Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalari begira urrats kualitatiboak egin dira 2012ko hasieratik hona, fase honen lorpenak lekuko. Landutako lurralde kolektibitatearen proiektua bera, Ipar Euskal Herriak dituen behar instituzionalak, zor zion ezagupen politikoa eta frantses legediak gaur egun permititzen duenaren arteko sintesi egiten duena. Proiektu horren aldeko adostasun zabala, bai korronte politikoen aldetik, baita eragile sozialen artean ere. Proiektu horren zabaltzeko eta defenditzeko eragile guztiek osatu duten aurrekaririk gabeko koordinaketa. Hots, instituzioaren aldeko borrokak irabazi duen legitimitatea eta sekulan lortu ez zuen indar harremana, instituzio aldarrikapena hipotesia egingarria eta erreala bihurtu duena. Hala ere, ez da nahikoa izan, momentuz bederen, aldaketa eragiteko, ezagupen instituzionalari bidea irekitzeko. Hori guztiaren isla izan dugu ekaina/uztailean Frantziako Senatuan nahiz Legebiltzarrean Iparraldeari buruz izandako emendakinen dantza, Marylise Lebranchu ministroaren hitz hartzeak eta jakobinoen oldartzea.
Pasa den uztailaren 13ko biltzar nagusian Batera plataformak estrategiari buruzko eztabaida ireki du eta sartze honetan norabideak finkatu beharko ditu. Mobilizazio dinamikan etenaldia izanen dela pentsa daiteke, heldu den martxoan herri hauteskundeak izanen baitira. Aldiz, gaia mahai gainean egonen dela dudarik ez da. Alabaina, lurralde ezagupen eta antolamenduarekin zerikusi zuzena duten eztabaidak karrika iskinean ditugu. Herri elkargoen berrantolaketa dugu horietako bat, barnealdean bereziki gori-gorian dena, egun dauden Baxenabarreko hiru elkargoekin (Amikuze, Iholdi-Oztibarre, Garazi-Baigorri) bat ala bi egitea trenkatu beharra baita. Bestalde, departamenduaren hautesbarrutiak diren kantonamenduen mapa goitik behera moldatuko da 2014an, horien kopurua bitan zatituz. Aldaketa eta bateratze horiek indar politikoen arteko orekak aldatzeaz gain, herritarrak ere hunkituko ditu. Beste maila batean 2013rekin Lurralde plan kontratua amaituko da (horren bitartez Ipar Euskal Herriko atal desberdinetako garapen proiektuak Estatuak, Akitaniak eta Departamenduak laguntzen dituzte 6-7 urtez). Normalean 2014/2020ko kontratu berria osatu eta negoziatzekoa da urtea amaitu gabe, baina auzi instituzionala paralizatua izanez gero, nola gertatuko den ez da batere argi. Azkenik, Gobernuaren deszentralizazio lege proiektuaren beste bi atalak eztabaidatuko dira ondoko hilabeteetan, Ipar Euskal Herriaren lekua berriz ere aipagai bihurtuz. Ageri denez, azken hilabeteetako intentsitate handiko faseak gorabehera berriak ezagutuko ditu luze gabe. Geroak erranen.