuko. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien elkarteei udako jarduerak baliogabetzeko udalak hartutako... [+]


Eguneraketa berriak daude