Petrolioaren eta gasaren Gerra Luzeak harrapatu du Siria

  • Zientoka lagun hil zituen munizio kimikoak Damaskoko Ghoutan abuztuaren 21ean. Aurretik 100.000 hil ditu Bashar Al-Assaden aurkako matxinada hasi eta gerra zibil nahasi bilakatu denak. 4,5 milioik egin du ihes etxetik. Zergatik? Krisi ekonomikoa, idortea, demokrazia eskea, erlijiozko talka... baina baita energiaren geopolitikagatik ere.

Jiji eta AFP agentziek zabaldutako argazkian, abuztuaren 26an Siriako Alepo hiri historikoan Bashar Al-Assaden armadaren  bonbaketan zauritutako jendeak ari dira ateratzen hondakinen artetik. Bost egun lehenago gertatu zen Damaskoko Ghoutan nazioarteko it
Jiji eta AFP agentziek zabaldutako argazkian, abuztuaren 26an Siriako Alepo hiri historikoan Bashar Al-Assaden armadaren bonbaketan zauritutako jendeak ari dira ateratzen hondakinen artetik. Bost egun lehenago gertatu zen Damaskoko Ghoutan nazioarteko itunek debekatuta dauzkaten arma kimikozko erasoa. AEBetako presidente Barack Obamak iragarririk bonbaketa gogorrez zigortuko zuela Al-Assaden armada, azken orduan Errusiatik Vladimir Putinek lortu zuen irailaren 9an, amerikarren eta Mendebaldeko aliatuen erasoa gelditzea, Damaskori onartaraziz arma kimikoen entregatzea.

Nafeez Ahmed-ek, Wikipediak zuzen dio, ingurumenaz, energiaren geopolitikaz eta krisi ekonomikoaz idazten du The Guardian egunkarian. Krisi ekonomiko, ekologiko eta energiazkoak ikertzen dituen Institute for Policy Research and Development elkartearen zuzendaria da. Bangladeshtar jatorria duen doktoreak unibertsitatean irakasten du. Bere liburuen artean sona lortu du A User’s Guide to the Crisis of Civilization (Zibilizazio krisirako erabiltzailearen gida) izenekoak; horretan oinarriturik egindako dokumentala gaztelaniazko azpitituluz ikus daiteke Internetez: La crisis de la civilización.

Abuztuaren 30ean Ahmedek The Guardianen plazaratu du “Syria intervention plan fueled by oil interests, not chemical wapon concern” (Siriako esku hartzea petrolioaren inguruko interesek sustatzen dute, ez arma kimikoengatiko ardurak). Ez dakar gerraren esplikazio osoa, baina bai edozein esplikazio ondo kokatzeko eduki beharreko ikuspegia.

Inork ez beza espero Bashar Al-Assadekiko epelkeriarik: “Erregimen honen legitimitaterik eza eta matxinatzearen legitimotasuna, oso nabarmenak dira”, dio Ahmedek hasieratik. Bukaeran: “Assad gerrako kriminala dela eta bere gobernua irauli egin beharra dagoela, horretaz ez da zalantzarik. Kontua zera da: haren ordez nor jartzeko eta zein interesen alde”.

Sirian agintariak aldatzeko astinduak askoz lehenago hasi ziren abuztu honen 21eko eraso kimikoa edo are herritarren 2011ko udako errebolta baino. Sei urtez atzera eginda, 2007rako George Bushek prentsan azaldua zuen Irango Gobernua uzkailtzeko operazioei baimena eman ziela.

Urte hartan bertan Seymor Hershek The New Yorker aldizkarian erakutsi zuen ezkutuko operazioak Ekialde Hurbilean zeudela antolatuta, Iranez gain Sirian eta Libanon, esterako, operaziootan buru-belarri sartuta ari zela Saudi Arabia.

Berrikitan Roland Dumas Frantziako atzerri ministro izanak telebistan adierazi du Britainia Handiko agintariek 2009an aitortu ziotela Siria erasotzea prestatzen ari zirela.

Nafeez Ahmedek dioenez, 2011ko udan Sirian herritarrak kalera atera zirenerako energi urritasunagatik eta lehorteak eragindako janarien garestitzeagatik protestan, eta aldaketa politikoen eskean, ordurako urteak zeramatzaten ingelesek Al-Assaden kontrako oposizioko taldeei entrenamendu militarra ematen.

Ahmedek gogorarazi du hitzaldi batean Wesley Clark jeneral amerikarrak, OTANeko idazkari nagusi izanak, esan eta oraindik Internetez entzun-ikus daitekeen harribitxia: 2001eko irailaren 11ko atentatuak gertatu eta gutxira AEBetako defentsa ministerioan proposatu zela “bost urtetan eraso eta suntsitzea gobernuak zazpi herrialdetan, Iraken hasita, Sirian, Libanon, Libian, Somalian, Sudanen eta Iranen”. Clark berak garbi dio estrategiaren gakoa zertan datzan: gas eta petroliotan hain aberatsa den Ekialde Hurbila kontrolatzea da afera.

Petrolio gutxi, baina kokapen ona

AEBen estrategia zein den ezagutzeko Nafeez Ahmedek proposatzen digu irakurtzea RAND segurtasun konpainiak Armadarentzako 2008an idatzitako “Unfolding the Future of the Long War” (Gerra luzearen etorkizuna azaleratuz). Dohain eskuratzeko, Interneten titulua galdetzea aski.

Long War, gerra luzea dago martxan. Zergatik? “Herrialde industrializatuetako ekonomiek jarraituko dute oinarritzen hein handian petrolioan, baliabide estrategiko inportantea da hau”, dio RANDek. “Ezagutzen diren petrolio erreserbak salafista-jihadisten sareak indarra daukan lurraldeetan daude. (...) Etorkizunean Persiar Golkoko iturriak izango dira nagusi munduko petrolio produkzioan. Horregatik eskualde honek lehentasun estrategikoa edukiko du eta lehentasun hau eten gabe nahastuko da gerra luzea jarraitu beharrarekin”.

RANDen agiriak 96. orrialdetik aurrera deskribatzen ditu zazpi estrategia Long War horretan garaipena lortzeko. Bat da Erromak aspaldi erakutsitako Divide and Rule, zatitu itzazu eta nagusituko zara. Ekialde Hurbilaren kasuan, matxino salafista-jihadisten arteko ezberdintasunak areagotu, beren arteko borroketan akitu daitezen.

Ezkutuko operazioak, gerra ez konbentzionala, lekuko segurtasun indarrak babestea... baina konplexurik gabe: “AEBetako buruzagiek –proposatzen dio RANDek Armadari– aukeran daukate xiiten eta suniten arteko gatazka jarraituari etekina ateratzea, musulmanen artean errejimen kontserbadore suniten alde jokatuz eta mugimendu xiita askatzaileen kontra [Shiite empowerment movements]... behar izanez gero sostengatuz beti Iranen etsai azaltzen diren gobernu sunita autoritarioak”. Informeak aipatzen zuen Saudi Arabia, Egipto eta Pakistango erregimenei laguntzea... ikusi zer gertatu den Egipton.

Bestalde, xiiten eta suniten arteko gatazka AEBentzako bada dibertsio maniobra ere. RANDeko adituentzako Al Kaeda oso kezkatuta dagoenez xiiten indarrarekin, hauen aurka erre dezakete bestela Mendebaldearen kontra erabiliko zuten munizioa; hots, kezkatu daitezela pittin bat gehiago Iranez eta gutxiago gutaz.

2008rako RANDek iragarri zuen Siriak gero eta ur eskasia handiagoari egin beharko ziola aurre, ur faltak eragindako gatazkak aurreikusiz. Ez zen orduan usaintzen udaberri arabiarrik baina Mendebaldearen petrolio hornidurarentzako arriskuei dagokienez Nafeez Ahmedek nabarmendu du nola laster azaldu zen RANDeko aditu neoconak ez zeudela guztiz oker.

2009an Siriak ez zuen onartu Katarrekin sinatzea erresuma honetako petrolioa, Saudi Arabia, Jordania eta Sirian barrena Turkiatik Europara heltzeko hodiaren kontratua. Oso bestela, 2012an sinatu zuen memorandum bat Iran eta Irakekin hauetako gasa Siriako portuetaraino ekartzeko, Mediterraneora iritsi zedin.

“Iran-Irak-Siria hodia –idatzi du Safeez Ahmedek– Katarren planei ‘masaileko handia’ ematea zen. Ez da harritzekoa Bandar bin Sultan printze saudiarrak, Errusia sozioz kanbiatu zedin ahaleginean, Vladimir Putin presidenteari esatea Al-Assaden ondorengo edozein erregimen erabat egongo dela Saudi Arabiaren eskuetan, eta ez duela Sirian barrena gasa Europara eramanez Errusiarekin konpetentzia eginen. Putinek ezetz erantzun zion eta Bandar printzeak eraso militarrari ekin”.

Ekialde osoko Gerra Luzearen atal bat gehiago da Siriako gerra. Euskaldunak gogoratu beharko luke autoari gasolina jartzerakoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


Turkian lurrikarak 'low cost' hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Eguneraketa berriak daude