argia.eus
INPRIMATU
Askaria etxean
Jakoba Errekondo 2013ko irailaren 19a
Kitameriendasa (Crocus nudiflorus).
Kitameriendasa (Crocus nudiflorus).Javier Martin

Gaztainekin batera dator udazkena. Azken gehienetan bezala, gaua eguna baino, iluna argia baino luzeagoa den urte-sasoi bakarra. Zikloek agintzen duten bizimodua egiten dugu. Umetako oroitzapen eder bat badut horri lotua: neguan galtza luzeak eta udan galtza motzak erabiltzen genituen, hamabi urtera arte, orduan urte osoan luzeak janzteko baimena genuen, “handi” sentitzen ginen. Baina negua eta uda arteko muga ez zen garbia eta eguraldiak erabakitzen zuen... Ez ziren berehalakoan iritsi hamabi urteak!

Udazkenarekin askaria egitera etxeko babesera biltzeko garaia etorriko da. Giroak aginduko du hori ere. Landareetan bezala. Aldian aldiko eguraldiak aurreratu edo atzeratuko ditu landareen lanak ere, kimua noiz ernatu, lorea noiz ireki...

Honi lotutako istorio polit bat bada Nafarroa hegoaldean. Javier Irigarai Imaz ingeniariak (Iruñea, 1935), Estado actual de la onomástica botánica en Navarra lanean –Fontes Linguae Vasconum aldizkarian zatika argitaratua–, herri mordo batean jaso zuen landare bati ematen zaion izen bitxi bat: kitameriendas. Lezaunen, Iruñelan, Deierriko Ibirikun, Olletan, Soltxagan eta Genben behintzat jaso zuen. Pierdemeriendas izena, berriz, Muniainen. Crocus nudiflorus da landare hori.

Nik jakin ahal izan  dudan neurrian, azafraiarekin (Crocus sativa) duen antz izugarriagatik, beste hizkuntzetan hari lotutako izena du: azafrán loco (Esp.), safrá bord (Cat.), safran á fleurs nues (Fr.), zafferano autumnale (It.). Enrique Sánchez-Mongek kitamerindasi euskaraz “azafraia zangarra” deitzen zaiola jasoa du argitalpenen batetik; lastima da nondik hartua duen ez esatea. Galegoz eta portugesez soilik lotzen zaio askariari izena: tollameriendas edo tollemeriendas. Nafarroa erdialdea eta Atlantikoari muturra ematen dioten haien artean zer lotura ote dago?

Kitameriendasa iraila edo urria aldera loratzen da (“bertako lanak amaitu eta berehala loratzen da larrainean” diote Olletan). Lore ubela irekitakoan haurrei ez omen zitzaien gehiago askaririk ematen. Ea umea, laster ilunbista da eta etxera!

Lezaunen engañapastores ere deitzen diote. Zergatik ote?