argia.eus
INPRIMATU
Kale buelta

Jose Ignazio Ansorena 2013ko abuztuaren 29a

Berria egunkarian abuztu erdian irakurria: “Kale bueltarik gabeko salbea gaur Azkoitian”. Ez zuen adierazi nahi, krisia zela eta, Salbearen ondoren, azkoitiar kristauak baxoerdiak hartzera aterako ez zirenik, baizik eta antzinatik eta urtero Andra Mariren egunean, Udaletxetik elizara bidean Korporazioak burutzen zuen ibilaldi solemnea bertan behera geratuko zela aurten.

Barruko artikuluaren titulua: Tradizioaren korapiloa askatzen. Eta jarraian alderdi guztien iritziak ia ezinbestez tradizio hori erlijioarekin lotzen. Ez da horrela baina. Tradizioan Udal Batzak erabakitzen duenean norabait Korporazio gisan joatea segizio errituala eratu ohi du. Gutxienez XVIII. mendetik datorren eredua honelakoxea izan da: aurretik txistulari taldea eta klarinak Alkate soinua jotzen, udaltzainak eta mazolariak (denak galaz jantzita); atzean zinegotzi gazteena Udalaren ikurrina eskuetan duela, eta honi jarraiki bi errenketan beste zinegotzi guztiak. Azkenean, alkateordeak alboetan, Alkatea zumezko uztaia edo aginte makila eskuan duela.

Segizio hauek tankera askotako ospakizunetan egin ohi dira. Biltzar Nagusiak herri batean elkartzean, esaterako. Gogoangarri batzuk: 1918an, Oñatin Eusko Ikaskuntzak eratutako I. Nazioarteko Kongresuan edo 1931ko ekainaren 14an Lizarran, “Estatuto Vasco-Navarro” deitu zena onartzeko antolatu zen Batzarrean ere horrela agertu ziren Udal ordezkari asko. Franco hil berritan, Gasteizen Autonomia Estatutua eskatzeko egin zen Udalen bilkura eta manifestaziora horrelaxe azaldu ziren gehienak. Baita ekitaldi zibil, politiko edo erlijiosoetarako gonbidapena Udal Batzak onartu duenean ere.

Alegia, agerpen erritual hauek “zibil eta laikoak dira”. Kontu desberdina da zertara edo nora joateko eratzen diren. Elizara joateko Udal Batzak ez badu nahi, ongi dago –laikotasun kontua baino areago kortesiazkoa dela uste badut ere– baina bila ditzala bestelako aukerak herritarren aurrean azaltzeko agintaritza ikurrekin. Oso interesgarria delako jendearen aurrean agintariak agertzea eta herriaren begiradari eutsi behar izatea. Kontrol eta partizipazio moduak dira. Antropologoek garbiro azaldu dute honen balio sinbolikoa: agintariei gogoraztea –sentiaraztea– herritarrengandik datorkiela duten boterea. Boterea bakarrik ez, itzala behar dutela, benetako autoritatea. Ez direla kudeatzaile hutsak, zerbait gehiago baizik, ordezkatze eginkizuna dutelako. Ez direla soilik euren ideiak defendatzeko aukeratuak izan, dimentsio publikoa baitu euren postuak. Herritarrei ere, esandakoaz gainera, aukeratu dituztenak “bere” eta “hurbileko” sentitu arazten die, pertsona talde hori bizi den kulturan ongi integratua dagoen kode estetikoa erabiliz.

Gai sakona da eta planteamendu osoagoa merezi du. Sentsibilitate ekologikoa dutenek kontuan hartu behar dute kultur ekarpenetan Tximeleta efektua ere gerta daitekeela. “Kendu eta ez jarri, gure poltsa c´est fini”. Garbi gera bedi, gutxienez, ez garela kale buelta bati buruz ari. Tradizioaren korapiloa askatzeko fundamentua behar da.