Norberaren gaitza, norberaren esku

  • Donostia Ospitaleak gaixo kronikoenganako bi helburu ditu: bata, haien bizi kalitatea hobetzea, eta bestea, osasun sisteman gaixook ahalik eta eragin gutxien izatea. Horretarako kronikoei euren gaitza ezagutzen irakasten diete, baita osasun langile talde erreferentziala eskaini ere.

Joan Migel Landa gaixo kronikoa, Arantza alabarekin. Aita-alabak oso pozik daude ospitaleko egitasmoarekin. Gaixotasunaz asko ikasi du Joan Migelek eta orain badaki sintomak noiz diren abisu ematekoak eta noiz ez.
Joan Migel Landa gaixo kronikoa, Arantza alabarekin. Aita-alabak oso pozik daude ospitaleko egitasmoarekin. Gaixotasunaz asko ikasi du Joan Migelek eta orain badaki sintomak noiz diren abisu ematekoak eta noiz ez.Dani Blanco

Donostia Ospitalean, 2003-2004 urteetan,  konturatu ziren gaixo multzo bat behin eta berriro joaten zela ospitalera. Gaixo horiek 23.000 egun igaro zituzten ospitaleko oheetan. Azterketa egin zuen ospitaleko langile taldeari galdera asko zetozkion burura: nortzuk dira ospitalera datozen gaixo horiek? Aurreikusi al dezakegu zein etorriko diren berriz? Zer egin dezakegu etor ez daitezen? Jose Artetxe medikua Hauskorren Unitateko arduraduna da eta Frogetan Oinarritutako Medikuntzaren bidez egindako lanean buru-belarri dabil: “Kontua ez da gaixoak ospitalera ez etortzea. Gauza da gaixoen arazoez arduratzea, eta ospitaleak berak dituen egiturazko gabeziak kontuan hartzea”.

Behin eta berriz ospitalera zihoazen gaixo gehienek bihotzeko eta arnas aparatuko gaitzak zituztela konturatu ziren. Pazienteak ez zeuden batere pozik artatzeko moduarekin, batetik bestera eramaten den fardel sentitzen ziren. Ospitalera larri joanda ez zekiten zein medikuk artatuko zituen, batzuetan ordura arteko medikazioa aldatzen zieten –botiken izena baino aldatuko ez bazen ere–.

Nazioarteko literatura zientifikoa begiratu eta gero, 2005ean, programa abian jarri zuten. Gaixo kronikoak ospitalean beti mediku bera izango zuen; hari deitzeko, idazteko, eta aurrez aurreko kontsultak egiteko. Erizainak etxera deituko zion eta hainbat galdera egingo zizkion gaitzaren jarraipena egiteko. Ondoezik sentitu eta ospitalera joateko premia izanez gero, larrialdietatik pasa gabe, bere medikuak artatuko luke. Txarrenean, alegia larrialdietara joko balu gaixoak, ordenadorean oharra agertuko litzateke: urlia gaixo kronikoa da eta halako du mediku. Ez lukete ospitaleko edozein geletara igoko, bere medikuak lan egiten duen korridorera baizik.

Irizpide orokor horiek jarraitzeaz gain, gaixoek poltsikoko ordenadorea zeukaten datuak sartu eta ospitalera bidaltzeko. Zenbaitek larrialdietako 112 zenbakira deitzeko botoia ere bazuen. Aldea segituan nabaritu zuten Donostia Ospitalean: larrialdietako gaixo kronikoen bisitak %80 jaitsi ziren eta ospitaleratze egunak beste hainbeste. 2005etik gaur arte hainbat proba eta aldaketa egin dituzte. Poltsikoko ordenadorea kendu eta internet bidezko harremana bultzatu dute. Modu horretara ere, emaitzak esanguratsuak izan dira: larrialdietako bisitak %70 jaitsi dira eta ospitaleratze egunak beste hainbeste.


Joan Migel Landak urtebete darama ospitaleratu gabe

Joan Migel Landak 83 urte ditu, 84 egiteko. Donostiako Alde Zaharrekoa da, Benta Berri auzoan bizi bada ere. Eguraldi ona bada goiz eta arratsalde ateratzen da etxetik, ez zaio gustatzen lau hormen artean egotea. Pare bat txakolin eta pintxoak ia eguneroko gutizi ditu. Bakarrik bizi da hala nahi duelako, nahiz eta seme-alabak oso gertu dituen.

Landari bihotza ezinean dabilkio eta biriketako gaixotasun kronikoa dauka. Duela bost bat urte, udaldian hiru aldiz eraman behar izan zuten ospitalera. Kilo asko galdu zituen garai hartan eta ospitaleratze bakoitzean egoera fisiko orokorrak behera egin zuen. Jose Artetxe medikuaren taldearekin egin zuen topo ezustean. Ordurako abian zen gaixo kronikoentzako programa. Handik aurrera gaixoaren eta osasun zerbitzuaren arteko harremana bestelakoa izango zen. Osasun langile talde zehatza izango zuen Landak. Jose Artetxe medikuaren telefonoa, eta hura lanean ez zenean artatuko zuen medikuaren izen-abizenak eta telefonoa izango zituen. Hilero hasi zen joaten Donostia Ospitalera, Artetxerengana, ohiko azterketa egitera. Hamabostean behin Isabel Huerta erizainak etxera deituko zion haren egoeraz galdezka.

Bidea urratuta zutela Artetxek Joan Migelen alaba Arantzari (erizaina bera) galdera egin zion: zure aita poltsikoko ordenadorea erabiltzeko gai izango al litzateke? Alabak zalantza asko zituen: “Aitak 70 urtetik gora ditu eta orain horrelako tramankulu batekin hasi behar al du? Idatziz jarri beharko diot: ‘Orain botoi hau sakatu, gero beste hau...’, eta astero anai-arrebok txandakatu beharko gara datuak sartzeko”. Poltsikoko ordenadorea erabiltzen hasi eta hamabost bat egunera aitak errieta egin zion alabari: “Baina zer uste duzu, inozoa naizela? Uste duzu ez naizela gai izango aparatu honekin moldatzeko? Utzi bakean!”.

18 hilabetez, probak iraun zuen denboran, poltsikoko ordenadorea, tentsioa hartzeko aparatua eta pulsiometroa erabili zituen Landak. Azken bien datuak zuzenean sartzen zitzaizkion ordenadore txikian. Bestelako informazioa, hala nola, bihotz taupaden maiztasuna eta oxigeno saturazioa, arkatz digitala erabiliz sartzen zituen poltsikoko ordenadorean.

83 urteko donostiarrarentzat ordenadore txiki hark abantailak baino ez zituen. Orduz geroztik ere, ospitalera jo behar izan du, baina ez hasiera hartan bezainbat. Larrialdietara egoera hobean iritsi izan da, ospitaleko ohean gau gutxiago egin behar izan ditu, eta azkarrago etorri da bere onera etxera joandakoan. Arantza Landa alabak, erizaina izaki, ederki antzeman du aldaketa: “Aitak sintomak antzematen ikasi du, badaki zer esan nahi duen orkatilak puztuta edukitzeak, badaki zer den arnasestua, eta badaki zein sintoma diren larriak eta noiz eman behar duen abisua. Lehen gaizki sentitu arren ezer esan gabe eutsi egiten zion, eta orain halako edo bestelako sintoma larriren bat duenean senideoi deitzen digu edo botoia sakatzen du 112koek erantzun diezaioten”.

Internetera jauzia

Bikain moldatu zen Landa poltsikoko ordenadorearekin, baina eraginkortasunaren eta gastu ekonomikoaren parametroak aintzat hartuta proba bertan behera geratu zen. Hurrengo erronka gaixoaren eta ospitalearen arteko harremanean internet erabiltzea izan zen. Landa ez zen ausartu jauzi hori ematera eta nahiz eta autonomia galdu, alaba hasi zen internet erabiltzen. Egunean zehar ez badio deitzen, alabak badaki aita ondo dagoela, eta beraz, gauean ospitaleak atondutako webgunean galdetegia ohiz kanpoko ezer gabe betetzen du: orkatilak ez daude puztuta, bihotz taupadak hainbeste... Aldiz, aitak sukarra badu alabak galdetegian “Sukarrik baduzu?” galderari baietz erantzungo dio. Ondorioa berehalakoa da, oharra segituan aterako da: “Parazetamola hartzen hasi zortzi orduro”. Goizetan medikuak gaixo kronikoen galdetegiak berrikusten ditu eta automatismoak emandako erantzuna aldatu edo egokitu nahi badu hala egiten du. Kateak gero eta hobeto egiten du lan: aitak sintomak segituan antzematen ditu; alabari abisua ematen dio; honek ordenadorean sartzen du; aparatuak zein botika hartu esaten dio; medikuak prozesu hori gainbegiratzen du. Arantzak aitortu du azkenerako sintoma bakoitzaren aurrean badakiela zer erantzungo dion ordenadoreak eta sarritan ez direla aparatuaren zain egoten botikak hartzeko. Artetxe medikuak baieztatu digu gaixo gehiagok ere ikasi dutela sintomak antzemanda dagozkien botikak hartzen. Arantzak argi dauka  aitaren bizi kalitatea hobea izan dela azken urteotan: “Sintomak antzeman eta erremedioa azkar emanez gero gutxiago desorekatzen da aita, errazago errekuperatzen da. Bost urteko epeaz ari gara eta azkeneko urte honetan ez du ospitaleratzerik behar izan. Ni lasai nago interneti eta telealarmari [112ra bideratzen duen botoitxoa] esker”.

