argia.eus
INPRIMATU
Ekimen txalogarria
  • Sputnik 13

    Bonberenea Ekintzak, 2013
Joxi Ubeda Goikoetxea 2013ko abuztuaren 29a
Sputnik bilduma, txalotzeko eta eskertzeko moduko egitasmoa da. Jadanik bildumaren bi CD kalean daude (aurrekoa 2011n argitaratu zen). Tolosako Sputnik plataforma eta Bonberenea Ekintzak zigilua dira bultzatzaileak. Bailarako taldeei grabazio estudio batean lehendabiziko aldiz aritzeko, beren kantu batzuk grabatzeko eta kantu horiek kaleratzeko parada eskaintzen diete. Halaber, aipatu taldeei jendaurrean aritzeko emanaldiak antolatzen dizkiete.

Bildumaren izena Tolosako eraikin altuenei egindako omenaldi bat da, hain zuzen ere, diskoaren azalean agertzen diren Sputnik famatuak.

Uztailaren 19an aurkeztu zuten Sputnik 13. Diskoan parte hartu duten Atila y Los Unos, Barrua Truk, Broken Faces eta Wai Not taldeak Bonberenea etxean aritu ziren, eta jendaurrean jo zituzten diskorako grabatu dituzten bi kantuak, beren gainerako kantuekin batera. Hainbat estilo, melodia eta erritmo jorratzen dituzte aipatu lau taldeek.

Atila y los Unos talde mitikoa 80ko hamarkadatik ari da bere emanaldi-festa umoretsu eta zirikatzaileak egiten, han eta hemen, ironiaz beteriko rock kantuen bitartez. Horren ispilu dira bildumarako grabatu dituzten Borda en San Blas eta Es lo que hay kantuak.

Barrua Truk taldearen ibilbidea laburragoa da. Taldekideak musikari apartak dira, eta duela urte gutxi batzuk hasi ziren elkarrekin jotzen. Musika beltza da beren ardatz nagusia, eta Salda Lodia eta Tormentinha kantuetan Karibeko zenbait erritmo eta doinu landu dituzte.

Broken Faces taldeko partaideak gazteak dira. Sputnik 13 diskoan entzuten ahal diren beren kantuak, Rock'n Roll eta No turning back, rock’n’roll-punk kantu azkarrak eta biziak dira.

Wai Not taldeko kideak ere gazteak dira. Bera da eta Hazi berri bat ska-punk rock kutsuko kantu indartsuak grabatu dituzte.

Grabazioa ona da, eta ekoizpen lan osoa ganoraz eginda dago. Mikel Zelaia arduratu da grabazioaz eta nahasketez, Bonbereneak daukan estudioan. Lau talde eta lau musika proposamen desberdin daude diskoan, eta talde bakoitzaren bi kantu besterik ez izanik, arin entzuten da CD osoa.

Oraingoz, Sputnik 13 bilduman parte hartu duten Atila y Los Unos, Barrua Truk, Broken Faces eta Wai Not taldeen kantuez gozatuko dugu, Sputnik 11 bildumako Switch, Indekitxen, Glaukoma eta Dolce Tangana taldeen kantuez duela bi urte egin genuen bezala, eta hurrengo Sputnik bildumaren zain egongo gara