Libiako gudan gezur asko saldu zizkiguten, besteak beste, “matxinatuek” Tripoli hartu zutela erakutsi ziguten Qatarren grabatutako antzezlan batean. Manipulatzea gerra baten parte da, horregatik “egia” da gerretako lehen biktima. Beraz, propaganda eta iruzurrak ez dira arazoa, arazoa hedabide gehienek duten portaera da, informazio batzuei –faltsuak edo errealak– oihartzuna emanez eta beste batzuk ezkutatuz edo isilaraziz.
Horrela, AEBen eta mendebaldeko herrialdeen zerbitzura jarri ohi dira, agenda mediatikoaren erabilpen politikorako ezinbesteko peoiak bihurtuz.
Adibidez, 2011ko uztail hasieran, Libiako lehen ministro ordeak salatu zuen kolonbiar mertzenarioak “matxinatuen” zerbitzura ari zirela borrokatzen. Noski, AEBek, Saudi Arabiak eta Qatarrek ordaintzen zuten zerbitzua. Berriak ez zuen inolako oihartzunik izan hedabideetan, baina hilabete batzuk beranduago, 2011ko urriaren 20ean Gadafi erail zutenean, Youtuben zintzilikatu ziren bideoak erakutsi zizkiguten haren exekuzio lotsagarriarekin. Bideo horietan Gadafi erailtzen duten bitartean Kolonbiako gaztelania perfektua entzun daiteke, baina noski, detaile hori ere hedabide arruntek ez zuten komentatu nahi izan. Isildutako edo baztertutako beste berri bat bezala. Qatarreko Gobernuak publikoki adierazi zuen bere ehunka militarrek “matxinatuen” alde borrokatu egin zutela Libian, hau da, atzerritar potentzia batek herrialdea inbaditu zuela inolako gerra deklaraziorik gabe. Nazioarteko zuzenbidearen arabera horrelako gertaera batek lehen mailako berria izan beharko luke, baina beste behin hedabideek isilarazi edo bazter batean utzi zuten.
Berriz, 2013ko abuztuaren 21ean Siriako oposizioaren tweet bat nahiko izan zen hedabideek albistegiak irekitzeko Siriako Gobernuaren ustezko eraso kimiko batekin. Youtubeko bideoak erakutsi zizkiguten, aipatu gabe bat baino gehiago salatutako erasoaren dataren aurretik igota zegoela Interneten. Aldiz, ez zizkiguten erakutsi Siriako Gobernuak aurkeztutako bideoak, hauetan ustezko oposizioko kideak agertzen ziren arma kimikoak erabiltzen. Aspalditik Siriako Gobernuak salatua zuen matxinatuek Saudi Arabiako arma kimikoak zituztela eta erabiltzen ari zirela, froga gisa gerrillari matxinatuei ustez atzemandako arma kimikoak aurkeztu zituen. Edonola ere, gertatutakoaz egon dira beste zenbait bertsio eta testimonio ere bai. Batzuek ustezko erasoa matxinatuek izaniko istripua izan zela esan zuten, baina bertsio honek ere oihartzun txikia izan du. Antzera gertatu da bost hilabete bahituta egon den kazetari italiar batek egin dituen adierazpenekin, esan zuen matxinatuei entzun ziela beraiek egin zutela eraso kimikoa nazioarteko esku-hartze militarra bortxatzeko.
Salatutako eraso kimikoak nori egiten zion kalte eta nori fabore? Obamak Siriaren aurkako esku-hartze militarra egiteko zehaztutako marra gorria arma kimikoen erabilpena zen eta hain justu erasoa salatu zen NBEko inspektoreak iritsi berriak zirenean Siriara. Bitxia, Siriako Gobernuak gonbidatuta zetozen eta lur siriarra zapaldu bezain laster Gobernuak berak eraso kimiko bat egiten omen du. Hausnarketa kritikoa egitea da manipulazioei aurre egiteko modurik eraginkorrena. Halere, ez dakigu zein den egia, bakarrik jendea milaka ari dela hiltzen Siriako gerran eta kanpoko esku-hartzea ezinbestekoa izaten ari dela gerra hau mantentzeko.