argia.eus
INPRIMATU
Espioitza informatikotik babestu gaitezke?

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko irailaren 18a
Edward Snowden.
Edward Snowden.

Gauza jakina da Edward Snowden espioi estatubatuarrak, egun Errusian erbesteraturik bizi denak, AEBetako eta Erresuma Batuko segurtasun agentzien jarduerei buruzko paper ugari ezagutzera eman dituela; horien artean espioitza informatikoari dagozkionak ere badaude. Komunikazioen pribatutasuna hausteko bidea Microsoft eta Google bezalako enpresa multinazionalekin batera lan egitea izan omen da.

Munduan partekatzen den informazioa lapurtzeko, espioitza ofizialeko teknikariak informazioa enkriptazio sistemetan aritu dira lanean, eta zehazki, kode-sorgailuetan. Nola? Hona hemen adibide bat: kode-sorgailuek ausazko zenbakiak sortu behar dituzte erabiltzaileek pasahitz gisa erabiltzeko; espioitza-teknikariek ausazko zenbaki kopurua tarte labur batera mugatzen dute, kode-sorgailuak manipulatuz.
Snowdenen paperen arabera, urtero 200 milioi eurotik gora erabiltzen dira segurtasun-programetan “manipulazioak” sortzen eta arestian aipatu enpresekin tratuak ixten.    

Zer egin horren aurrean?

Badirudi ez dugula asko egiterik, baina aholku orokor bat ematearren, software askeko sistemak gero eta gehiago erabiltzea autodefentsarako egokia izan daitekeela uste da. Era horretan, zailtasunak jarriko zaizkie espioitza-erakundeei, informatikari askoren esku dauden programak manipulatzea zailagoa izan baitaiteke.

Aitzakiak aitzakia, espioitza-sarean parte hartzen ari diren enpresek legalitatearen izenean justifikatu dute beren jarduera, hau da, estatuko entitate batek segurtasunaren izenean eskaera zehatza egiten badu, nola ukatu zerbitzu hori ematea?

Oso zaila izango da enpresek adierazitakoa legearen barrukoa den ala ez jakitea, baina etikoki jarduera horiek ez dute inongo heldulekurik. Hona, lerro hauen bidez, gure txikitasunetik gure kexarik irmoena.