Legebiltzarra, bakerako fororik egokiena?

Iazko udaberrian EAJ, PSE, PP eta Aralarreko hiru parlamentarik Eusko Legebiltzarreko bake ponentziaren oinarriak adostu zituzten. Motza baina urratsa, pentsa zitekeen, baita ekimen hartatik ezker abertzalea kanpo geratuko bazen ere. Pentsatzekoa zen hurrengo legealdiaren normaltasunak lortuko zuela mahaiaren laugarren hanka bertaratzea. Gatazka luzeak denbora behar zuela eta abarreko diskurtsoa. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak argi zioen pozarren: “Ez dugu zertan inoren zain egon behar –ezker abertzaleari buruz–; uste dut gu has gaitezkeela”.

Arrazoi zuen, hurrengo legealdian hasi ziren, eta herren berriz ere. Aurtengo otsailean Bake eta Bizikidetzarako lan taldearen sorrera onartu zuen Eusko Legebiltzarrak EAJ eta PSE-EEren baietzarekin, PP eta UPyDren aurkako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. PPk atzerako urratsa eman zuen, EH Bilduri nahiko eskatzen ez zitzaiolakoan. Carmelo Barriok azaltzen zuen gisan, “EH Bilduk ez ditu oraindik gaitzetsi terrorismoa eta ETAren atentatuak”. Ezta ere 2012ko apirilean, baina orduan ez zegoen EH Bildurik legebiltzarrean. Ponentziaren edukiagatik abstenitu arren, EH Bilduk bertan parte hartzea erabaki zuen apirilaren 11ko eratze batzarrean.

Lau hilabete eta hiruzpalau bilera geroago EAJko BBBko buru Itxaso Atutxak argi esan du irailaren 13ko bilera deiaren aurrean: “Atzeratu behar bada atzeratuko da, datak ezin baitu zapuztu herri honentzat hain garrantzitsua den zerbait”. Eta atzeratuko da.

Baina hain garrantzitsua ote bakea eta normalizazio politikoa gure herriarentzat, ETAk jardun armatua utzi eta handik bi urtera Eusko Legebiltzarrean ezin denean bake elkarrizketarik hasi? Eta denak adierazten du ezetz, bestela, adostutako fororen batean serio hitz egiten hasita beharko luketelako. Oraingoz behintzat, alderdi nagusienen eta, bereziki, bake prozesuarekiko Urkullu lehendakariaren ezintasunaren beste adierazle bat da hau. Udazkenean izango dira hainbat ekimen bake prozesua bultzatzeko eta badirudi PSE-EEk ez duela inongo gogorik ponentziaren lana eta bera ekimen horiekin nahastua izateko. Aieteko Konferentziaren bigarren kapitulurik ez, pentsatuko du akaso.

Zoru etiko ospetsuan ei dago oztopo nagusia. PSEren arabera, ezker abertzaleak ez du onartu nahi ponentziaren zeregin nagusia ETAren iragana zilegitasun gabe uztea dela, eta beraz, EH Bilduk jarrera aldatuko ez balu, ez luke zentzurik bertan jarraitzeak. Munduan izan diren bake prozesu eta normalizazio politikorako hasieren antipodetan den jarrera biltzen da pentsamolde horretan, ezinezkoa dena ezinezkoa baita.

Eta ezinezkoa da bizi izandako gatazka eta sufrimenduaren kontaera bakar bat izatea, ezta ere ezker abertzaleak bere azken 50 urteko jardunaren irakurketarik kritikoena egingo balu ere. Konponbidean lehen eta bigarren mailako biktimak bereiztea ezinezkoa den moduan. Edo enpatia, barkamena eta sentimenduak legez arautu. Gaur gaurkoz, eta hori da larriena ETAren iragarpenetik ia bi urtera, badirudi indarra prozesuan jarri behar dela eta ez hainbeste haren edukietan. Erritmo honetan, ezkutuko biderik ez badago bederen, Mendebaldeko Saharakoa eta Euskal Herrikoak izan behar dute gatazka armatua amaitu eta bake prozesu bidezkorik bideratzen ez dituzten munduko herrialde bakarretakoak.

Eta gertatuko balitz fase honetan Legebiltzarra oraindik ez dela fororik egokiena halako prozesu bat bideratzeko? Ez ote dira legebiltzarreko ohiko tirabira eta hika-mikak halako gune batek eskatzen duen iraunkortasun, lasaitasun eta enpatiaren txarrerako?

PP enrokatua dago Madrilen, PSOE beldur da honek euskal auziaz egingo duen erabileraz eta arriskatzeko behar eta presa handirik ere ez du sentitzen. EAJ deseroso da egoera aurrera atera ezinik, baina sufrimenduaren presio barik. Eta ezker abertzalea estu, presoen zurrunbilo itogarrian harrapatua eta egoera mugiarazteko larri. Espainiaren eta Parot doktrinaren gaitzespena berretsiz desblokeatuko du egoera Estrasburgeko Giza Eskubideen Auzitegiak datozen egun edo asteetan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


Eguneraketa berriak daude