"Etorkizuna %100 berriztagarria izango da, ez daukagulako beste irtenbiderik, baina orain baino askoz gutxiago kontsumituz"

  • Joan den maiatzean energia krisiari eta energia ereduei buruzko jardunaldiak antolatu zituzten, Gasteizen, Fracking Ez Araba, Desazkundea, Bionekazaritza eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza taldeek. Jardunaldien azken eguneko hizlarietako bat izan zen Carlos de Castro, Valladolideko (Espainia) Unibertsitatean diharduen fisikaria. Berriztagarrien mugei buruz hitz egin zuen de Castrok. Haren hitzaldiaren zenbait pasarte doakizue ondoko testuan.


2013ko irailaren 29an
Carlos de Castro fisikariak Valladolideko (Espainia) Unibertsitatean dihardu.
Carlos de Castro fisikariak Valladolideko (Espainia) Unibertsitatean dihardu.Amagoia Murua

Norbaitek berriztagarriak aipatzen baditu, entzuleak erraz ezpaineratuko du irria, fosilez hitz egitea zailagoa da. Enpresak ere hasi dira saltzen berdea ona dela. Gero eta adostasun zabalagoa dago eremu askotako adituen artean, energi ereduaren trantsizioa egin behar dela, arrazoia petrolioaren gailurra edo klima aldaketa dela ere. Ezinbestean egin behar dugu trantsizioa, eta denak bat gatoz etorkizunean energia iturriak berriztagarriak izango direla, ez baita besterik egongo. Jardunaldi hauetan argi geratu da, nire ustez, energia motaren aldaketa hutsa baino gehiago ekarriko duela horrek. Eredu ekonomiko, sozial eta politikoaren trantsizioa egin behar dugu, baina ez dugu oraindik guztiz barneratu horrek oso aldaketa erradikala ekarriko duela. Azkenean, gaiaz eztabaidatzean, eztabaida alderdi teknologikora lerratzen da. Izan ere, aurrerapen teknologikoaren mitoa barru-barruan txertatuta daramagu azken 150 urteetan gutxienez, oso zaila da gure jendartean hain errotuta dagoen mito bati aurre egitea. Eta hori da nik gaur hemen lortu nahi dudana: ez gaitezela hain baikorrak izan.

Berriztagarrien muga teknologikoei helduko diet, hortaz, bai baitituzte. Atzo Marc [Gavaldà] eta Rosak [Lago] sortzen ari garen zor ekologikoaz hausnarrarazi ziguten; batez ere petrolioa ekoizteagatik sortzen ari garen zorra. Pena da, zeren eta petrolioak, ikatzak eta abarrek ez balute kutsatuko, oso jendarte ederra eraiki ahal izango genukeen. Kutsadura da erregai horiek duten akats bakarra, printzipioz. Gerora ikusi zen, horrez gain, botere ekonomikoak zapaldu egiten gaituela, aparretan gaudenean ere.

Berriztagarriek, aldiz, askoz kutsadura gutxiago eragiten dute, baina arazo bat dute: biosferak erabiltzen duen iturri bera da. Sistema orok (biosferak, ekosistemek…) energia erabiltzen du, eta energia hori berriztagarria da. Beraz, energia berriztagarriak eskala handian erabiltzen baditugu biosferarekin lehiatuko gara. Edo dagoeneko ari gara lehiatzen. Hori garrantzitsua da. Oztopo hori ahaztu egiten zaigu batzuetan. Baina erne! Ekologistak garen heinean babestu nahi ditugun ekosistema horiek ez dute fotosintesia bakarrik baliatzen, beste energia mota batzuk ere tartean daude. Haizea, esaterako, funtsezkoa da ekosistemak funtzionatzeko. Agian tarte zabala daukagu haizeen sisteman eragiten hasi aurretik, baina kontuan har dezagun biosfera oso konplexua dela: milioiko 400 parte CO2 aski izaten ari da Lurraren klima eraldatzeko. Oso ikerketa gutxi egin da haizeak ekosistemetan duen inpaktuaz, alegia, haizea geureganatzeak eragingo lukeen klima aldaketaz. Baina ikerketa horiek diote baietz, haizea erabiltzeak klima aldaketa eragiten duela. Karbonoak eragiten duena baino aldaketa txikiagoa da, baina etengabeko hazkunde eredu batean, azkenean, ez litzateke hain txikia izango. Kontuz, beraz.

