Enpresak sortzeko maileguak

  • Euskaldun Gazteria Nafarroa Behereko gazte mugimendu euskaltzale eta herrikoia da. Euren helburua Ipar Euskal Herriko barnealdeko gazteek lana eta bizilekua lortzea da. 2010ean GALT elkartea sortu zuten: Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea. Proiektu honekin, lurraldeko dinamika ekonomikoan parte hartzen duten enpresa berriak sortzera bultzatu nahi dituzte gazteak.

Irudian, GALTeko kideak, sortzen lagundu duten enpresetako batekin. Dagoeneko lau enpresa lagundu dituzte, horretarako guztira 17.000 euro mailegatuz.
Irudian, GALTeko kideak, sortzen lagundu duten enpresetako batekin. Dagoeneko lau enpresa lagundu dituzte, horretarako guztira 17.000 euro mailegatuz.

Euskaldun Gazteriak (EG) Garazi-Baigorri herri elkargoaren eremuan jarduten du. “Baxenabarre betidanik baserri eremua izan denez, bertako gazte asko kanpoko mundutik isolatuak bizi dira –dio Graxi Irigaray EGko kideak–, beraz elkartearen helburua gazteak gai anitzen inguruan formatzea da: lurralde garapena, laborantzaren arazoak edota euskara kasu”. Arlo horien inguruan hausnartzeaz gain, gazteak proiektu parte-hartzaileetan murgiltzea dute xede. Gazteek gero eta zailagoa dute lana aurkitzea eta hori da gaur egun EGren kezka nagusietakoa. Zuberoako Sü Azia elkarteak martxan jarritako ekimenaren berri izan zuten: gazteei, sortu zituzten enpresak aurrera eramaten laguntzen zieten; zenbait aurreztailek emandako diruarekin funts bat sortu eta horrekin gazte ekintzaileei behar zuten dirua maileguan ematen zitzaien, tasarik kobratu gabe. Eredu horri jarraiki, 2009. urtearen amaieran GALT egitasmoa hasteko kanpaina jarri zuen martxan EGk. 80 aurreztaile lortu zituztenean, ofizialki aurkeztu zuten elkartea.

Elkartasuna oinarri duen antolamendua

GALTeko aurreztaile bakoitzak 180 euro mailegatzen ditu, funts batera doazenak. 180 euro horiek ordainketa bakarrean edota hilabetean 15 euro ordainduta eman daitezke. Aurreztaileetatik sei lagunek bulego bat osatzen dute, eta horiek erabakitzen dute eskaera egin duen egitasmoari zenbat diru eman, baita mailegatutako dirua noiz itzuli behar duten ere. Bulego horri, halaber, enpresaritzan profesionalak diren zenbait kidek osatutako batzorde tekniko batek laguntzen dio. “Enpresa bat sortzea helburu duen jendeak guregana jotzen duenean, proiektuaren dosierra bidaltzen digu, eta horren arabera erabakitzen dugu zenbat diru eman. Ez dugu proiektu osoa finantzatzen, hasierako urratsetarako diru-laguntza txiki bat ematen dugu: gehienez 7.000 euro eman izan ditugu eta gutxienez 1.500”, azaldu du Irigarayk.

GALTen diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak baldintza batzuk bete behar ditu: Ipar Euskal Herriko barnealdeko ekonomia dinamizatzea helburu duen proiektua izatea, lurrarekiko errespetua duena, eta enpresaren partaide gehienak 18-35 urte bitartekoak izatea. Dagoeneko lau enpresa sortzen lagundu dute proiektuarekin, eta horretarako guztira 17.000 euro mailegatu dituzte.

Epe baten buruan, aurreztaileei jarritako dirua itzuli behar dietenez, funtsa agortzean desagertu egingo da elkartea. EGko kideen asmoa da elkarte bat desagertzen denerako beste bat sortzen joatea, aurreztaile gehiago bilatuz. Horrez gain, beste lurraldeetara zabaldu nahi dute eredua: “Hegoaldean hemen baino jende gehiago bizi da eta horrek antolamenduan zailtasun handiagoak ekar ditzakeen arren, eragina ere handiagoa izan daiteke”, dio Irigarayk. “Elkartasunean lan egiten ikasten badugu, horrelako proiektuek eskala handian funtzionatu dezakete”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude