argia.eus
INPRIMATU
Erlezainarena

Edu Zelaieta Anta 2013ko irailaren 05

Hitz hauekin hasi du haren jarduna erlezainak bospasei familiaren aurrean: “Ni ez naiz gida bat, bertako erlezaina baizik. Hortaz, galderarik egin nahi izanez gero, erlezain bati galdetzen zaion bezala egin, eta ez gida bati bezala. Haserretuko naiz bestela”. Gero, sagar bat horizontalki erdibitu eta sagar orok barrenean gordetzen duten sekretuaren berri eman die bisitariei: barreneko izarra. “Izar honek agerian jartzen du sagarra lore izana dela behinola. Eta, lorea sagar bihurtzeko, erleek ezinbestekoa den lana egiten dute: polena loretik lorera eraman, bizi-hautsa garraiatu”.

“Nahi gabe betetzen dute funtzio hori, ordea”, etorri zaizu gogora. Izan ere, nektarra da erleek loreetan zinez bilatzen duten altxorra, erlezainak azaldu duen eran.

Polinizazioa bidenabarreko gertatzen omen da, erleei hankatxoetan itsatsia gelditzen zaien polenari esker. “Nahi gabe” pentsatu duzu berriz. “Istripuz”.

Hasi berria da bisita gidatua. Zure ingurura begiratu duzu orduan: “Zenbat gara hemen nektarraren bila joan eta polena istripuz garraiatu dutenak?”.