Allenderen 1.000 egunak

  • 1973ko irailaren 11n, Augusto Pinochetek estatu kolpea jo zuen Txilen eta, berriki baieztatu denez, Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen. Horrenbestez, 16 urteko diktadura iluna hasi zen Hego Amerikako herrialdean, eta Salvador Allendek hiru urte lehenago hautesontzietan irabazitako agintaldia amaitu.

Bide Luzea egin zuen politikan Salvador Allende Gossens (1908-1973) zirujauak Txileko presidentziara iritsi baino lehen. 1929an sartu zen politikan, Avance taldearen eskutik. Lau urte geroago Txileko Alderdi Sozialistaren sortzaileetako bat izan zen. 1939an Osasun ministro izendatu zuten Aguirre Cerdáren gobernuan, 1943an Alderdi Sozialistako idazkari nagusi, eta 1966an senatuko presidente. Lautan izan zen Txileko presidente izateko hautagai, 1952an, 1958an, 1964an eta 1970ean. Lehen ahaleginean bozken %5,44 besterik ez zuen lortu, bigarrenean nabarmen egin zuen gora %28,91 eskuratuta, eta hirugarrenean inoizko emaitzarik onenak lortu zituen, %38,92; baina Eduardo Frei eskuineko hautagaiarentzat izan ziren botoen %55a baino gehiago.

Jorge Alessandri aurkaria zen 1970eko irailaren 4ko hauteskundeak irabazteko faborito nagusia, inkesta guztien arabera. Dirudienez, hautagai kontserbadorearen garaipenaz ziur, AEBetako Gobernuak ez zuen ahalegin handirik egin Allenderen aurkako kanpainan (ITT enpresaren bidez 250.000 dolar inguru iritsi omen zitzaizkion Alessandriri). Beste iturri batzuen arabera, AEBetatik bidaliko laguntzak zazpi zifra zituen. Hala izan bazen, ez zen nahikoa izan Alessandriren ahuleziak estaltzeko eta hauteskundeak Allendek irabazi zituen (%36,6), atzetik, gertu, Alessandri zuela (%34,9).

Washingtonen erantzuna berehalakoa izan zen. Richard Nixonen aginduz, CIAk bi plan prestatu zituen Allende presidente izan ez zedin. Track One planak kongresuak Alessandri aukeratu zezan zuen helburu. Track Two planak, ezegonkortasun politikoa sorrarazita, hauteskundeen emaitzak bertan behera geratuko zirela aurreikusten zuen. Bi planek porrot egin zuten, urriaren 24an kongresuak Allende izendatu zuen presidente eta azaroaren 4an hartu zuen kargua.

Lehen neurrien arrakasta

Unidad Popular alderdiaren gobernu berriak berehala abiarazi zuen ekonomiako sektore giltzarrien nazionalizazioa. Txileko baliabide nagusiak atzerriko enpresen esku zeuden nagusiki, eta gobernuaren neurriek baliabide horien etekinak ihes ez egitea eragingo zuten. Horrez gain, Freik abiatutako nekazaritza erreforma bizkortu eta sakondu zuen Allendek, sistema latifundista deuseztatuz. Gobernuaren lehen urtean Txileren BPGk %8 egin zuen gora, kanpainan agindutako hitza beteta gainera: kontsumo produktuen prezioa izoztu zuten eta langileen soldatak igo zituzten. Paperezko dirua jaulkita lortu zuten hori, eta gobernuko ekonomialariak arrazoi zuten: billeteak jaulkitzeak ez zuen inflazioa puztuko, epe laburrean behintzat. 1968tik 1972ra gutxieneko soldata hirukoiztu egin zen (El Mercurio egunkari eskuindarrak 1989ko irailean argitaratu zuenez).

