"Mundua euskara hutsez azaltzerik bada eta Euskadi Irratia horren adibidea da"

  • Mundu osoa irratian, mundu osoa euskaraz.

"Ni ez naiz irratian pedagogia egitearen fanatikoa. Niri historiak kontatze gustatzen zait".Dani Blanco

Gaztea zara

Gero eta gutxiago.

Eta, hala ere, bide luzea duzu egina Euskadi Irratian.

Ikasketak amaitu eta segituan hasi nintzen lanean hemen. Zorte hori izan nuen. Unibertsitatean bukatu nuelarik bazegoen praktiken bidetik lana aurkitzeko aukera gehiago egun baino. Horrela hasi nintzen eta harrez geroztik hemen nago. Hori baino lehen, oraindik ikasketak bukatu gabe nituela, irratigintzan hasi nintzen Iruñeko Euskalerria Irratian. Asteburuetan kirolarekin lotutako saioa egiten nuen, Lehiaren leihoa izena zuena. Horrez gain, Euskaldunon Egunkarian Nafarroako gehigarrian zutabea egiten nuen hilabetean behin eta, tarteka, kazetari-gai guztiok egin dugun bezala, kolaborazioak aldizkarietan. Napartheid-en ere izan nintzen. Oso aberasgarria izan zen. Oso ona izan zen esaldi laburrak egiten ikasteko, esate baterako.

Leioan ikasi zenuen kazetaritza. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Leioara joan nintzen euskaraz ikasi nahi nuelako. Esperientzia oso ona izan zen eta gauza asko ikasi nituen. Beti esaten da ikasle garaian, etxetik kanpora zoazenean, festen garaia zabaltzen dela eta horrelakoak. Ni horretan nahiko inozoa izan nintzen goizetan unibertsitatera joaten bainintzen eta arratsaldez kontserbatoriora, musika erdi mailako ikasketak egitera. Leioako unibertsitatean protesta eta mugimendu handia zegoen garai hartan. Alde batetik, akademikoki arazoa izan daiteke, baina beste aldetik gauza asko ikasten dira. Praktikak egiteko aukera gutxi genuen unibertsitate barruan, baina oso irakasle onak zeuden. Kazetaritza zer den erakutsi ziguten. Ofizioa ez, hori gero lantokian ikasten duzu.

Kazetaritza zergatik?

Beti bokaziozkoa izan dudalako. Txikitatik hori izan nahi nuen. Aitak asko maite zuen irratia. Etxean, txikitan nik Iñaki Gabilondo entzuten nuen eta argi neukan horretan aritu nahi nuela. Oso garbi neukan nora iritsi nahi nuen eta motibazio estra hori banuen.

Txistularia era bazara.

Bai, eta momentu batean zalantzatan egon nintzen zein bide hartu: musikari profesionala edo kazetariarena. Tentazio batzuk izan nituen baina gero konturatu nintzen gehiago gustatzen zitzaidala kazetaritza eta gainera neure burua trebeago ikusten nuen kazetari jardunean.

Garai batean Duguna eta Amaiur dantza taldeekin, Basandere fanfarrean eta tarteka Iruñeko erraldoiekin ere, aritu izan zara. Gaur egun jotzen duzu?

Orain gutxi. Ezkontzatan, lagunentzako aurreskuetan… Esaten didate herdoildutako txistularia naizela. Etxean aritzen naiz, batez ere seme nagusiari ni entzutea eta bere modura jotzea asko gustatzen zaiolako. Nire bizitzaren beste atal bat izan da. Lagun asko egin ditut txistuaren bidetik eta bizipen asko izan ditut. Bi mundu desberdin dira. Batzuetan pentsatu dut nola uztartu zitezkeen biak. Radio Clásican lan eginda, adibidez? Edo musika kritikaria izanik? Azkenean ez dut bide horretatik jarraitu baina egia da, bestalde, bi mundu desberdin dituzunean batak besteari on egiten diola. Eta kazetaritza eta musikaren artean badira gauza berdin asko, batez ere irratian: inprobisazioa, zuzeneko momentuak, huts egin ezineko une hori, erritmoa…

Irratian sartu eta berehala Madrilera joan zinen berriemaile.

Euskadi Irratian praktika kontratu batekin sartu nintzen eta gero ordezkapenen bidetik jarraitu. Ondoren iritsi zen Madrilera joateko aukera. Ordezkapenak askotan izaten dira zuloak tapatzeko proposamenak eta nik nahiago nuen epe luzeagoko proiektu batean aritu. Madrilgoa oso erakargarria iruditu zitzaidan, han informazio muin handi bat zegoelako eta lan batean murgiltzeko aukera ematen zidalako. Ia lau urte izan nintzen han.

Madril handia da. Aldaketa ere, halakoa?

Erabatekoa. Hemen Gasteizen lehendakaritzako lana egiten nuen eta oso lan bizia izaten zen baina Madrilgoa, hori bider hamar izan zen. Gainera zure mediorako kazetari bakarra zara eta zuk antolatu behar duzu dena.

Kanpoko berriemaileak zein irizpiderekin egin behar du lan?

Garrantzitsua da jakitea zuk zer nahi duzun albiste bakoitzetik. Uste dut askotan egin beharko genukeela hamar segundoko eten bat eta aurrean duzun albistea zergatik den albistea pentsatu eta horrek dituen hari muturretatik zeini nahi diozun tira egin. Zure enpresaren ildo editorialaren, zure entzuleek entzun nahi dutenaren eta zure irizpideen arabera egin behar duzu aukera. Batzuetan Madrilen ematen dizuten titular batek zuri ez dizu balio eta egokitu behar duzu Euskal Herrira, Euskadi Irratira eta zure ikuspegira, eta hori ariketa zaila izaten da.

Hedabide gehienek albiste berdintsuei erreparatzen diete ia beti.

Albiste asko eta oso denbora gutxi izaten da hausnarketa egiteko. Albiste berberek hedabide batetik bestera salto egiten dute. Hau izan daiteke gaurko kazetaritzaren krisiaren isla. Izan ere, gaizki emandako informazio bat erreferentziazko hedabide batera iritsiz gero, beste guztiak atzetik goaz. Horregatik beharrezkoa da pentsatzea ea begien aurrean dudana benetako albistea den, nahiz eta han eta hemen agertu izan. Hausnarketa orokorra behar da, enpresarena, kazetariena eta ikus-entzuleena ere bai.

Eguneroko informazioaren oihanean zaila da euskarazko irrati baterako bere produktua saltzea?

Nik uste dut euskarazko komunikabideetan, txikiak garelako, gure plusa zein den bilatu behar dugula. Zer kontatu nahi dugun eta nola. Argi eduki zuk zer eskaintzen ahal duzun beste inork ematen ez duena eta gainera gutizia bat izanen dena. Hori ez da erraza baina, era berean, aldeko gauza bat du honek: hau egiteko posibilitatea ez dagoela baliabideen menpe erabat. Jo behar dugu gure eduki propioak ateratzera, baina ez da erraza. Ari gara, baina gehiago egin beharko genuke.

Aro digitalean bizi gara. Alde horretatik zer moduz dabil euskarazko kazetaritza?

Uste dut olatu horretan ere bagaudela, euskal hedabideok eutsi diogula. Irratia jada ez da soilik ahotsa eta audioa. Irratia da interneten egotea, askotan irudia izatea, Twitter-en zuk egindako hori ongi saltzea… Niri oso iturri onak iruditzen zaizkit, baina gertatzen dena da albisteak kontrastatzeko ditugun segurtasun baliabideak, protokoloak, filtroak eta babesak gizarte sareetan aritzean ez ditugula edo ez ditugula erabiltzen. Harritzen naiz ikusiz nola izena duten kazetari askok Twitter-en mezu ugari bertxiokatzen dituzten, egia diren ala ez benetan kontrastatu gabe.

Berriz zuzendari postuan. Aldaketa handia aurreko aldiarekin alderatuta?

Bai. Ni beste bat naiz. Nire egoera pertsonala ere desberdina da. Aurrekoan, 2006an, iritsi berria nintzen Madrildik. Karga handiko lana da ordu kopuruengatik eta erantzukizunarengatik, baina iruditzen zait pertsonalki lasaiago hartu dudala. Tartean Jaime Otamendirekin egin dut lan Mezularian eta oso ikasgai ona izan da gauza askotarako. Lehengo garaiekin alderatuta dugun arazo nagusia krisia da.

EITBren aurtengo aurrekontua 121,7 milioi eurokoa da, iazkoa baino %17 txikiagoa. Krisia gogor kolpatzen ari da?

Publizitatea ere jaitsi egin da. Komunikabideak gizartearen ispilua gara, nahi ala ez. Gizartea krisian sartzen denean komunikabideak ere bai. Egoera honetan baliabide gutxiago duzu nahiko zenituzkeen gauza guztiak egiteko. Guk pasa genuen belle epoque bat eta orain dena merkeago egin behar dugu. Behintzat lantalde estrukturalari eutsi egin zaio. Komunikabide txikietan, zorionez, behar garaietan hobeki moldatzen gara.

Krisiaren ondorioz ETB2ko Navarra directo saioa desagertzear dago 15 urte antenan egon ondoren.

Oso kontu tristea da, hango langile asko adiskide ditudalako, gainera. Nafarroan beharko genuke seinale digital on bat ETB ikusi ahal izateko eta irratian ere azpiegitura egoki bat. Programazioari dagokionez Nafarroak beharko lituzke Nafarroatik eta Nafarroarentzat eskainitako produktuak, baina balantzan jarri behar da horretarako zenbat diru dagoen eta zein aurrekontu duen EITBk murrizketa garaian. Dena den garrantzitsuena bada ziurtatzea programazio orokorrean Nafarroak bere lekua eta garrantzia izan dezala, beste lurraldeekin batera.

Zer eskaini behar du Euskadi Irratiak, hedabide publiko bezala?

Euskal herritar guztientzako gunea izan beharko luke EITBk. Guri dagokigunez, Euskadi Irratiak mundua euskaraz ulertu eta euskaraz bizi nahi duenari eskubide hori bermatu nahi dio. Aukera hori eman nahi dio. Oso garrantzitsua iruditzen zait urte hauetan Euskadi Irratiak euskaldunon eta euskaltzaleen artean lortu duen erreferentzialtasuna, zuzendaritza batzuekin zein besteekin. Horri eutsi behar diogu eta bide horretatik aurrera egin.

Zer moduz moldatzen zarete politikariekin? Presio asko?

Beti daude presioak. Komunikabide guztietan egoten dira. Jakin behar da ongi non zauden eta zer den EITB. Hau Legebiltzarrari lotua dago eta bere sorreratik hala da. Ez da fundazio bat BBC bezala. Zuk baduzu lotura hori baina, aldi berean, zu kazetaritza egiteko zaude. Argi eduki behar duzu zure ildo editoriala duzula baina ez dela alderdi batek edo besteak inposatutakoa. Beti egonen dira ildo horretan sartu nahi duten politikariak, baina halako presioei aurre egin behar zaie. Zaindu behar da ordezkaritza denek tokia izan dezaten eta baten batek ez badu bere burua egoki ordezkaturik, adieraztea dauka. Dena den, ez dute horrenbesteko lata ematen.

Mugimendu batzuetatik informazio asko sortzeko ahalmena dute. Hori ere kudeatzeko zaila izanen da batzuetan.

Presioak ez dira soilik alderdi politikoetatik iristen. Presioak mota askotakoak dira eta instituziotatik eta herri mugimenduetatik ere iristen dira desadostasunak. Hor, nire ustez, garrantzitsuena da auzibide batean dauden alde desberdinei ahotsa ematea eta denak presente egotea, begiratu gabe nork duen gaitasun handiagoa mediatikoki oihartzuna izateko. Ez dut esaten beti ongi egiten dugunik, baina saiatzen gara behintzat.

Nolakoa izanen da etorkizuneko irratia?

Zuzeneko gauzak eta berrienak dira irratiari indar gehiena ematen diotenak eta horrela izaten segituko du, nahiz eta irratia internet bidez entzun. Espero dut irratiak eutsiko diola gaitasun horri. Hortik aurrera ordutegiarekin loturarik ez duen irrati edukiak landu behar ditugu, jendeak nahi duenean entzun ditzan. Dena sarean jartzea oso garrantzitsua da, entzuleak nahieran entzun dezala.

Euskadi Irratiak zer berrikuntza bide jorratu nahi ditu?

Irratia asko aldatu da azken urteotan. Formatuak, musika aukeraketak… Dena laburrago egiten da. Onerako eta txarrerako, jada ez dira kasik aditzen ordu erdiko elkarrizketak, adibidez. Oso ohituta gaude pilula txikietara eta oso ongi sartzen dira, baina aldi berean edukia, sakontasuna eta maila intelektual minimo bat eman behar duzu. Hori oso zaila da. Irratia azkarra eta bizia da eta konpainia handia ematen du, baina telebista sormenean asko aurreratu zaio. Irratian gero eta programa gutxiago daude entzulea harritzen dutenak. Sormena garestia eta preziatua da. Saiatu behar gara entzuleek espero ez duten gauzak ematen. Horretarako guk tabikerik gabeko irrati saioak egin nahi ditugu. Gardenak. Zerbait elastikoagoa. Malgutasunez gai batetik bestera pasako diren saioak, eta entzuleen “pultsua” jasoko dutenak kaleko konexioetan. Saio bakoitzak bere eskema du, baina ez dute konpartimentu zurrunak izan behar. Telebistan oso modan dago platoan mugimendu handia egotea. Guk irratian mugimendu hori ere lortu behar dugu.

Gaur egun kazetariak denetik jakin behar du?

Egia da orkestra gizon-emakumerik ez dela existitzen. Dena ezin da jo. Indarrak gauza batean jarri behar dira, nahiz eta gero hori euskarri desberdinetan eskaini. Ezin dugu burua galdu hiru gauzatan. Produktu ona bermatu behar da lehenbizi.

Teknologia berriekin erraza da edonorentzat internet bidezko irrati bat abian jartzea.

Bai, baina erredakzio sendoa behar duzu irrati on bat egiteko. Erredakzioaren kulturak ematen dio irrati bati bere indarra eta izaera, ez zuzendari batek edo administrazio kontseiluak. Horregatik irrati bakoitza irrati eskola bat da. Erredakzio on bat lortzeko oso garrantzitsua da adin desberdineko kazetarien uztarketa. Beteranoek paperezko agenda potoloa izango dute eta sartu berri direnek segur aski ez dute agendarik izango baina bai ezustean harrapatuko zaituztela mila blog eta eduki berriekin. Nahasketa hori oso aberasgarria da.
Ni kezkatzen naute orain karrera bukatu eta lekurik ez duten horiek. Ez dira gure etorkizuna bakarrik baizik eta belaunaldi batekin kontaktatzeko dugun bide bakarra. Esaten da gazteek ez dutela irratia entzuten eta horrek asko kezkatzen nau. Agian ez dute irratia entzuten lehen bezala, baina bai podcast bidez edo link bat iristen bazaie. Argi dago belaunaldi gazteekin konektatzeko ezinbestekoa dela belaunaldi hori ere lanean egotea.

Irailaren 9an hasiko da zuen programazio berria. Zein berrikuntza datoz?

Programazioak betiko ahots ezagunak eta aldi berean aire berria izanen ditu. Prime time-ean goizeko saioan egin dugu berrikuntza nabarmenena: Maite Artolak hartuko du gidaritza 7etatik 10etara. Maila informatiboan, arratsaldean Ainhoa Etxebestek gidatutako Mezularia saioan gaurkotasunaren analisi eta gogoeta zehatza egingo dugu. Gure asmoa da inguruko gaiak jorratzea, baina politika eta ekonomiaren alorretara mugatu gabe. Errealitatea hori baino zabalagoa da eta uste dugu kaleko jendearengana iritsi behar dugula historia gehiagorekin. Irratian interakzioa bultzatzeko erronka ere badugu. Ilusioarekin ari gara lanean. Kutsu modernoagoa ere sumatuko da beste zenbait saiotan: Hiri Gorrian saio urbanita Maider Segurola ea Xabier Larrazabal gazteen eskutik, eta beste bi saio berri izango ditugu: Itziar Alduntzinen Kantu kontari eta Arantxa Kaltzadaren Terminus. Asteburuetan albistegietan osagai berriak Joxe Juan Ugalderen eskutik eta Amarauna saioari bere ukitu pertsonala emanen dio Nagore Telleriak.

Nortasun agiria

Aritz Agirre Escribano (Iruñea, 1977ko abenduak 9) Euskadi Irratiko informatibo burua da martxotik. Ez da berria karguan, 2006 eta 2009 artean ere han izan baitzen. 96 kazetari daude Euskadi Irratian lanean. Horietatik 40 inguru albistegietan, orain bere zuzendaritzapean lanean. Etxe honetako langilea da  22 urte zituenetik. Hainbat lan egin izan ditu. Besteak beste, Madrilen berriemaile aritu zen ia lau urtez. 2004an Rikardo Arregi Kazetari Gaztearentzako saria eta irrati jardunerako Argia saria irabazi zituen. Bi semeren aita, irrati gizona eta txistularia da. Iruñea, Donostia eta Bilboren arteko joan-etorrien artean gelditzen zaion denbora ahal duen bezala banatuz bizi da.

Euskaraz

“Notizia diren pertsonengana iritsi beharko genuke ohi baino gehiago eta euskarara ekarri, euskal hedabideetara ekarri. Mundua euskara hutsez azaltzerik bada eta Euskadi Irratia horren adibidea da. Gainera, saiatu behar gara euskara ez maila berean jartzen, baizik eta hobesten. Eta hori egin dezake aukera duenak. Informazio garrantzitsu bat ezagutzera eman behar duenak euskara hobetsiko balu momentu horretan euskarak asko irabaziko luke. Lortu beharko genuke euskaraz ez dakienak, momentu batean ikasteko behar edo desioa sentitzea. Euskara hutsezko gutizia batzuk eskaintzea, erdalduna denak senti dezan zerbait galtzen ari dela euskaraz ez jakiteagatik. Katalanek, zentzu horretan inbidia handia ematen didate”.


ASTEKARIA
2013ko irailaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irratia
2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


Karmele Aranburu kazetari oriotarra hil da

Ekainaren 22an, ostegunez, hil zen kazetari oriotarra 65 urterekin, minbizi baten ondorioz. Herri Irratian egin zuen bere kazetari ibilbidea nagusiki, eta 1996 eta 2022ra arte EHUko Udako Ikastaroetako komunikazio arduraduna ere izan zen.


2023-03-15 | ARGIA
Kulturari buruzko Basilika podcasta ARGIAn

Kulturaren inguruko hainbat programa biltzen dituen podcasting espazioa da Basilika eta hemendik aurrera ARGIAn izango dituzue sortzen dituzten edukiak entzungai.


Eguneraketa berriak daude