AHTren biktimak

Tamalez, inposatu diguten Abiadura Handiko Trenaren makroproiektua kalte ekologiko, ekonomiko eta politikoaz gain, giza biktima ugari eragiten ari da. Egunotan bi gertakarik berriz mahairatu dute proiektu faraoniko eta antisozialaren zentzugabekeria: Bergarako obretan lanean ari zen pertsona baten heriotza eta proiektu honen kontra egin diren mobilizazioak. Jadanik zazpi dira 2008tik obra horietan lan istripuen ondorioz hil diren langileak. Immigranteak eta azpikontratatuak, giza biktimak dira, prekarietatearen biktima eta baita proiektu horren arduradun diren erakunde publikoek (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Espainiako eta Frantziako gobernuak) onartu behar ez lituzketen lan baldintza kaskarregien biktima ere.

AHTk beste biktima batzuk ere baditu. Euren ingurua eta bizilekua nola galdu den ikusi duten familiak –etxeak eta lurrak barne–; halako galera konponezina ordain merke eta lotsagarrien truke izan da gainera. Ingurune naturala deuseztatu dieten herriak ere biktima dira. Dirurik ez dagoela eta, eskubide sozial eta laboralak murriztu dizkieten eta ongizatea suntsitu dieten langile eta herritarrak ere bai. Izan ere, dirurik ez dago, baina milioika euro xahutzen dira Lemoiz berri bat izatera kondenaturik dagoen obra bat egiteko. Lakuako gobernuak presa dauka trenbidea eraikitzeko, baina horretarako 1.400 milioi euroko zorra egin du Europako Inbertsio Bankuarekin. Azken batean, euskal herritarrak biktimak dira, ez baitzaie sekula galdetu obra faraoniko hau aurrera ateratzea nahi ote duten.

Orain zaila da biktima horiei egindako kaltea konpontzea. Hasteko, obren luzamendua iragarri dezatela, eta hurrengo pausoa izan daiteke geltokirik ez duen trena betiko geraraztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude