"Gure Nafarroa txikia erakargarria izan daiteke, baina horretarako lan handia egin behar dugu"

  • Nafarroa ez dagoela salgai errepikatzen digute zenbait politikarik etengabe. Hala ere, Nafarroa merkatuan lehenbailehen jartzeko beharra aldarrikatzen duenik ere bada.


2013ko irailaren 18an
Musikaria ere bada Lacunza: pianoa, kontrabaxua, flauta, biolina eta gitarra jotzen ditu. Abestea ere biziki maite du.
Musikaria ere bada Lacunza: pianoa, kontrabaxua, flauta, biolina eta gitarra jotzen ditu. Abestea ere biziki maite du. Dani Blanco

Gaztea izanik ere, ibilbide profesional luzea duzu. Formakuntzaz ingeniaria zara. Bokazioz?

Nik ingeniaritza aeronautikoa ikasi nahi nuen baina nire familiak ni Madrila joateko baliabide ekonomiko aski ez zuenez, telekomunikaziotako ingeniaritza ikasi nuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Nahiko abstraktua zen eta hasieran xarma handirik ikusten ez banion ere, bukaeran Bruselan proiektua egiteko eta bertan lanean gelditzeko aukera eman zidan. Horrek nire bizitza aldatu zuen errotik. Izan ere, hamahiru urte kosta izan zait Iruñera itzultzea.

Brusela izan zen zure lehen helmuga. Zer egiten zenuen han?

CiscoSystems enpresarako lan egiten nuen. Haiek zerbait oso interesgarria lortu dute:  sare informatikoen konplexutasuna txikiagotzea, jende guztiarentzat errazago eta erabilgarriago eginez. Mundu osotik iristen ziren ekipamendu informatikoetako arazoak konpontzen diharduen lantalde batean aritzen nintzen. Ondoren Mexikora joan nintzen enpresa bat kudeatzera. Hor enpresa prozesuak, kontabilitatea eta gestioa bezalako kontuak ikasi nituen. Baina berriz eskaini zidaten Ciscorekin lan egiteko aukera, oraingo honetan Italian, aholkulari edo goi-teknikari gisa. Italiera ikasia nuen Mexikon, lan egiten nuen enpresa italiarra zelako, beraz, alde horretatik arazorik ez eta onartu egin nuen. Bi urte igarota Madrila joan nintzen. Urtebete aholkulari aritu ondoren, proposatu zidaten zeregin berri batean hastea: sortu zuten profil berri bat, negozio garapena deitzen dena, alderdi komertziala eta teknikoa harremanetan jartzen dituena. Postu horretan Mediterraneoko eskualde osoa nuen nire lan eremuan. 2010ean Telefonica enpresara joan nintzen komertzial aritzeko, bai estatuan baita nazioarte mailan ere, Ingalaterrarekiko harremanetan, bereziki.

2011ko azaroan Nafarroako Gobernuko Kultura sailetik deitu zizuten Iruñeko Baluarte aretoa eta Planetarioa kudeatzeko. Berehala onartu zenuen?

Ez, berehala ez. Lehenbizi aztertu nuen oso ongi zertan zetzan lana, zein zen egoera ekonomikoa, eta abar. Ni enpresa mundutik nator. Oso lanpostu ona nuen, ongi ordaindua eta kontratu mugagabearekin. Hemen baldintzak ez dira horren onak, lanorduak amaiezinak dira eta lau urterako kontratua dut, besterik ez. Hau ez da pagotxa, nahiz eta batzuek hori uste. Enpresa publiko baten gerentzian lan egitea ez da administrazioko goi kargu batean aritzea bezala. Zuk ez dituzu haiek dauzkaten abantaila zenbait, derrigorrezko eszedentzia adibidez. Onartu nuen lana ikaragarri gustatzen zaidalako, nire hiriarentzat eta musika eta kulturarekin, oro har, ari naizelako lanean.

Une zailak Nafarroako enpresa publikoetan. Gobernua neurri zorrotzak hartzen ari da: 38 enpresa izatetik 13 izatera pasa dira, berregituraketa prozesu honetan langile asko gelditzen ari da kalean, emaitzak zorrotz begiratzen dira…

Egoera orokorra zaila da, baina Baluarte 2006tik ari da dirua irabazten, ez du diru galerarik, ez du zorrik, egoera finantzario perfektuan dago.

Bai? Askok uste du Baluartek dirua galtzen duela etengabe, Los Arcoseko zirkuituak bezala, adibidez.

Iaz 35.000 euro irabazi genituen. Urterik estuena izan da, aurrekoak dezente hobeak izan baitziren. 2007an, esate baterako, 400.000 euro lortu ziren. Gehiago edo gutxiago, beti diru etekinak izan ditugu, baina huts egin dugu gure kontu ekonomikoen berri gizarteari azaltzerakoan: amortizazio kontzeptua ez dugu ongi azaldu eta batzuek pentsatzen dute Nafarroako Gobernuak urtero lau milioi euro luze sartzen dituela Baluarten diru galerei aurre egiteko. Hori ez da horrela. Amortizazio gastu bat dago, baina hori duela 12 urte egin zen gastu baten kontabilitateko apuntea besterik ez da. Ez da urtero jarri behar den diru kopurua. Gu buruaskiak gara. Are gehiago: Baluarte kudeatzen duen enpresa publikoak ez du diru-laguntzarik. Baluarte Fundazioa da diru publikoa jasotzen duena, baina honek aretoarekin duen harremana bezero-hornitzailearena da, Nafarroako eta Euskadiko orkestra sinfonikoekin edo beste promotore pribatu batzuekin dugunaren antzekoa. Honi guztiari gehitu behar zaio kongresu eta feriengatik sartzen dena, baita aparkalekutik, jatetxe, taberna eta abarretik lortzen dena. Modu honetara diru sarreren %30a publikoa da, Fundazioaren bidez iristen dena, hain zuzen ere, eta beste guztia pribatua. Ni saiatu behar naiz diru sarrerak irteerak baino handiagoak izan daitezen.

BEZaren igoera kolpe latza izan da?

%21eko BEZa da aurten dugun arazo nagusia. Horrek Fundazioari 200.000 euroan murriztu dio gastu ahalmena, gutxi gorabehera, eta antzeko ondorioa ekarri die orkestrei eta beste promotoreei. Gehienetan sarreretatik ez da ateratzen diru nahikoa gastu guztiak estaltzeko. Gaur egun ia derrigorrezkoa da babesletza edo diru-laguntzak edukitzea ikuskizun bat programatzeko. Oso artista gutxi dira soilik sarreren salmentarekin errentagarri direnak. Horien adibidea orain berriki hemen izan den Malu edo azaroaren hasieran etorriko den Duncan Dhu taldea izan daitezke.

Planetarioa ere kudeatzen duzu. Haren egoera kolokan gelditu da jasotzen duen diru-laguntzaren murrizketarekin?

%92ko jaitsiera izan du. Aurten 52.000 euro baino ez ditu jaso Gobernutik. Planetarioak ateak zabaldu behar ditu astean bost egunetan eta diru sarrera berriak asmatu behar ditugu hori egiten jarraitu ahal izateko. Sarreretatik eta espazioen alokairutik datorren diruari gehitzen ahal zaizkio diru-iturri berriak: adibidez, Planetarioak bideo lanak egin eta bere kupulako pantailan proiekta ditzake, bezero baten enkarguz. Edo gure produkzioak kanpoan sal ditzakegu. Horretan gabiltza orain, hain zuzen ere. Uste dut urte bukaeran orekatuak izanen ditugula kontuak neurri batean eta planetarioa zabalik mantendu ahal izanen dugula. Enpresa publikoei oso zorrotz ari zaie begiratzen kudeaketa ekonomikoa, baina ez dago horren garbi guk enpresa publiko hutsak izan behar ote dugun, oso dinamika sozial garrantzitsua dugula kontuan izanda. Horren erakusgarri da Baluartek eta planetarioak duten balorazioa Nafarroatik kanpo. Hemen dutena baino askoz ere baikorragoa.

Baina etxekoarekin kritiko izatea toki guztietan gertatzen da, ez?

Beno, nik uste dut Nafarroan gehiago. Kanpora ateratzen garenean sutsuki defendatzen dugu gurea, baina hemen oso kritikoak gara, uste dugulako kanpoko guztia hobea dela, eta ez da egia.

Enpresa publikoen berregituraketan, zein izanen da hurrengo kapitulua zuei dagokizuenez?

Planetarioa eta Baluarte ENECSAn bildu ziren. Orain hurrengo urratsa dator: ENECSA eta NDO (Navarra Deporte y Ocio) enpresak biltzeko asmoa dago. NDOk Los Arcoseko zirkuitua, Roncalia eski eremua eta REFENArekin (Recinto Ferial de Navarra) dagoen lotura kudeatzen ditu. Arena pabilioi berria ez da hor sartzen, oraingoz.

Krisi garaian gauden honetan, zer egin daiteke egitura horiek guztiak errentagarri egiteko?

Niri interesatzen zaidana da turismoaren inguruan beste ikuspegiak zabaltzea. Gehienetan turismoa esaten dugunean oporretako turismoa heldu zaigu burura, baina hori ez da aukera bakarra. MICE turismoa (Meetings, incentives, conferences and exhibitions) interesatzen zait bereziki, hau da, kongresuetara eta antzekoetara datorren jendea. Turismo hori erakartzeko lan handia egin behar da. Aurten zerbait egiten ari gara Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin batera “Nafarroa” produktua merkatuan jartzeko. Atzeratuta gaude, baina lehen mailako azpiegiturak ditugu. Baluarten, esate baterako, 63.000 metro koadroko espazioa, 1.568 pertsonarentzako auditorioa, 20 espazio desberdin eskaintzen dizkizuten areto moldagarriak, kokapen bikaina hiriaren erdian, 2.000 hotel-logela bost kilometroko inguruan, hiri jasangarria, irisgarria, polita… Badugu eskaintzeko produktua. Eta hor beste azpiegiturak sar daitezke, Los Arcoseko zirkuitua, esate baterako.

Iruñeak badu zer eskainia Sanferminez harago, beraz.

Askoz ere gehiago. Nafarroak ahalegin handia egin du landa turismoari dagokionean eta gaur nazioartean erreferentea gara. Badirudi atzerriko turisten kopurua igotzen ari dela, baina oraindik bide puska ederra gelditzen da egiteko. Amerikako Estatu Batuetako agenteekin hitz egiten duzunean ikusten duzu Iruñea ezaguna dela festarengatik. Ongi, baina konbentzitu behar duzu bezero hori Sanferminetakoa gertatzen den hirira joatea interesgarria izan daitekeela haginlarien kongresu bat egiteko, adibidez. Turismo asoziatiboan, hau da, kongresuak eta bilkurak antolatzen dituen horretan, pisu handia du osasungintzak. Lanean ari gara arlo publiko zein pribatuko profesionalekin, Europan eta mundu osoan hautagaitzak aurkezteko. 2022ra arteko hautagaitza sorta aurkeztu dugu aurten. Orain arte hemen halakorik ez da inoiz egin.

