Huskerien garrantzi neurrigabea

Munduko bandarik txarrena.
Munduko bandarik txarrena.

Lanbide eta afizio surrealistak eta buruhauste irrazionalak dituzten pertsonak –gizonezkoak ia denak– dira komiki honetako protagonistak. Munduko bandarik txarrena osatzen duen laukoteak, esaterako, 30 urte daramatza entsegu lokalean, baina oraindik ez du lortu pieza bat osorik jotzea. Sebastian Zorn, taldeko buruzagia, adoregabetu egiten da batzuetan…

“Ironia desesperatuen kortesia dela esan ohi zuen Francis Picabiak. Hona bada hemen desesperatu saldo bat, itxurak gordetzen dakiena”, idatzi du komikiaren hitzaurrean Harkaitz Canok, trajez jantzita doazen –“etiketa inportantea da desesperatuen kasuan”– pertsonaiez hitz egitean. “Belle époquearen dekadentzia eta dotoretasuna nahasten zaizkie, denbora-pasa obsesiboekin gozatzen dute. Kaosaren eta gizarte lobotomizatzailearen aurrean probetxuzko zereginak geroko utzi eta horren ordez lan izugarri baina ez errentagarriak heroikoki burutzea hautatu dute”.

Liburu laburtzailea, Gauza hutsal eta garrantzi gabekoen museoko zuzendaria, boto emailerik izan nahi ez duen Alderdi Inpopular Idiosinkratikoko burua, mezu satanikoak detektatzeko helburuarekin merkatuko disko guztiak atzekoz aurrera entzuten dituen gizona, hodeien inbentarioa egiten ari dena, hiria bertsotan jarri nahi duena… Egoera absurdu ugari dakar Jose Carlos Fernandes portugaldarrak, kritika dosi zirikatzailez zipriztindurik.

“Badu absurdotik, badu kafkarretik, eta, aldi berean, badu salaketatik ere”, dio komikia euskaratu duen Bego Montoriok. Barre algararik egin eta eragin gabe, tarteka irri-erdiak sortuaz, eztenkadak ematen dituzte komikiko pertsonaia bereziek. Beautiful peoplea, high societya, liposukziorako industria nazionala, atleten adimen-ahuldadea, bulego publiko batean lanpostua lortzeko ezinbesteko jakintzak… muturreko ugari jasotzen du gaur egungo gizarteak.

Munduko bandarik txarrena komikia sei liburukik osatzen dute, eta haietako hiru bildu ditu ale honetan Txalaparta argitaletxeak. Bina orrialdeko 75 istorio dira, ageriko jarraikortasunik gabekoak baina 1950eko hamarkadan geratua dirudien unibertso absurdu horren parte direnak guztiak.

Okre koloreko eta batzuek feismoarekin lotzen dituzten trazu irregularreko irudiek –agian gehitxo da hori esatea– ukitu are bereziagoa ematen diote batere konbentzionala ez den komikiari. Hasieran kosta egiten da liburuaren logikari jarraitzea, eta litekeena da arrapaladan irakurtzeak apur bat nekaraztea, baina autoreak proposatzen duen jolasari neurria hartuta, gozamenerako aukera izango dugu.

Munduko bandarik txarrena
Jose Carlos Fernandes

Itzultzailea: Bego Montorio
Txalaparta, 2013


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomendioak
Eguneraketa berriak daude