Beste adibide bat basamortuak dira. Bertan panel fotovoltaiko mordoa jartzeaz hitz egiten da, eta joera dago basamortua guztiz elkorra dela pentsatzeko. Baina ekologo batzuen ustez, Amazonia ez litzateke hain oparoa izango Sahara dagoen tokian ez balego, elkarrekintza batzuk daude hor. Sahara panalez edo errotaz betetzeak zer eragin edukiko du? Ez dago ikerketarik horretaz, eta nik estimatuko nituzke. Eskala kontua da, noski. Berriztagarrien beste arazo bat dentsitate energetiko baxua da. Metro koadroko energia gutxi lortuko duzunez (fosilekin edo nuklearrarekin lortzen dena baino askoz gutxiago), espazio handia behar duzu instalazioetarako. Eta ondorioz, nahi eta ez lehiatu egin beharko duzu gizateriak behar dituen beste baliabide batzuekin, eta biosferarekin. Lehia hasita dago, izan ere: Gaztela-Leonen instalatuta dauden panel fotovoltaikoen %90 lehen nekazaritza-eremu bat zegoen leku batean daude. Sobera dugu ordea erantzungo dute batzuek, azken batean nekazaritza-lurren erdia abandonatuta daukagu eta! Tira, ongi da. Beste behin ere, eskala izango da gakoa.

Materialen kontsumoa ere aipatu behar dugu derrigorrez. Pedrok [Prieto] askotan esaten duen esaldi bat errepikatuko dut: energiak berriztagarriak dira, baina berriztagarriak ez diren sistemen bitartez hautematen ditugu, sistema horiek materialak erabiltzen dituztelako, eta material horiek (kobrea, zilarra, merkurioa…) ez direlako berriztagarriak. Zilarra, esaterako, teknologia fotovoltaikoaren garapenak daukan mugarik handiena da. Teknologia hori aldatu ezean, energia fotovoltaikoa oso garestia da. Ispiluak aluminioz egin daitezke, baina teknologia hori garatzeke dago; aluminioak zilarrak baino gutxiago islatzen du argia; beraz, eraginkortasuna galtzen duzu. Eta energia bera lortzeko okupatu behar duzun lurraldea zabalagoa da.

Benetan berriztagarriak izateko material horiek birziklatu egin beharko lirateke, baina oso urrun gaude hori lortzetik. Natura birziklapenean oinarritzen da, hain justu, eta gu ez gara horretara hurbildu ere egiten. Bestalde, birziklatzeko energia behar da. Ondorioz, gurpil zoroan sartzen gara, eta eraiki dugun sistema oso ahula denez teknologiaren aldetik, ezin dugu gainditu. Ez dakigu nola.

Eta orain, parentesi bat bioerregaiez hitz egiteko: barregarria da horiek berriztagarriak direla esatea. Besteak beste lurzorua bereganatzen dutelako, eta lurzorua ez da berriztagarria, ez behintzat gure eskalan. Hori nahikoa litzateke bioerregaien berriztagarritasunari buruzko eztabaida ixteko. Eta lurra bakarrik ez, ura ere behar dute, ongarriak... Eta dentsitate energetikoa irrigarria da, metro koadroko 0,5 watt baino gutxiago. Absurdua da: 50 milioi hektarea ari gara okupatzen bioerregaietarako, eta gure energia kontsumoaren %0,2 baino ez dugu eskuratzen hortik. Bizi dugun etsipen energetikoa norainokoa den adierazten digu horrek, frackingak bezala. Edozertara jotzen dugu, eta tamalez, berriztagarriekin ere ari gara errepikatzen kosta ahala kosta haztea beste oinarririk ez duen eredu horren hutsak.

Azkenik, energia berriztagarriez [haien alde] hitz egitean harrotasunez erabili ohi den argudioetako bat da lanpostu asko sortzen duen sektorea dela. Baina kalkuluak eginez gero, kontuz... Jo dezagun mundu berriztagarria nahi dugula etorkizunerako, gaur egun dagoen kontsumo berarekin. Bada, eguzki energiaren edo bioerregaien alorretan, herritarren %30 inguruk horretan lan egitea beharko genuke. Langabezia amaituko litzateke, bai, baina egitura soziala ere bai, bere konplexutasun guztiarekin. Eztabaidatu genezake ea aldaketa horrek alde onik daukan, eta badauka, baina tentuz har dezagun.

Horren guztiaren ondorio modura, esan dezagun etorkizunean %100ean berriztagarriak izango garela, ez dugulako beste irtenbiderik edukiko, baina orain baino askoz gutxiago kontsumituz. Eredua oso desberdina izango da, eta seguruenik ez ditugu ikusiko 200 metro altu diren errota eolikoak, hori lortzeko erregai fosil asko erabili beharko genituzkeelako. Hain zuzen ere, trantsizioa gauzatzeko beharko genukeen energia fosilaren zati txiki bat baino ez dugu izango eskura fosilen aroaren amaieran. Ez dago irtenbide teknologikorik horretarako, nire ustez. Konponbidea kulturala da, ez teknologikoa.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude