argia.eus
INPRIMATU
Zoriontsu izateko erabakia

Rosa Maria Martin Sabaris 2013ko uztailaren 23a

Hedabideetan irakurritakoak eta inguruko lagunek kontatutakoak sorrarazten didan atsekabea gainditzeko asmoak bultzatu nau izenburu hori jartzera.  Amaitu da etsipena, akabo orain arte idatzitako esaldi beltzak, akabo kopeta iluntzen didaten lerroak. Jarrera baikorra izatea betebehar morala dela uste dut. Baikortasunean tematzea ezinbestekoa zaigu aurrera egin nahi badugu. Kazetarien eginbehar mesianikoetakoa irtenbideak erakustea da. Eta horrela, sekulako sarraskiak eta hondamendiak erakutsi eta gero, jarrera positiboa izan behar dugula esaten digute: langabeziatik ihes egiteko enpresa bat nola sortu, elbarritu eta gero non kirola egin, bikotekidearengandik banatutakoan norekin ibili, edota erakunde publikoen diru laguntzarik gabe nola erabili betiko diru-bilketa, crowdfundinga alegia.

Erresilientzia, ezbeharretatik indartuta ateratzeko gaitasuna. Etengabe ari zaizkigu errezetak ematen. Norbanakoen kasuan eta baita jendarteenean ere. Horrela ulertzen ditut Foro Sozialaren 12 gomendioak. Herri honek ezbeharretatik indartuta irteteko abagunea izan behar du, eta gomendio horiek ez dira nahikoa izango, baina ezinbestez eman beharreko pausuak dira.

Makalaldietan, erresilientziari buruzko diskurtsoa boteretsuen koartada hutsa dela pentsatzeko tentazioa daukat. Boteretsuek indartsu nahi duela ikusi botererik gabea, hori baino ez. Heriotza zigorraren bezperako afaria. Baina, tira, zorionaren bila hasteko agindu diot neure buruari.

Australia omen da herririk zoriontsuena. Hala omen dio Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak egindako ikerketa batek. Segur aski ekonomia soilean oinarrituta lankidetzan baino gehiago:  etxebizitza, diru-sarrerak, enplegua, parte-hartze publikoa, heziketa, ingurugiroa, segurtasuna, aisialdia... horrelako irizpideak hartu dituzte kontutan.  Lekutan dago Australia. Rousseau inozoak, aitzitik, herrik zoriontsuena Gernika zela idatzi omen zuen. Lekutan Rousseau ere. Inoiz ikusi ditudan umerik zoriontsuenak Saharako kanpamentuetan ikusi ditut, zinez.

Baikorra izateko erabakia hartuta, zoriontasunaren bila jarraitu dut. Eta hara non topatu dudan: Zoriontasunaren Institutua. Torlojuen herdoila bezala arazoak desagerrarazten dituen formula.  Zoriontasunaren Coca-Cola Institutuak (The Coca-Cola Company) erregistratutako marka.