Botika asko hartzen duen galdetu diogu Landari, eta alkandorako poltsikotik plastikoan bildutako txarteltxoa atera digu. Hamarretik gora sendagai hartzen ditu, buruz dakizki izenak eta bakoitza zertarako den. Beti darama zerrendatxoa soinean. Oso gustura dago ospitaleko lantaldearekin eta lan egiteko moduarekin: “Orain askoz hobeto nabil. Lehen edozein mediku egokitzen zitzaidan eta orain beti Artetxe. Berak badaki zein naizen eta zer daukadan”. Medikua eta lantaldea erreferentzia bihurtzen dira gaixoarentzat eta konfiantza errazago sendotzen da.

Juan Ramón Caminoren bisitak

Juan Ramón Camino Txopitea errenteriarrari (Gipuzkoa) medikuak esan zion hanka bat beste munduan zuela egon zela. Urtebetez gorriak pasa eta gero perikarditisa diagnostikatu zioten, alegia, bihotza eta odol-hodi handiak biltzen dituen mintza puztuta zeukan. Duela urtebete esan zioten hori eta iazko uztailaren 31n ebakuntza egin zioten mintza kentzeko. Gaixo kronikoa da Camino eta azken urte honetan mediku bera du, Xabier Goikoetxea. Donostia Ospitalean bisita datak ezarrita dauzka eta hamabostean behin Huerta erizainak deitzen dio. Ospitalerako bidaia, artatzen duen osasun langile taldea agurtzeko baliatzen du, talde osoak ezagutzen du Camino errenteriarra. Ez du, Landak bezala, ordenadore bidezko komunikaziorik eta nola moldatzen den galdetu diogu: “Badakit nora deitu, Huerta erizainaren eta medikuaren telefonoa dauzkat. Zerbait igartzen badut deitu egiten dut. Ez dut zaharrek bezala egiten, haiek inor ez kezkatzeagatik ez dute deitzen. Berandu baino lehen deitzea da kontua, ez dezatela medikuek gaixoa muga pasata aurkitu”. Eta nola daki Caminok noiz duen deitzeko beharra? “Bi urte hauetan asko ikasi dut, badakit noiz deitu: hankak handituta ditudanean, nekatuta nagoenean, biriketan likidoaren burbuil hotsa entzuten dudanean...”. Perikarditisagatik ezin du lanik egin eta bizitza lasaia egin behar du. Ebakuntza egin ziotenetik ez du ezustekorik izan. Gaixo kroniko moduan ospitalearekin duen harremanaz zein iritzi duen galdetu diogu: “Poz-pozik nago. Batetik, ospitale horretan bizia salbatu didate, eta bestetik, medikuekin eta erizainekin dudan harremana oso ona da”.

2005. urtetik ari dira errentagarritasun ekonomikoa eta gaixoenganako arreta hobetuko dituen bideak urratzen. Azken berrikuntza interneten erabilera izan da. Alabaina, begi bistakoa da sareak gaixo batzuei autonomia gehiago eta komunikazio hobea lortzeko balio badie ere, beste batzuek bere kabuz moldatzeko aukera galdu dutela. Joan Migel Landa da horren adibide. Poltsikoko ordenadorea berak erabiltzen zuen eta internet iritsi denean alabak hartu du erreleboa. Gaixo kroniko gehienak zaharrak dira eta belaunaldi horrek harreman gutxi izan du internetekin. Farapi-Evidentis kontsultoriari galdera horixe egin zion Donostia Ospitaleak: internet bidezko harremana erabiliko ez duenari zer eskain diezaiokegu? Kontsultoriak ehundik gora gaixo kronikoei galdera sorta egin zien, baita hainbat bilera egin ere haiekin. Jakin nahi zuten etxean norekin eta zenbat bizi ziren, teknologiari lotutako zein tramankulu erabiltzeko gai ziren, zerbitzu sozialekin zein harreman zuten... Farapi-Evidentisen ustez, internet aukera askoren artean bat da eta bestelako moduak aztertu eta aurkitu behar dira gaixo kronikoen artatzea ahalik eta merkeena izan dadin eta gaixoak pozik eta ondo zainduak senti daitezen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


Amurrio, Okondo, Urduña eta Orozkoko Udalek ez dute parte hartuko Laudiok deitutako bileran Osakidetzaren egoera lantzeko, "desleialtasuna" leporatuta

EAJk eskualdean gobernatzen dituen tokiko erakunde guztiek iragarri dute ez dutela parte hartuko Laudioko Udalak deitutako bileran. Guztiek egotzi diote EH Bildu eta Omniako udal gobernu taldeari erakunde desleialtasuna erakustea, hedabideetan horren berri emateagatik, euren... [+]


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude