Euskaltzaletasuna metatu

Bernardo Atxaga idazleen Olinpora igo berritan, lagun euskaltzale batek harekiko kritika zorrotza luzatu zidan. Kritika ideologikoa zen, lagunak kutsadura arriskutsua ikusten baitzuen Atxagaren pentsamoldean. Baina, hor gelditu gabe, zalantzan jarri zuen idazlearen euskaltzaletasuna benetakoa ote zen edota bere ekarpena euskarari mesedegarri izango ote zitzaion. Eta nik, nire artean: “Bernardo Atxaga ere kanpoan utzita, norekin egingo du euskarak aurrera?”.

Kontu zaharra da, baina ordutik gaurdaino askotan –gehiegitan– ikusi dut nola euskaltzaletasuna lotzen zaion pentsamolde jakin bati eta bestelakoei ukatzen zaien “benetako” euskaltzale izaera. Eta hau izan zitekeen, beste barik, setakeriaren enegarren adibidea; baina gaia oso da larria, zer kasu honetan setakeriak barru-barrutik ahultzen du euskararen aldeko herri mugimendua.

Euskarak ezinbestean behar du aldekotasuna sendotzea eta metatzea, gutxiegi gara euskaldunak –eta gutxiago euskaltzaleak– behar bezain eraginkorrak izateko. Are ahulago elkarri uko egiten badiogu. Politika instituzionalen bidez egoera eraldatzeko beharrezkoa da gizartean sortzea politika horien aldeko masa kritikoa, aurkakoak antolatuta ere ez daitezen gehiengoa izan.

Eta hori ahalbidetzeko zoru komunak eraiki behar dira. Baina argi izanda zoru komunak zabalak izan daitezkeela bakarrik oso oinarrizko ideien inguruan. Edukian xehetasunak gehitu ahala, kideak galtzen dira. Zoruak behean daude, goikoak sabaiak dira. 

Horregatik, eta oinarrira joanda, euskararen etsai behar luke soilik euskararen erabilera edo garapena espresuki galarazten duenak. Beste guztiak, baita euskararekiko pasibo edo axolagabe direnak ere, izan daitezke zoru komun baten partaide, euskararekin batera helburu jartzen bazaie bizikidetza, berdintasuna, erantzukizuna edota errespetua.

Landa lanek erakusten dute gutxi gorabehera hiritarron heren bat garela euskaldunak, eta beste heren bat dagoela nolabait euskararen alde. Euskaltzaleon lana da, lehenik eta behin, urrats bat atzera egitea bakoitzaren ideologia politikoan euskaltzale guztiekin dugun interes komunaren inguruan biltzeko, eta gero horren gainean gure arteko lankidetzak sendotzea eta ugaltzea.

Eta horrekin batera, axolagabeak alde jartzea, eta alde daudenak zale bihurtzea, eta euskaltzaleak are gehiago aktibatzea... Meta horren gainetik bistaratuko dugu normalizazioaren itsasoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude