Irimoren magalak bizikletentzat ere badira

  • Urretxuarrentzat mendi berezirik bada, hori Irimo da inolako zalantzarik gabe. 900 metro inguruko gailur lerdena da, Urretxuko txoko gehienetatik ikusgai dagoena. Herriko zelataria da, zaindaria. Txango ugari egin daitezke bere isurialde guztietan, edertasun handikoak denak ere. Oraingoan mendia bizikletaz inguratzea proposatuko dizuegu.

Belarrezko xenda ederra Trekutzera bidean.
Belarrezko xenda ederra Trekutzera bidean.Gorka Azkarate

Iparragirre plazan hasiko dugu txango zirkular ederra, izen bereko kantari historiko handiaren oroimenez eraikitako harrizko irudiaren oinetan. Nekolalde kalean gora joko dugu eta Santa Barbarako bideari egingo diogu aurre. Lehenbiziko bi kilometro pasatxoak errepidez egitea gomendatzen da, errepideko bihurguneak saihesten dituzten lasterbideak gehiago baitira oinezko txangozalearentzat prestatuak, mendi bizikletaz joateko baino. Norberarena da erabakia.

Irigon eta Etxaburu baserriak atzean utzi eta ahalegin betean helduko gara Santa Kruz baserri parera, Aikur erle museo ezaguna dagoen muinotik gertu; benetan gomendagarria, museoa bisitatzea. Baina gaurkoan segi diezaiogun bideari: Santa Kruz baserrian Santa Barbarako ermita eta aterpetxera doan errepidea utzi eta eskuinetara joko dugu, Neberako bidetik.

Neberarantz, bizikletaz gozatuz

Errepideko zatian eroso igo bagara honaino, hemendik aurrerakoa gogortxoagoa da; hori bai, mendiko bizikletan ibiltzeaz gozatzen hasiko gara. Garapena arindu eta erritmo lasaian egingo dugu gorantz, paisaiaz gozatuz, gerizpean unerik gehienetan, Neberara bidean. Bidegurutze batera iritsiko gara berehala, eta Nebera jartzen duen norabidean egingo dugu gorantz. Laster Lizarriturriko parajera joateko bidegurutzera helduko gara, Irimoko magalean bertan, baina guk aurrera segituko dugu, Trekutzera. Pista estutu egingo da apur bat, eta mendi-bide itxura handiagoa hartuko du, basatiagoa, pikoagoa ere zenbait unetan. Edozein kasutan, bizikletan ibiltzeko egokia, gozatzeko modukoa.

Luze gabe joko dugu Laarregiko lepoa, Trekutzetik kilometro erdi eskasera. Uneoro itzalpean, garapena gogortu eta erraz egingo dugu aurrera, harik eta Trekutzeko iturri zaharrera –orain ia 30 urte berritutakoa– heldu bitartean. Uda partean emari urri xamarra ekartzen duen arren, freskalditxoa hartzeko balioko digu behintzat. Antzuolako lurretan gaude orain; Trekutzeko lepoan dagoen Gaztelugain elkartearen paretik igarota, beherako bideari ekingo diogu beste isurialdera igarota.

Jaitsiera azkarra da, hartxintxar bide zabal baina tarteka arriskutsu samar batetik. Aspaldi berritu gabe dago, eta urteen joanak eta eguraldiaren gorabeherek hainbat zulo egin dituzte, bizikletan goazela kontuz ibiltzera behartuko gaituztenak. Deskargako mendatera doa bide hau, baina guk erdibidean ezkerrera joko dugu Agerre baserri lerdenaren bila, eta handik berehala iritsiko gara Santa Barbarako ermitara, jaitsiera azkar eta, orain bai, seguruagoan.

Santa Barbara eta Ipeñarrieta

Santa Barbarako ermita eta aterpetxe berritua urretxuarrek bereziki maite duten parajea da. Indarrak berritzeko aukerarik ez zaigu faltako behin hona iritsita. Hemendik herrirako bidea, Mendizabal, Zuloaga eta Erratzu baserrietatik igarotzen den errepidetik egingo dugu, hori bai, Santa Barbaratik gertu dagoen Ipeñarrietako jauregiari begiratua egin ostean. Lerdena da jauregiaren aurrealdea, edozein bisitari kitzikatzeko modukoa.

Beherako bidea hartu eta maldan bizikleta askatuz, berehala helduko gara Aita Pasiotarren elizara eta Pagoeta auzora, Urretxuko hegoaldean. Labeaga kale luzea zeharkatu eta Gernikako Arbola plazan amaituko dugu hamabost kilometro inguruko txango ederra, Iparragirreren doinurik ezagunenak gogoan.

Eta adoretsuenentzat...

Mendi txirrindulari trebe eta indartsuenek, behin Trekutzera iritsita, Irimoko tontorrera igotzeko saiakera ere egin dezakete, nahiz eta tarte horretan zaila den uneoro bizikleta gainean ibiltzea. Proposatu dugun itzulian, berriz, ez dago inongo eragozpenik ibilbide osoa bizikleta gainean egiteko. Hemen ere, norberarena da erabakia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urretxu
Eskuz idatzita

Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi, bere nekearen eta ezinen berri eman. Eta nor naiz ni gorputzari kontra egiteko, berak ere sufritzen... [+]


2023-08-03 | Ilargi Manzanares
Ainhoa Barbarin presoa espetxera itzularazi dute bigarrenez, hirugarren graduari helegitea jarrita

Sare Herritarrak elkarretaratzea deitu du abuztuaren 4an Urretxun. Epaitegiak euskal presoen eskubideei “boikot” egiten ari direla salatu dute.


2022-01-28 | Otamotz
Lehen gatazka argazkilaria

Eustaquio Berriotxoa argazkilariaren lanari buruzko ikerketa egiten ari da Andoni Lubaki, Urretxuko Udalaren babesarekin. Euskal Herriko lehen gatazka argazkilaria izan zela uste da.


Eguneraketa berriak daude