Nagusitasun militarra, ekonomikoaren ate

Gerrarik ez! dio berriz ere mendebaldeko haizeak Barack Obamak Siriari eraso egingo diola iragarri duenean. Orduetako kontua edo egunetakoa izan daiteke, baina erasoa segurtatua dago, lehenago Afganistan, Irak edo Libian bezala. Gerrarik ez, aurretik bakea balego moduan, Siriako gerra zibilak –datu erabat argirik ez badago ere– dagoeneko 100.000 lagun irentsi ez balitu moduan. Gerrarik ez, baina han gerran dira aspaldi.

Nazio Batuen Erakundearen baimenik gabe ekingo zaio erasoari, Siriako agintariek arma kimikoak erabili izana zigortzeko. Baxar al-Assadek arma horiek erabili dituen ala ez –badira matxinoak izan direla dioen ahotsik– ez da garrantzitsuena gerra xake honetan; eta gainera, ez dirudi hark arazo handirik izango zukeenik hauek erabiltzeko, ez bere herritarren aurka, ezta ere, gerra orokortzen bada eta azken defentsa-erabaki larrian, beste estatu batzuen aurka, izan Turkia, Israel edo Saudi Arabia. Eta gerra barreiatzeko aukera egiazkoa da. Akaso hori bilatzen da, hurrengo urrats batean AEBen benetako helburuaren aurka egiteko: Iran. Inork ezin du jakin, hiruzpalau urtera zer gerta litekeen, baina Irak eta Libiaren petrolioa kontrolpean izanda, Iranekoaren kontrolak garrantzi berezia du AEBrentzat eta Mendebaldeko interes ekonomikoentzat. Siria kontrolatzea horretarako beste urrats bat da.

Oraindik ere Ekialde Erdiko petrolioa klabea da AEBrentzat epe motzean, eta ertainean ere hala izango da, eta beraz, eremu hori kontrolpean izatea lehentasunezkoa. Baina denak adierazten du epe ertain eta luzera, AEB Asiako ekialdera ari dela begira: India, Txina, Japonia, Asiako tigreak…

2011ko azaroan, “Iparramerikako mendea Itsas Barean” izeneko artikuluan, Hillary Clintonek argi azaltzen zuen haien begirada estrategikoa non zegoen, “eta orduan, AEBak jarduera horren erdigunean izango dira”. Ez Iraken, ez Afganistanen, Asiako ekialdean baizik. Eta Josep Fontanak El futuro es un país extraño liburuan azaltzen duenez, horrek esan nahi du AEBek utzi egingo dutela “terrorearen aurkako gerraren” aitzakia, eta berriz ere, konplexu barik helduko diola bere betiko politikari, nagusitasun politiko eta militarrari, ondoren nagusitasun ekonomikoa erdiesteko.

Fontanarena irakurketa bat da, zalantza barik, baina oso kualifikatua. Bide horretan, datozen urteetan behintzat AEBek eta beren aliatuek nagusitasun osoa behar dute Ekialde Hurbil eta Erdikoan. Siria ez dela Libia aipatu izan da, estatuak han beste batasun eta indar bat duela, baina bistan da AEBek eta beren aliatuek hala erabaki badute, Baxar al-Assaden erregimenak jai duela dagoeneko. Eta ondoren zer? Hori beste kontu bat da, baina Afganistan eta Irakeko ispiluetan, kaosa ikusten da Siriaren etorkizunerako. Itzela, baina hori da eszenatoki posibleenetakoa. Gaitza da irudikatzea Obamak erasoari ekitea eta ondoren, 1991n Bush aitak Iraken Sadam Husseinekin egin zuen bezala, Baxar al-Assad bere tronuan uztea.

Bestetik, badira arrazoiak pentsatzeko Siriakoak zerbait azkarra izan behar duela eta kaosa sortzen bada ere, amerikarrak ez direla lurreko inbasioetan sartuko, hori gehiago izango dela oposizio sakabanatuaren kontua. Gobernua baten edo bestearen esku egon, suniten eta xihiten beste gerra luze eta odoltsu bat irekitzear da begien aurrean. Eta zeintzuk dira arrazoiak? Batez ere ekonomikoak: Irakeko abenturak 4 bilioi dolarreko kostua ekarri die iparramerikarrei (Espainaren urteko BPGaren lau halako). Horrez gain, Iraketik atera dira baina 2014 abendura arte ez dira aterako Afganistandik.

Europan Erresuma Batua gerrari oztopoak jartzen ari da eta Frantzia AEBen eskutik txintxo-txintxo. AEBen aliatu historikoak ezetz esan dio oraingoz eta Europako aliatuen ardi beltz historikoa prest du berriz ekintzarako. Baina ez da harritzekoa, kontuan hartuz, Philippe Leymariek bere blogean (Défensa en ligne, les blogs de Diplo) dioen moduan, Frantzia urtero gerra batean sartu bada 2008tik gaurdaino: 2008an Txad, 2009an Afganistan, 2010ean Boli Kosta, 2011n Libia, 2012an Mali eta orain Siria. Atzerrira begira bederen, berdintsu Mitterrand, Chirac, Sarkozy edo Hollande.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude