Energia kontrolatzea bezain emankorra da ura eta elikagaien kontrola. Ederki daki hori Monsantok, eta etorkizuna prantatzen ari da. Erosi berria du munduko soldadu mertzenario enpresa handiena omen dena: Academi, lehen Xe eta Blackwater zena. Bestetik, transgeniko eta ongarri eta botika kimikoen negozioa txikitxo, nonbait, eta hazien jabegoa duten enpresak ere erosten ditu. Oraintxe eskuratua du AEBetako barazkien hazien merkatuko %40 duen Seminis. Elikadura burujabetzaren aldekoek aitaren batean ekin diote bere haziak ez erosteko kanpaina bati. Ehunka barazki aldaera artean bere jabegokoak dira orain Bilbo izeneko azenarioa eta Byscaine izeneko piperra (argazkikoa).