Ekonomia alde batera utzita, eremu sozialean ere hobekuntzak nabarmenak izan ziren. Osasun arloan, mediku kopuruak %6,6 egin zuen gora Allenderen agintaldian, erizain kopuruak %17,8, eta odontologoenak %31,5. 1972an osasun gastuek aurrekontuaren %3,5 hartu zuten (hurrengo urtean hasiko zen diktaduran batez besteko gastua %0,6koa izango zen). Hezkuntzan, 6 eta 14 urteko eskolaratzea %94ra iritsi zen. Liburuak, eskolako materiala eta gosaria doan banatzen zitzaien oinarrizko hezkuntzako haur guztiei, eta baliabide gutxien zuten ikasleentzat bazkaria ere doakoa zen. Haur bakoitzari egunero litro erdi esne banatzeko neurria berehala jarri zuen indarrean UPren gobernuak, eta barne ekoizpena nahikoa ez eta esnea inportatu behar izan zutenean ere doako banaketa atxiki zuten. Bestalde, alarguntza pentsioa hildakoaren erretiro sariaren %50ekoa zen 1970 arte, eta %100era igo zuen gobernu sozialistak.

Etxebizitzarena arazo larria zen Txilen. Allenderen agintaldia hastean 480.000 etxe behar ziren herrialdean, eta 1971ko maiatzeko lurrikarak defizita 520.000raino igo zuen. Freiren agintaldian, urteko 39.000 etxebizitza eraiki ziren, Pinocheten diktaduran aldiz, 30.000. Eta UPren gobernuak arazoa konpontzea lortu ez arren, kopurua 52.000ra igotzea lortu zen.

Oparoaldiaren arrakalak

Laborantzaren erreformak arazoak eragin zituen Txileko nekazaritza industria indartsuan. Lurrak nekazarien esku utzi zituzten, baina lurjabe berriek ekoizpen prozesuaren zati bat baino ez zuten kontrolatzen eta ez zuten nahiko baliabiderik eta denborarik izan sistema berrira egokitzeko.

Gainera, moneta neurrigabe jaulkitzearen ondorioak nozitzen hasi zen ekonomia: inflazioa %225era iritsi zen 1972an, eta %606ko markara 1973an.

Prezio sistema librea debekatuta, prezioak gobernuak ezartzen zituen. Ekonomiak hazteari utzi zionean oinarrizko kontsumo produktuen urritasuna iritsi zen eta, horrekin batera, prezio ofizialak biderkatzen zituen merkatu beltza izugarri hazi zen.

Belarmino Elgueta Txileko Alderdi Sozialistako diputatu ohiaren arabera, “zalantzarik gabe, UPren zuzendaritza politiko eta administratiboak akatsak egin zituen proiektua gauzatzerakoan. Baina akats horiek ez dute oinarrizko proiektuaren baliagarritasuna ukatzen, eta ez dituzte ordurarte lortutako emaitza positiboak indargabetzen”.

Etsaiak etxean eta kanpoan

Akatsak akats eta Txileko ezkerraren zatiketak zatiketa –komunistek amaieraraino babestu zuten Allenderen gobernua, baina sozialisten artean geroz eta ozenago entzuten ziren harekiko desadostasunak–, UPren oztoporik handiena aurkari politikoak ziren. Agintaldia gutxiengo garbian hasi zen. 1973an parlamentua aukeratzeko hauteskundeetan, UPk 1970eko emaitzak hobetzea lortu zuen (%43,5). Oposizioak botoen bi heren behar zituen Allende kargugabetzeko. Eta lortu ez arren, Allendek gutxiengoan gobernatzen jarraitu zuen eta oposiziora hurbiltzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Gainera, hasieratik, Txileko goi eta erdi mailako gizarte taldeek kalera eraman zuten Allenderen neurriek eragindako ezinegona, eta ondorioz, Txileko gizartearen polarizazioa areagotu egin zen. Ekonomia kaltetu zuen baita ere oposizioak sustatutako boikotak: enpresak ixten zituzten, hainbat sektoretan lanuzteak bultzatu, oinarrizko produktuak suntsitzen edo ezkutatzen zituzten hornitze arazoak areagotzeko...

Allenderen erreformen aurretik, Txileko ekonomia sektore etekintsuenak enpresa atzerritarren esku zeuden gehienbat (eta atzerritarrak diogunean, nagusiki estatubatuarrak esan nahi dugu). 1970eko irailaren 15ean Richard Nixonek gerora ezaguna egingo zen esaldia bota zion CIAko zuzendari Richard Helmsi: “Txileko ekonomia garrasika utziko dugu”. Eta ederki ahalegindu ziren: kreditu lerroak eten zituzten, Txilek AEBetan zituen kontuak blokeatu zituzten, finantza erakundeak estutu zituzten Txilen inbertitu ez zezaten... Christian Delois historialari frantziarraren arabera Txilek 1972an jaso behar zituen 270 milioi dolarretatik 32 besterik ez zituen eskuratu, AEBen blokeoa medio.

AEBetako Gobernua Allendek kargua hartu baino lehen ere hasi zen sozialistak boterea lor zezan eragozteko ahaleginean, hiru urte eman zituen Txileko oinarri ekonomikoa leherrarazten eta duela 40 urteko estatu kolpean ere zuzeneko parte-hartzea izan zuen –lehenago argi ez bazegoen, 2010ean CIAk desklasifikatutako 20.000 dokumentuek zalantza izpirik ez dute uzten–.

Zer gertatuko zatekeen estatu kolperik izan ez balitz? Balizko errotak biraka daramatza 40 urte, eta galderak ez du erantzun garbirik. Allenderen 1.041 eguneko gobernua obra bukatugabea da, bat-batean etena. Zaila da indarguneen merituak eta ahulguneen erruak banatzea, ezkerreko sektoreen idealizazioa eta eskuinekoen desitxuratzearen gainetik, ondorio objektiboak ateratzea, hiru urteko proiektuaren ekarpenak nabarmentzea. 1997an ikerlari talde batek ahalegin bikaina egin zuen Allenderen agintaldiari errepaso zehatz eta objektiboa egiteko. Los mil días de Allende bi liburuki mardulez osatutako proiektuan gaiari buruzko dokumentazio bilketa sakona egin zen, gerora hainbat interpretazio egiteko erabili izan eta erabiliko dena. Baina proiektuko arduradun Arturo Fontainek eta Miguel González Pinok onartu bezala, azterketa objektiboak egitea “ez da erraza, bereziki gaiak duen karga ideologikoagatik”. Errazagoa da Allenderen 1.000 egunek utzitako irakaspen garbia aipatzea, munduko beste hainbat tokitan eta garaitan ere agerian geratu dena: AEBen interesak ukitzea oso arriskutsua da.
 

Neurri ekonomiko nabarmenenak

Hona hemen UPren gobernuak 1970. urte amaieratik Pinocheten estatu kolpera bitartean hartutako neurri ekonomiko nagusiak, kongresuan gehiengoa zuen oposizioa gaindituz batzuetan, aurkari politikoen babesaz besteetan.

Txileko historiako nekazaritza erreformarik sakonena burutu zen. Latifundio sistema ezabatu eta, guztira, 5.294.750 hektarea nekazarien artean banatu zituzten.

1971n kobrearen nazionalizazioa onartu zuen kongresuak, 1966an Eduardo Freiren gobernuak abiatutako prozesua gauzatuz.

Oposizioaren babes osoa izan zuen neurriak eta, ondorioz, Txileko esportazio baliabide nagusia Estatuaren esku geratu zen (lehen, kobre hobi gehienak enpresa estatubatuarren esku zeuden).

Urte berean, gatzua minerala nazionalizatzeko prozesua burutu zen, Soquimich enpresa esku publikoetara pasa zenean.

Bethlehem Iron Mines enpresa nazionalizatuta, Estatuak burdina eta ikatz ekoizpenaren ardura hartu zuen.

Banku pribatuen nazionalizazio prozesua abiatu zen. 1971 eta 1972. urteetan Txileko banku pribatuen erdia, gutxi gorabehera, kudeatzen hasi zen Estatua.

Telefono konpainia nazionalizatu zuten, ordurarte ITT (International Telephon and Telegraph) enpresa estatubatuarraren eskutan zegoena.

Estatu enpresak sortu zituzten produktuen merkaturatzea eta banaketa bermatzeko: Enavi, Eca, Dinac, Dinatex, Dirinco... Lehen, sektorea atzerriko enpresek monopolizatzen zuten: Williamson Balfour, Ducan Fox eta Codina.

Allenderen irudia zikintzeko obsesioa

Allenderen ibilbidearen bertsio faltsutu eta interesatua 1973ko irailaren 11n bertan abiatu zuten estatu kolpea justifikatu nahi zutenek, APren gobernuaren Txileko nahiz atzerriko aurkariek. Baina azken urteotan Allenderen aurkako obsesioak izena eta abizena ditu: Víctor Farías filosofo txiletarra eta Berlingo Unibertsitate Libreko irakasle ohia.

2005ean Faríasek polemika piztu zuen Salvador Allende: Antisemitismo y Eutanasia argitaratu zuenean. Liburuan Faríasek jarrera arrazistak, homofoboak eta antisemitak egozten dizkio Txileko presidente ohiari. Allendek 1933an Higiene mental y delincuencia izeneko tesia prestatu zuen mediku titulua lortzeko, eta Farías testu horretan oinarritu da Allenderen “bekatuak” nabarmentzeko. Nazioarteko eskuineko prentsak titular deigarrien bidez zabaldu zuen Faríasen “aurkikuntzaren” berri: Allende faxistatzat eta antisemitatzat joa eta Allende heroi sozialistak homosexualitatea “senda” zitekeela uste zuen zioen The Daily Telegraph kontserbadoreak.

Batetik, Allendek tesia idatzi zuenean urte batzuk falta ziren Bigarren Mundu Gerrarako eta urte gehixeago homosexualen aldeko eta arrazismoaren aurkako mugimenduek indarra hartzeko. Beraz, Allenderen hitzak ezin dira, besterik gabe, egungo testuinguruan txertatu. Bestetik, Allenderen jarraitzaileek diotenez, haren tesian agertzen diren erreferentzia antisemita, arrazista edo homofoboak ez dira egilearen hitzak, Cesare Lombrosoren aipuak baizik; eta Allendek Lombrosoren iritziak kritikatzen ditu, hain zuzen. Bertsio bat zein bestea egiaztatu nahi duenak http://www.elclarin.cl/fpa/pdf/tesis_sag.pdf helbidean aurkituko du Allenderen tesi osoa.

Handik urtebetera, 2006an, Faríasek beste liburu bat argitaratu zuen: Salvador Allende: el fin del mito. Alemaniako Errepublika federal ohieko hainbat dokumentutan oinarrituta, Txileko Alderdi Sozialistak 1930eko hamarkadan naziekin izan zituen harremanak eta Allenderen gobernuak SESBekin izandako loturak ditu hizpide. Allenderen aldekoek, besteak beste, Txileko kongresuak Hitlerri bidalitako gutun bat erabili zuten Faríasen teoria berriak errefusatzeko; gutuna Kristal Hautsien Gauaren ondoren (1938) bidali zuten, gau hartan naziek egindakoa salatzen du argi eta garbi eta Salvador Allenderen sinadura dauka, besteak beste. Egoitza Espainiako Estatuan duen Presidente Allende Fundazioak Faríasen aurkako auzi eskea egin zuen, Txileko presidente ohiaren aurkako kalumniak argudiatuz.
Auzi eskeak ez zuen aurrera egin, baina Faríasek piztutako polemikak ere ez. Hala ere, ez zuen amore eman bere gurutzadan; 2010ean Los Documentos Secretos de Salvador Allende. La Caja de Fondos En La Moneda argitaratu zuen Allenderen inguruko konspirazio kontu amaiezinekin jarraitzeko. Oihartzun txikia izan zuen hirugarren atal horrek.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude