argia.eus
INPRIMATU
Motzean esana

Kattalin Miner @MKattalin 2013ko abuztuaren 29a

Lagun filosofo batek azaldu zidan behin, egia bat, are eta egiago dela, are eta motzago esan daitekeenean. Are eta hitz gutxiago behar duzunean hura azaltzeko, hura egiago dela. Niri ordea, argudiatzea gustatzen zait, eta hori omen nire akatsa. Egia are egiago baita are eta argudio gutxiago eskatzen dituenean ere.

Niri baina, egia ezer gutxi interesatzen zait. Argudioa jolasa dela iruditzen zait, eta subjektibitatea nire bandera; akaso. Hala ere, saiatu saiatzen naiz aurrean dudana, nire argudioez blaitzen, nolabait, amaieran egia bateratua eraiki dezagun, edo, esan dezagun egia, nirea sinetsi dezan.

Erronka ederra dut aurretik bada, nirea kontatu eta sinestaraztea, gero eta karaktere gutxiagoan; motzean esana, hain zuzen. Eta larritzen hasi naiz –eta hasi behar zenukete–, pentsatuz, nireak diren subjektibitate horiek guztiak, orain gero eta motzago azaltzeko kapaz izango banaiz, agian are egiago bilakatzen hasiko direla. Eta hori bera arriskutsua izan daiteke; egi-egitan esaten dizuet.