argia.eus
INPRIMATU
Akordioak, kohesioa, gardentasuna eta koherentzia

Juan Mari Arregi 2013ko irailaren 19a

Joan den astean EAJ eta PSEren arteko akordioa egin da publiko, eta dirudienez ekonomiarekin eta jendartearekin lotura estua du. Dena den, itxaron beharko da zein neurri zehatz jasotzen dituen. Sozio-ekonomian etorkizuna izango omen duen akordioa izanik, hasteko, bada zerbait gaizki egin dutena eta kohesio politiko-sozialaren kontra doana: ez dira kontuan eduki sentsibilitate politiko guztiak eta are gutxiago sindikatuak eta mugimendu sozialak. Politikariak egoeraren jaun eta jabe direla uste dute eta ahaztu dira benetako protagonistak herri sektoreak eta langileak direla, mugimendu politiko, sozial eta sindikaletan ordezkatuak. Hauek baztertzeak porrotera darama edozein akordio. Eta historia errepikatu egiten da.

Jendartean arrakasta izan nahi duen edozein akordio eta itunek gardentasuna behar du. Baina gardentasunik ere ez da izan kasu honetan, lerro hauek idazterakoan akordioaren eranskinak ezezagunak baitira oraindik. Zergatik ez dira publiko egin? Zer ezkutatu nahi dute?

Amaitzeko, akordioak edo itunak sinatzen dituztenek koherente izan behar dute. Akordioak eta itunak, askotan, sinatzaileen hauteskunde propaganda politiko hutsa dira. Akordio hori aurrera ateratzeko benetako zerga erreforma behar da, hura posible egingo luketen funtsak lortzeko. Koherente izango dira eta enpresarien eta profesionalen zerga-ihesa ahalbidetzen duen ingeniaritza fiskal guztia ezabatuko dute? Bai EAJk baita PSEk ere, badakite zerga-ihesaren hobiak non dauden. Eta oso ondo dakite zein enpresa eta profesionalek erabiltzen duten ingeniaritza hori. Politikari horiek koherente balira, “haien kontra” jo behar lukete. Inolako azalpenik eman beharrik gabe! Egingo dute?