argia.eus
INPRIMATU
Hurbildu operara

Montserrat Auzmendi del Solar 2013ko uztailaren 24a

Abuztuan mila aukera izango dituzue aisirako, baina, mesedez, tarte libre bat egin urtean zehar gutxitan ematen den ikuskizun batez gozatzeko, opera hain zuzen ere. Eta oraindik ez bazara zale amorratua, baina pentsatzen baduzu gustatuko litzaizukeela operaren sorginkeria sentitzea, joan zaitez La Traviata ikustera. Musika Hamabostaldiaren egitarauak dioen bezala, Europa osoan ez da izango pertsonarik Verdiren obra hau ezagutzen ez duenik.

Alexandre Dumasen Kamelien dama nobelan oinarritzen da argumentua. Istorio erromantiko eta dramatikoa da, oso, non itxurakeria eta zurikeriak kontrajartzen zaizkion benetako maitasunari, eta, behar duen bezala, heroiaren (Violetta Valéry) heriotzarekin amaitzen den. Negar egitekoa, bai. Egia esan, obra hau Verdiren produkzioan inflexio puntu bat izan zen. Bere aurreneko lanek (Oberto, Un giorno di regno, Nabucco) identitate nazionaleko sentimendu sakona adierazten zuten. Baina, denborarekin, pasioak eta arimaren sufrimenduak izan ziren bere kezka nagusiak, eta La Traviata opera horren isla da. Kritika gogorrak jaso zituen, ez alde artistikotik, lan aberatsa eta perfektua baita, garai hartako gizartearen moralitatearekin bat ez zetorrelako baizik. Prostituta baten maitasunagatiko sakrifizioa, eta gizartearen biktima bezala azaltzea, ez zen batere onargarria.

Musikaz, zer esango dugu. Verdi, Verdi hutsa, melodiatsua, adierazkorra, sentsiblea. Benetan erakargarria. Beharbada, munduan gehien antzezten den opera izango da. Aldi honetan, Musika Hamabostaldiak eskainiko digun emanaldian, Josep Bros tenorea izango dugu, Alfredoren rolean (joan den irailean ABAOren produkzioan abeslari bera izan genuen), eta Desirée Rancatore Violetta gaixoa izango da. Susana Gómezek egingo du eszena zuzendaritza eta Pietro Rizzo izango da zuzendari musikala. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa edukiko dugu fosoan eta Easo Abesbatza arituko da koru lanetan. Gogora zaitezte abuztuaren 11n eta 13an emango dela, Donostiako Kursaal Auditorioan. Ez galdu!