Barnetegia urte osoan zabalik

  • Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea Ixabel eleberriko Juan Martinen moduan, badira uda euskaraz ikasteko edo urtean zehar ikasitakoa hobetzeko baliatzen dutenak. Gaur egun, ordea, ikasteko ohikoagoak dira barnetegiak baserriak baino, eta hauetako batzuen lana, Maizpiderena adibidez, ez da udan amaitzen.
     

Irratian eguneko albistegia entzun eta ikaskideei albisteak azaltzen. Ezkerretik eskuinera: Javi Ruiz, Gaizka Garcia, Ana Mejino, Eva Calvo, Mikel Lasa irakaslea eta Patxi Barrena.
Irratian eguneko albistegia entzun eta ikaskideei albisteak azaltzen. Ezkerretik eskuinera: Javi Ruiz, Gaizka Garcia, Ana Mejino, Eva Calvo, Mikel Lasa irakaslea eta Patxi Barrena.Iure Eizagirre.

Irailean ere martxan egongo dira udako ikastaroak Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegian. Eta udan zein ikasturtean zehar bertaratzen direnen asmoa euskara ongi ikastea den arren, urria arte ez du ohiko erritmoa berreskuratuko euskaltegiak. Irailean ere, beraz, ikastaroak 12 egunekoak izango dira eta ohiko kurtsoetan baino pare bat ordu gehiago egingo dituzte egunero, klaseak tailerrekin eta irteerekin uztartuta.

Aurten 39. edizioa dute Maizpideko udako ikastaroek eta jendeak atseginez igarotzen ditu egunak Lazkaon. Idazkaritzan ikusi dugu horren adibidea: bi gizon hurbildu dira izena ematera. Paperak eman ondoren, arropa erosoa eramateko aholkatu die idazkariak eta haietako batek erantzun dio, baietz, badakiela, iaz ere egon zela barnetegian hilabetez. Aurten lagun batekin itzuli da.

Urte guztiko eskaintza

Euskara ez da hilabete gutxi batzuetako kontua eta ongi dakite hori Maizpiden. Horregatik, Euskal Herrian urte guztian zabalik dagoen barnetegi apurretakoa da.

Aita Beneditarrek euskalduntze eta alfabetatze lanak lehenago hasi bazituzten ere, Lazkaon, 1982an ekin zioten urte guztiko ikastaroak emateari. Fraideen monasterioan lo egin, herriko lokal batean klaseak eman eta Lazkaoko beste mutur batean jaten zuten orduan. 1988an zabaldu zuten egungo eraikina, lehen zuzendari izango zen Dionisio Amundarain beneditarra bultzatzaile nagusi zela.

Ordutik 25 urte igaro dira eta denbora horretan jende ugari pasa da, sorreran parean zuen Maizpi baserritik izena hartu zuen barnetegitik. Horietako asko ekainean batu ziren garai zaharrak gogoratzera.

Batzuk denboraldi luzeak egindakoak dira Maizpiden, beste batzuk, aldiz, hilabete gutxi batzuk. Izan ere, Lazkaoko barnetegian ikastaroak hilabetekoak dira eta ikasleak egokien datorkienean has daitezke, urrian zein martxoan, urtarrilean nahiz ekainean. Gainera, bertan lo egin edo klaseetara bakarrik joan daitezke. Jon Urdangarin egungo Maizpideko zuzendariak azaldu duenez, azken urteetan jende gutxiago geratzen da lotan eta gehiago dira klaseetara baino ez doazenak: “Barnetegiak galdu egiten du, izan ere, barnetegia euskararen arnasgunea da, ikasleen arteko harremanak euskaraz direlako, eta klasez kanpo modu naturalean euskaraz ikasteko plus hori galdu egiten da”.

Giro euskalduna

Gune euskaldun horren bila doaz ikasleak Maizpidera. Gaizka Garcia gasteiztarra da eta zortzi hilabete egin zituen Lazkaon joan den ikasturtean: “Gasteizen, euskaltegian klasea amaitutakoan gaztelaniaz hitz egiten duzu eta ez duzu ia aukerarik euskaraz mintzatzeko”. Javi Ruiz izan zuen ikaskide hiru hilabetez eta euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu du: “Euskaltegietan zaila da ahozkotasunean aurreratzea eta aurrerapen hori barnetegian asko nabaritzen da”. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da ikasleen ahalegina. Patxi Barrena Aiarako (Araba) herri batekoa da eta han ia inork ez omen du euskaraz egiten. Euskaltegian izena ematera joanda, egokitzen zitzaion talderik topatu ez eta Maizpiden eman zuen izena. Berak aitortzen duenez, barnetegiko kideek beti egiten dute euskaraz, “gaizki bada ere”.

Maizpidek hasieratik eman dio garrantzia ingurune euskalduna izateari: kafetegia barnetegi barruan jartzea izan zen hasierako eztabaidetako bat eta Dionisio Amundarainek hala bultzatuta, ez zen kafetegirik jarri, horrela ikasleak lazkaotarrekin harremanetan egongo zirelako. Euskaraz, noski.

Telebista-gelako kateekin ere zalantzak izan ziren hasieran. Egun, euskarazkoak baino ez dituzte jartzen eta beste kateren bateko saioak, futbol partidak adibidez, soinurik gabe ikusi izan dituzte. “Nik gogoratzen dudala, Irailaren 11ko atentatuak bakarrik ikusi dira hemen gaztelaniaz”, dio Urdangarin zuzendariak. Zineman ere euskarazko filmak besterik ez dituzte ematen.

Euskara irakasteaz gain, euskal kulturan murgiltzea ere badenez Maizpideren helburua, hilero bertso-afariak, tertuliak, pintura, txalaparta, euskal musika eta dantza ikastaroak, eta Goierriko Goimen baserri eskolara irteerak egiten dituzte.

Presazko ikasleak

Orotarikoak dira Maizpidetik pasatzen diren ikasleak eta Urdangarinek “presazko ikasleak” izan ditu gogoan: “Batzuek kurtso osoa egiten dute hemen, normalean oposaketaren baterako behar dutelako datoz euskara ikastera”. Egunero euskaltegian baino ordu gehiago egiteak laguntzen die helburua lortzen.

Garcia eta Ruiz, adibidez, lanak bultzatu zituen euskara ikastera. Lehena langabezian geratu zen gero, eta euskara ikasteko baliatu du denbora. Ruizek, berriz, bigarren hizkuntza eskakizuna behar du eta horregatik izango ez balitz akaso ez zatekeela euskara ikasten hasiko aitor du. Barrenak datorren urtean oposaketetan puntuak eskuratzeko lagungarri izango zaiola uste du, baina bestelako arrazoiak ere baditu euskara ikasteko: gurasoak euskaldun zaharrak ditu baina Francoren garaiko errepresioagatik eta probetxugarri izango ez zelakoan ez zioten euskara transmititu semeari. Barrena lanik gabe dago orain, eta hizkuntza berreskuratzea erabaki du.

Beste zenbaitetan lana bigarren mailako arrazoia da. Ana Mejinok hainbat hilabete egin ditu Maizpiden ikasturte ezberdinetan eta euskaraz ondo hitz egitea du helburu, “eta agian lan bat lortzea”. Eva Calvok ere bigarren hizkuntza eskakizuna behar du baina argi du hor ez dela amaituko bere ikasketa prozesua: “Bigarren eskakizuna edukita, gauza asko dakizkizu, baina ezin duzu erabili, ez dakizulako ondo erabiltzen. Jarraitu nahi dut gero kalean besteekin erabiltzeko”.

Arrazoiak arrazoi, denetariko ikasleak batzen ditu euskarak Maizpiden: hiru hilabetean ia ezer ez jakitetik ia dena ulertzera pasa den Lutxo fraide kaputxino italiarra, Bastidako irakaslea, Galiziatik irakasle postua erreserbatuta dakarren baina klaseak emateko euskara ezinbesteko duen gaztea, urtean zehar internetez euskarazko klaseak jaso dituen diasporako kidea edo artzain ebanjelista argentinarra.

Lazkao bidelagun

Urteotan lazkaotarrak izan ditu bidelagun Maizpidek eta ikasleek ere nabari dute. Barnetegira heltzen diren lehen egunetatik euskaraz egiten dituzte herrian ohiko jarduerak. “Hemen lotsarik gabe egiten dugu euskaraz, nik hasieran oso hiztegi eskasa nuen eta beti euskaraz egiten nuen”, dio Barrenak. “Laguntza handia ematen digute, asko errazten digute eta batzuetan zuzendu egiten gaituzte, pazientzia handia dute”, gaineratu du Ruizek. Barnetegia aspalditik dago herrian eta tradizio hori izateak herria ohitzea eragin du, iritzi dio irakasleak eta “herria ondoan daukagu” dio.

Horren erakusle Maizpideren eskaintzetako bat: herriko familia euskaldunen etxeetan lo egitea. Ikasleek eguna barnetegian pasatzen dute baina afaldu, lo egin eta gosaltzera familiaren etxera joaten dira. “Hasieran ez zeuden familia asko eta duela bi ikasturte eskari handia izan eta familiak aurkitu ezinik ibili ginen. Azken ikasturtean, berriz, familiak soberan izan ditugu”, adierazi du Urdangarinek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude