Nora itzuli garen: zaharrak berri

Heraklito filosofoak esan zuen gauza guztien oinarria aldaketa amaigabean datzala, edozein izaki aldatzen dela jaiotza eta suntsiketa prozesu jarraituaren ondorioz. Heraklitok utzi zigun ere hausnarketa sakona daraman esaldi xume hau: “Inor ez da bi aldiz bainatuko ibai berberean”. Arrazoia zuen: pertsonak zein ibaiak instantero aldatzen dira; pertsonak errealitateak aldatzen gaituelako, eta ibaiak, ura aurrera doalako etengabe.

Heraklitoren gogoetak baliagarriak izan dira mendeetan zehar. Baina ez dakit zer esango zuen filosofo grekoak gure gaurko errealitate politikoa ezagutu balu.

Oporretan egon naiz, mentalki ere bai, berriro ere itzuli naiz lanera eta, dirudienez, nire munduak aurrera egin beharrean atzera egin du. Egia esan, sentsazio hau behin baino gehiagotan izan dut, baina orain min eman dit.

Heraklitoren teoria hemen ere baliagarria balitz –beharbada, gure gizarte antolamendua da baliagarria ez dena–, eboluzioa ikusi beharko genuke egunetik egunera. Baina nik, eboluzioa baino inboluzioa ikusten dut hainbat arlotan –zorionez, ez guztietan–.

Udara aurretik lan batzuk jarri nizkien agintariei eta zertxobait egiten ari direla dirudi. Euskadin alderdiak ari dira mugitzen, hitz egiten, proposamenak elkarri egiten, elkar onartzen. Ez dakit zer aterako den mugimendu horretatik, baina paralisian lortuko zena baino gehiago izango da. Ez dakit fiskalitatea berrituko den, aurrekontuetarako akordioa egongo den, ez dakit Bake ponentziarekin zer gertatuko den, baina ikusten dudana da kezkatuta daudela, urduritasuna nagusitzen ari dela, eta azkenik, lan egiteko garaia iritsi zaiela. Ibaia aldatuz doa –ikusiko dugu zein aldera–, herritarrok ahalegin hori ikusten ari gara, nahiz eta arlo bakarrean izan, ekonomikoan, beste bi arloetan –bakegintza eta normalizazio politikoa– inolako hurbilpenik ez baita ikusten. Agian, gai ekonomikoa errazena zen, arazoetan zeuden bi alderdiek –EAJk eta PSEk– beren burua altxa ahal izateko: lehenak bere aurrekontuei bidea zabalduz eta bigarrena bestearen politika baldintzatzeko gai dela adieraziz.

Beste arlotan, aldiz, aldaketak ez ditut sumatzen. Gauza bera edo antzekoa gertatzen zait garai honetan, oporretatik bueltan. Hondarribian, Alardean, Jaizkibel Konpainiak desfilatu zuenean Kale Nagusitik gora, plastiko beltzen artean urteroko lotsa sentitu nuen, betiko iraina eta mespretxua. Urtero birpentsatu eta adierazi behar izaten dut gehiengoak ezin duela egin gutxiengoaren oinarrizko eskubideen aurka, eskubide hauek ez baitira erosten, ez baitaude merkatuan, pertsona orok daramatzala bere barnean. Badirudi ibai hau oso era motelean ari dela mugitzen eta pertsona askoren lanari esker ez dela ustelduko. Baina adi, ur horiek mugitzen dituen berdintasunaren errota martxan mantendu behar da, eta horretarako, agintariak eta herritarrok gara beharrezkoak.

Azkenik, beste gaietan atzera egin dugu nabarmen. Honetan, badirudi iraganera itzuli naizela. Eta hala da: iragan beltz eta ilunera. Hara non, Obama jaunak, Bake Nobel Saria jaso zuenak, Siria eraso nahi duen militarki, hango herritarren segurtasunari, herri horren subiranotasunari eta askatasunari eraso eginez. Ez dut ukatuko Siriako egoera –eta Ekialde Hurbila, orokorrean– zaila dela ulertzen, baina argi dagoena eta nik oso ondo ulertzen dudana da, gerrak ez duela gauza onik ekarriko –alde egin digun ibaiak ondo erakutsi digunez– eta inork ezin duela bere burua munduaren zaindaritzat hartu.


ASTEKARIA
2013ko irailaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Eguneraketa berriak daude