argia.eus
INPRIMATU
Mixel Lekuona

Amets Arzallus 2013ko irailaren 18a

Aipamen handirik gabe isildu da, hil da eta ehortzi dute. Ez zuen ezkila hotsa maite. H-rik ez bere abizenak, eskelaren bat edo beste, beste eskala batekoa zen, eskuak laztutako apaiza, eta guretzat graziaz betea. Makeako bere aterpean maiz elkartzen ginen orduko bertso eskoletako haurrak. Han jokatu ziren Iparraldeko lehen eskolarteko txapelketak, eta antolatzaileei txapela erostea ahantzi –ahanzmenak badu batzuetan halako sen pedagogiko bat–, baina Mixel bere ganbarara igotzen zen eta laster ekartzen zuen txapela zaharren bat, gorria batean, lastozko bat bestean. Aurreko bizitzaren batean liberalekin gudarostean edo mendebalde urrunean bakero ibilia izango zen. Eta kartzelako gaian bere baratzea erakusten zigun, lerroz lerro antolatua, gure bertsoak baino xuxenago. Han baretzen ziren gure kirioak, eta karakolaren batenak. Bukatzean gasna ematen zigun saritzat, artzainen artean ibiltzea maite baitzuen. Etzanda eraman duten honetan bestelakoa litzateke mundua apaiz guziak artzain balira eta kartzela guziak baratze.