Euskalduna sortzez, frantsesa legez, europarra ametsez

  • 1986an, Argian egindako elkarrizketan hala aurkeztu zuen Josu Landak Haritschelhar: “Ipar Euskal Herriko aferetan sartuz gero, beti ateratzen da nondik edo handik Haritxelharren izena. Kultur munduan, batik bat, ezinbesteko erreferentzia da”. Baigorriko auzapez, Bordeleko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun, Baionako Euskal Museoko buru, eta 1989tik 2004ra euskaltzainburu. Baigorrin (Nafarroa Beherea) jaio zen 1923an eta 90 urterekin hil da irailaren 1ean.

1995ean, Mitterranden 14 urteko lehendakaritzaz gogoeta egiteko eskatu zion Jojo Bidartek:
1995ean, Mitterranden 14 urteko lehendakaritzaz gogoeta egiteko eskatu zion Jojo Bidartek: "Euskal departamenduaren aldeko elkartearen sortzailetarik nintzen eta ez diot sekula barkatuko Mitterrandi euskal departamenduaren proposamena ez atxikitzea".

Ondorengo lerrootan Argia astekarian Haritschelharri egindako hainbat elkarrizketetako pasarteak bildu ditugu.

Errialde, 1975-11-09

Errialdek galdetu dio ea nolako Ipar Euskal Herria nahi duen; eder, baina lanik gabe, ala industriaren ke piska batekin: “Keak bizia salatzen du ez baita kerik supazterrik gabe. Berdintsu da industriarentzat. Ke piska batek bizia eman lezaguke. Bada ere industri garbia eta lantegi garbi horien behar gorria badugu Ipar Euskal Herrian, egon daitezen gure gazteak bereziki mendi aldeko herrietan”.

Josu Landa, 1986-10-19

“Bretoinekin ez daukan beldurra dauka [Frantziako Gobernuak] euskaldunei buruz, bai, eta bereziki Euskadiko komunitate autonomoarekiko, Hegoaldearekiko.

Eman dezagun errefuxiatuen gaia dela, arrantzarena... eta hor agertzen da. Orokorki hartuta, Espainia eta Frantziaren arteko borrokak euskaldunen bitartez izan dira; eta nik uste frantses gobernuak ez duela besterik ikusten. Horretan ostrukaren politika egiten ari direla”.

Joxan Oiz, 1989-01-08

Kazetariak galdetu dio ea norekin kokatuko lukeen bere burua politikan: EMArekin, EBrekin, EArekin, ‘Ager’ ingurukoekin... “Ez batekin ez bertzekin, ni beti independiente izana naiz, nire libertatea nahi dut atxiki bai baitakit alderdi batean sartzen zarelarik galtzen duzula zure libertatea.

Igual zait zer pentsatzen duten bertzeek, nik nere bidea eta nere lana jarraitzen dut; eta pentsatzen dut lan horretan zerbait egin dudala. Uste dut ere bai, hor badagoela bereziki hor horrelako eten bat: edo abertzale edo espainolista, hori egia ote da beti? nabardura pixka bat behar da. Hori da alderdikari izaitea, eta neri alderdikari izaitea ez zait gustatzen”.

Batuaren eta euskalkien arteko tenkaz itauna eginda: “Nik ez dut uste horrelako borrokarik dagoenik, batzuk sortzen dutela uste dut. Nik ez nezake enplea euskera batua, nik enplea nezake euskara baturantz euskera batua ez baita oraindik egina, proposamen batzu dira. Sekulan Euskaltzaindiak ez ditu arbuiatu euskalkiak, hortaz oinarritzen da, eta batzuk erraiten baldin badute, eta erran dute, Euskaltzaindia euskalkien kontra zela: nik diot gezurra diotela. Hor ikusi behar da norentzat idazten dugun: nahi baldin badugu osoki irakurtuak izan, orduan baturantz, beti emeki-emeki. Zeren eta, orostean esaten nuena da hizkuntza batekin ez dela jostatzen eta bakoitzak badu bere egite hori bere euskalkian, euskaldunduaz eta irakurriz. Hor ikusi behar dena da harremanetan sartu behar dela beti, elkar ulertzeko biziki untsa. Frankofonia onartzen baldin bada, zergatik ez dugu euskorotonia onartzen?. Euskara hizkuntza bat da, baina euskalki horiek badakigu ez direla hizkuntzak”.

Elebitasunari eta elebakartasunari buruzko gogoeta: “Behin elebitasunari buruzko mintzaldi batetan hauxe bota nuen: Oraiko egunean oso pobre eta erromes da hizkuntza bat bakarrik menderatzen duen gizona edo emaztea. Elebitasuna beharrezkoa da. Nik Euskalerrian pentsatzen dut 3 hizkuntzen jabe izan behar dugula, eta horretan lehena euskara, gero bigarrena, adosean usten ditut, espainola edo frantsesa. Neronek ezagutzen ditut hirurak, eta maite dut espainola (Cervantes, Lope, ...), eta maite dut frantsesa (Moliére, Comeille, ...). Euskaldundu behar dira Euskalerrian bizi diren guztiak. Utopia? beharbada, baina emeki-emeki... Proposatzen dut elebitasuna, ez diglosia. Euskarari norberak eman behar dio bultzada bat, beharrezkoa baita, legea ez da aski, erran nahi baita, lege hori behar dela bete. Nola bete? ba euskaldunek lehendabizi beteaz. Denda batekoak ez baldin badaki euskaraz? beno, baina administrazioaren aurrean: ‘es que no sé’ bat jaso, orduan ‘ekarri dakien bat’ eskatu. Hori egun guzietako lana”.

Jojo Bidart, 1995-IV-30

Herria astekarian Gexan Pontto ezizenez idazten segituko duen galdetuta: “Dudarik gabe. ‘Herria’ kazetan segitzen dut, umorea baliatuz eta ondoko lelo hau gogotan atxikiz: ‘Ankrea dut beltza, baina ez dut nehor beltzatzen; luma dut xorrotxa, baina ez dut nehor zauritzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jean Haritschelhar
2013-09-02 | ARGIA
Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren aldeko hileta asteazkenean Baigorrin

Jean Haritschelhar idazle, politikari eta euskaltzainburu ohia (Baigorri, 1923) hil da Miarritzeko erietxean, 90 urte zituela. Hil kapera Baionako beilatokian jarri dute, eta hileta asteazkenean egingo da Baigorrin.


2013-09-02 | ARGIA
Jean Haritschelharren heriotzak sortutako erreakzioak

Hainbat erreakzio izaten ari da Jean Haritschelhar baigorriarraren heriotza. Euskararen eta euskal kutluraren inguruko pertsonen eta politikarien hitzak zabaltzen ari dira.


Eguneraketa berriak daude