argia.eus
INPRIMATU
Zergatik da gorria kardinalen jantzia?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko irailaren 12a
Paulo II.a Aita Santuak (1414-1471) handik aurrera kardinalak gorriz jantziko zirela erabaki zuen 1464an. Pietro Barbo –hori zuen aitasantutzara iritsi aurreko izena–, veneziarra izanik, jaioterriko jauregien hotsandira eta luxura ohituta zegoen. Kardinalak benetan Elizaren Printzeak zirela erakutsi behar zutela uste zuen, ekintzen nahiz jantzien bidez. Paulo II.aren erabakia hurrengo urtean, 1465ean, jarri zen indarrean.
 
1555ean Martzelo II.a Aita Santuak fribolitatea kendu nahi izan zion aurreko mendean Paulo II.ak hartutako erabakiari. Kardinalen janzkera ez zuen aldatu, baina gorria aukeratu izanari azalpen koherenteago bat eman nahi izan zion, moral kristautik hurbilagokoa. Pontifizeak azaldu zuenez, fedea babesteko beren odola isurtzeko prest zeuden kardinalak eta horregatik haien jantziek odolaren kolorekoak izan behar zuten.