Bestalde, badugu ondare artistiko eta historiko ikaragarria eta hori guztia turismoaren zerbitzura jarri behar dugu. Horiekin lotutako ekitaldi asko egin ditzakegu urtean zehar. Aurten, adibide moduan, Napoleonen tropen aurkako batailen 200. urteurrena izanen da. Soldadu frantziarrek Iruñeko Ziudadela mendean hartu zuten elur peilaka ari zirela itxurak eginez. Zergatik ez dugu egiten bataila horren inguruko ikuskizuna? Gure ondarea probestu behar dugu. Gauza horiek erreferenteak izan daitezke etorkizunean. Nola hasten dira, bestela, ekimenak? Nola hasi zen Donostiako Zinemaldia edo Jazzaldia? Sanferminetako museoaren inguruan, adibidez, zergatik eraikina egin beharrean ez dugu kalea museo bihurtzen teknologia berriak erabiliz, harri bat bera ere ukitu gabe? Zezen plazan ere hamaika gauza egin daitezke… Gauza gehiago: hegazkin bidezko loturak areagotu behar ditugu. Madril eta Bartzelonarako eguneko hegaldiak beharrezkoak dira. Gaur egun negozioak deslokalizatzen ari dira, konexio egokirik ez dugulako. Low cost hegaldiak zergatik ez? Munduan jartzeko beharra dugu, turismoaren eta industriaren onerako pentsatu. Eta harago joan nahi izanez gero, gure eskumen fiskalak hor ditugu. Abantaila fiskalak emanen lituzkeen lege bat egin dezakegu ikuskizun handiak erakartzeko. Praktiko eta irudimentsu izan behar dugu. Gure Nafarroa txikitxo hau erakargarria izan daiteke, baina horretarako lan handia egin behar dugu.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz nola ikusten dituzu? Nola kokatzen dituzu Baluarte eta planetarioa mapa honetan?

Kursaala zabaldu eta lau urtera eraiki zen Baluarte. Kudeaketa sistema handik kopiatu zen. Bi hiri desberdin dira. Donostian udan eskaintza oso oparoa da. Iruñean udan ezin da gauza handirik egin. Bakoitzak bere programazio lerroak ditu, baina azpimarratzekoa da Bilboko Euskaldunarekin eta Kursaalarekin dugun harreman bikaina. Hango arduradunekin, Jon Ortuzar eta Iker Goikoetxearekin, oso hartu-eman bizia dugu eta noiznahi ari gara bisitaldi teknikoak egiten elkarrengandik ikasteko: praktika hobeak, finantziazio eta fiskalitate zalantzak… Elkarlan hori harago eraman nahi dut eta ideia batzuk ditut, baina ezin dut deus gehiago esan oraindik goizegi delako.

Finantziazioari dagokionez, bakoitzak bere bideak ditu: guk laguntza handia dugu enpresa pribatutik, Mondragon Korporaziotik, besteak beste. Horrek ahalbidetzen digu, adibidez, opera eszenifikatua egitea, gaur egun dagoen ikuskizun mota garestiena. Bilboko Euskaldunaren eredua desberdina da. Alokairu hutsa da. Ez du programazio propiorik, baina hor daude BOS (Bilboko Orkestra Sinfonikoa) eta ABAO (Asociación Bilbaína de Amigos de la Ópera), adibidez, ikus-entzule kopuru handiak ziurtatzen dizkiotenak. Bestalde, ezin da konparatu Bilbo hiri handia, Iruñea edo Donostiarekin.

Oro har, EAEn gauza asko bikain egin dira turismoaren alde. Gainera kalitatezko turismo baten alde, garbia, kulturzalea, urbanita… Guretzat jarraitzeko oso eredu on eta hurbila da. Nafarroan, alde horretatik, Iruñeari maitasun pixka bat falta zaiola aitortu beharra dago. Hemen ekitaldi handiak falta dira. Orain Arena aretoa iritsiko da eta ikusiko dugu ea gai garen horrekin zerbait erakargarria eta errentagarria egiteko. Horrez gain, laster kafe-antzoki bat zabalduko da Alde Zaharreko Santo Domingo azokan, baita Nafarroako Unibertsitateko museo eta auditorio berria ere.

Eta euskarari buruz zer pentsatzen duzu?

Euskararekin ezin naiz oso objektibo izan, nirea bezala sentitzen dudalako. Euskaraz ez jakin arren, betidanik kantatu izan dut hizkuntza honetan. Iruñera itzulitakoan egin dudan lehenbiziko gauzetako bat izan da ikasten hastea, nahiz eta oso denbora gutxi izan. Garrantzitsua da euskara jakitea, gure ondarea delako, kalibre handikoa eta oso interesgarria. Onena litzateke euskarak politikarekin zerikusirik ez izatea. Niretzat euskara ez da politika, kultura baizik. Alde horretatik inbidia handiz ikusten dut Iparraldeko egoera, hor kulturaren dimentsioa oso barneratua daukatelako. Ahal dudan neurrian lan eginen dut euskararen alderdi kulturalari, horren garrantzitsua eta atsegina dena, balioa emateko. Orain adibidez, urriaren 5ean, Iruñea Kantuan ikuskizuna etorriko da. Maitasun handiz eginiko ekimena da eta ahal dugun guztia eginen dugu euskal folklorearen festa handi bat izan dadin.

Nortasun agiria

Javier Lacunza Arraiza (Iruñea, 1976ko urriaren 26) duela urte eta erdi Iruñeko Baluarte, Batzar Jauregia eta Nafarroako Auditoriuma eta Iruñeko Planetarioa kudeatzen dituen ENECSA (Empresa Navarra de Espacios Culturales) enpresa publikoko gerente izendatu zuten. Telekomunikaziotako ingenieria, enpresa kudeaketan titulatua eta komertzial lanetan eskarmentu handiko profesionala da. Belgikan, Mexikon, Italian eta Madrilen bizi izan da, besteak beste. Horrez gain, musikaria da. Fado disko batean parte hartu zuen eta hainbat taldetan jo du. Abestea ere maite du. Gaztelania, ingelesa, frantsesa eta italiera menperatzen ditu, errusiera eta portugalera neurri apalagoan, eta orain, etxera itzulita, euskara ari da ilusio handiz ikasten.

Sanferminak

“Krisian gaude, merkatuaren zati bat erori da eta gure sarrerak berreskuratu behar ditugu kanpoan bezeroak bilatuz. Sanferminetako festa abantaila eta desabantaila da aldi berean. Ona da mundu guztiak ezagutzen duelako eta txarra da horretan sailkatzen zaituztelako. Iruñera uztailaren 6tik 14ra joaten ez bazara jai duzula uste dute askok, besterik existitzen ez delakoan. Baina hori gezurra dela ikusarazi behar diegu balizko bezeroei”.

BEZa

“BEZaren igoera dela-eta batzuek ikusten dute jada ez zaiela errentagarri ateratzen ikuskizun bat antolatzea. Igoerak jan du promotoreak zeukan diru etekina. Oso egoera zaila da”.

Hezkuntza

“Eskaintza handituz doa eta pentsatu beharko dugu eskaera ere nola areagotu. Horretarako hezkuntzan azpimarra egin behar da. Kultura ez da luxua, beharra baizik gizarte formatuagoa, kritikoagoa eta askeagoa izateko”.

Kultura zaletasun

Javier Lacunza ezagutzeko jakin-mina nuela daitort. Orain arte, hamar urtez, itxita egon diren Baluarteko ganbera aretoa edota harresien erakusketa eremua zabaltzera etorri den gizona. Eta berrikuntza gehiago heldu dira bere eskutik: musika molde orain arte ez oso ohikoak ari gara gero eta gehiago entzuten, Julieta Venegas iaz, laster Suzanne Vega eta Duncan Dhu. Gazteentzako deskontu handiak daude hainbat ikuskizunetan, eta euskara entzun daiteke megafoniako mezu grabatuetan. Zerbait bada, bederen. Aste Santuan haurrentzako antzerkia euskaraz programatu zuten lehen aldiz, Benito Lertxundiren kontzertua ere izan zen arrakasta handiz duela gutxi eta urriaren 5ean Iruñea Kantuan jaialdia eginen da… Azken urte hauetan ez gaude ohituta, egia esan, halako pertsona kulturzalerik topatzen goi karguetan Nafarroan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Eguneraketa berriak daude