Eta Derrytik

Telesforo Monzonena zen aipamena, Maltzagara arte elkarrekin eta gero hartuko du bakoitzak bere bidea. Eta ezin uka herrigintzan jardun nahi duenarentzat ezinbesteko esanahia duela buruzagi zaharraren esaldiak, bereziki Euskal Herriak moduan bere burua kudeatu nahi duten herrientzat, eta zeresanik ez abiapuntu garrantzitsua hizkuntza gutxitua denean tartean.

Monzonengatik sinbologia berezia du Maltzagak euskal lurretan: askatasunaren bidegurutzea zen, abertzaletasunaren batasunaren beharra haren buruan; herrigintzarako batasun beharra izan liteke egun. Baina zein gizarte balioren inguruko batasuna? Krisiari aurre egiteko, zein batasun? Zein bake prozesuren zutoinak txukun jartzeko? Zein elkarbizitzarenak eraikitzeko? Jardun egin behar asmatzeko.

Ezin uka gehienetan antzeko galderen inguruan egituratzen dela herri bakoitzaren etorkizuna, eta ezin uka, halaber, gaur egun batasun zantzu horietan aurrera egitea duela 30 urte baino samurragoa beharko lukeela. Izan behar duela. Eta bada, baina gurean behintzat ezin jokaldia borobildu. Azken finean, bidegurutzez bidegurutze dabil bidean asmatu ezin duenak; besteak beste, horregatik egiten zen hain nekagarri ezker abertzaleko buruzagien ahotan Euskal Herria behin eta berriz bidegurutzean zegoela entzutea.

Baina orain bai, orain bake prozesuaren bidegurutzean dago euskal gizartea, ez atzera ez aurrera, Madril blokeo lanetan esker-eskuin eta etxeko indarrak mahairik eratu ezinean, berdin bi hankakoa, hirukoa edo laukoa. Eta ez litzateke hain larria tartean sufrimendurik ez balego, ondo orbandu beharreko zauririk ez balego.

Baina badago, eta ez edonolakoa gainera. Carlos Urquijo gobernu ordezkariaren baldarkeriak Jone Artola bilakatu du sufrimendu horren erakusleiho berriz ere: gura barik ere, ETAren biktimak eta presoak jarri ditu ardatz berean jira-biran, elkarbizitza berriaren norabidean bideratu beharreko bi gai garrantzitsuenak.

Azaleko irakurketan, arazoa ETAren armetan irudikatzen du EAJk Koldo Mediavillaren ahotan, eta Sortuk erakunde armatuarekiko ei duen menpekotasunean. Menpekotasunarenak usain zaharra du, sasoi bateko egiak betiko balira moduan, sinesgarritasun gutxikoa gaur egun. Armen garrantzia ezin uka, sinbolikoki bederen klabeetakoa erakunde armatu baten desegiteaz ari garenean. Eta udazkenean, neguan edo udaberrian, lehenbailehen gauzatzen bada entrega are eta hobeto, izan Eusko Jaurlaritzari, Espainiakoari edo nazioarteko batzorde bati. Armena ekintza sinbolikoa da batez ere eta, beraz, gutxi-gehiago asmatuko da horretan. Etorriko da gero ETAren desegitea, bake prozesuan aurrera egiteko beharrezkoa bada. Ez, armak, ez ETA, ez dira inongo berme presoentzat, bake prozesuan aurrera egitea da haien berme bakarra, eta horretarako gaur gaurkoz badiruri armena eta desegitearena ezinbesteko urratsak izango direla. Gaur egun ETAren armarik funtsezkoenak.

Baina arazorik nagusienak ez daude ezker abertzalearen esparruan, Madrilen eta hemen bertan baizik. Joko politikoak eska dezake Sortu eta ETA zirikatzea, baina itsuenak ere ikus dezake Madril dela bigarren oztopo nagusiena, egungo egoeran eroso dagoena, legearen inperioan eta mendekuan ondo baino hobeto instalatua, eta gainera, euskal gatazka beste arazo askoren ihesbide gisa erabiltzen duena. Eta bigarrena diot, lehena bake prozesua aktibatu eta bultzatu behar duten aktore politiko-instituzionalen ezintasunean dagoelako. Alde horretatik, pentsa liteke udazkenerako antolatu diren ekimen guztiak, ezagunak direnak eta ez, baliagarriak izango direla euskal gizartean bake prozesuaren bidean beste urrats garrantzitsu bat emateko. ETAren su-etenaren bigarren urteurrena ospatzeko modurik egokiena litzateke.

Orain arte legez, nik Maltzagatik jarraituko ditut kontuok eta, ez dakit nola moldatuko naizen, baina baita Derrytik ere, urtarrilera arte Irlandako iparraldeko hiri hau izango baitut bizileku. Hau irla bat da, baina eraiki dituzte zubiak eta badakite zerbait bidegurutze eta bake prozesuez.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude