Dantza berriak, bertsoei jarriak

Bertsolaritza eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna sortu du Haatik dantza konpainiak: Errimak Oinetan. Bost gorputzen mugimenduak hitzekin ureztatuz loratu dute zuhaitza eta urtebete daramaten arren, gogotsu dabiltza.

Dantza bidez transmititzeko zailtasunak ezabatu ditu Haatik dantza konpainiak Errimak Oinetan lanarekin. Formatu eta sormen aldetik erabat bestelakoa izateaz gain, sentsazioak, bizipenak eta istorioak kontatzeko baliabidetzat hartzen dute. Bertsolarien hitzen indarrak mugimendua errazago transmititzea lortu du dantzarien ustez, eta haiek ere komunikatzaile hobeak bihurtu dira. Horrela bada, bertsoak dantzatu eta dantzak abesten dituzte.

Alpargatak urratuta iritsi ziren Aiert Beobide, Garazi Lekuona, Gotzon Poza, Maitane Mujika eta Onintza Odriozola Haatik dantza konpainia eratzera. Sustraiak euskal dantza tradizionalean izateak esperientzia eta ziurtasuna eman die oholtza gainerako. Hala ere, erosoago eta askeago sentitzen dira alpargatak erantzita, beste hamaika gauza adierazi baitezakete. Tradizionala isildu eta garaikidea piztea baino, bion arteko zubia eraiki dutela esan daiteke. Hala ere, esan nahi dena ulertaraztea hain erraza ez dela aitortu du Beobidek. Bertsoekin uztartzearen ideia, hain zuzen, zailtasun hori apurtzetik sortu zen.

Finean, bertso saio bat ikusten du Errimak Oinetan ikustera doanak. Musika eta ahotsak off-ean eta mugimenduak zuzenean. Hortaz, dantzariez gain bertsolariak ere badira. Sustrai Colina bertsolari lapurtarrak rolean sartzen lagundu die: nola esertzen diren, nola erreakzionatzen duten, noiz dauden urduriago… Bakoitzak bere pertsonalitatea eratu behar dutela aholkatu die bestalde. Gotzon Pozaren ustean, hori izan da lanik zailena, baina, era berean, politena, bakoitzak bere bertsolari nortasuna sortzea.

Lanketa berezia izan da Aiert Beobide dantzari eta zuzendarirentzat, dantzatzen ari ez direnean ere eszenatokian daudelako, lehen ez bezala. Orain arte egin dituzten ikuskarietan osagarriek betetzen zituzten dantzak: objektuek, argiek, jantzi bereziek, makillajeak, musikak… “Estetikoki gutxiago” erakartzen badu ere, mezuari indar handiagoa ematea lortu dute:  “Berdin jantzita azaltzen gara triste eta alai gaudenean, garrantzia bikoitza eman behar diogu, beraz, esateari”.  Bi elementu bereziri dantza bana eskaintzen diete; aulkiei eta ur botilari. Antzerki eta imitazio horiek umorez zipriztindu dute publikoa, hasieran zaila iruditu arren. Aitortu dute, gainera, urduritasunaren aurreko tresnatzat erabili dituztela aipatutako elementuak.

Ezkutuan bizi izaten dituztenak ere azaldu dituzte, saio osteko parranda, adibidez. Horrela amaitzen dute ikuskaria, ospakizunarekin, hamaika modutara, dantzan.

Nahi den neurri eta doinuan

Sentimenduez mintzatzen dira, beraienak ere badituztela ahaztu gabe. Bakoitzaren erronka hori dela diote, edozein eszenatokitan “benetan” hunkituta sentitzea. Landutako gaietan pasio handiagoa jartzen dio norberak gertuago sentitzen duen horri. Egoerak baldintzatzen ditu, beraz, mugimenduak gehiago edo gutxiago sentitzera. Publikoak zeresan handia du, erreakzio bat bilatzen delako gehienetan.

Lekuaren eta unearen eraginaz gain, norberaren egunerokoak dantza aldatzera behartzen ditu batzuetan. Horregatik, askatasun osoa dauka norberak dantzari egin nahi dizkion aldaketak egiteko, beti ere taldean onartzen bada. Tristura, alaitasuna, itxaropena, eta ilusioa tarteko, amatasuna, krisia, topikoak, (in)justizia eta sexualitatea gaiak landu dituzte, besteak beste.

Dantzatzen dituzten bertsoen hitzak Sustrai Colinak jarri dizkie. Bestalde, Mikel Urdangarinen eta Katamaloren abestiak, Miren Amuriza eta Maddalen Arzallusen bertsoak eta beste ere jaso dute.

Euskal Herriko txoko guztietara heldu nahiko luke Haatik taldeak. Euskaraz ulertzen ez duen jendeak ere saioa ikusi duela kontatu du Beobidek, “eta kostatu bazaie ere, mezua ulertu eta gozatu dute”.


ASTEKARIA
2013ko irailaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude