Herritarren begietan lapurrak


2013ko uztailaren 28an

ARANTZA QUIROGA EAEko PPko idazkari nagusia haserre dago eta irmo adierazi du ez duela onartuko bere alderdia zikintzerik. Beranduegi makinak gelditzeko:   espainiarren %86ren ustez –El Mundo-k iragan asteburuan kaleratutako inkestaren arabera–, PP legez kanpoko diruaz finantzatu da. Hori Espainian, pentsa Euskal Herrian zer pentsatuko den.

Eta, enfokea handituz, Nafarroan zer? Ez dut azken uneko inkestarik ikusi, baina orain artekoak argi erakutsi dute herritarren gehiengo zabalak oso ilun ikusten duela UPNren kudeaketa, eta bereziki CAN auzian, baita bere botoemaile askok ere.

Baina Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal Antonio Narbaezek ez du delitu zantzurik ikusten CAN auzian, eta bere begiek, orain arte Maria Paz Benito epaile nafarrak ikusi duen guztiz kontrakoa ikusi dute. Ezaguna da legea interpretatzeko dagoela egina, baina hainbeste? Zer pentsatuko du CAN auziaz, orain, bat-batean, kudeaketa publikoaz hain arduratsu agertu den Juan Calparsoro EAEko fiskal buruak? Eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko buru den eta oraintsu arte PPko militante izan den Francisco Perez de los Cobosek?

Espainia gero eta okerrago dago eta ez da samurra irudikatzea nola aterako den ataka horretatik gatazka sozial edota politiko handi bat bizi barik. Nafarroako herritarren gehiengo oso handiarentzat eskandalua da Yolanda Barcinak CANeko batzorde mamu batean parte hartu izana eta 31.324 euro kobratu izana bilera gutxi batzuengatik. Narvaezentzat normala.  Miguel Sanzek, Barcinak eta abarrek aitortzen dute publikoki gaizki egin zutela, eta dirua itzuliko dutela; Narvaezek, aldiz, lasai egoteko esaten die, ongi egin zutela, CAN pribatua dela eta beraiek kobratzeko eskubidea dutela.  Horrek guztiak, izen bat du: Madril. Ikusiko da zer dioen Auzitegi Gorenak berak, baina abiapuntua ezin da desegokiagoa izan.

ZUBIETAKO ERRAUSKAILUA ere justiziaren zaintzapean dago, noiz eta Bilduk errauskailu proiektua gelditu duenetik. Ikerketak emango du eman beharrekoa, baina susmagarria da Calparsorok orain bakarrik ikusi izana, eta bere ekimenez, agintariak ikertu beharra, zergatik eta herritarren patrika babesteko asmoz. Bitxia da, esaterako, EAEko Abiadura Handiko Irlaren sorrera inongo ikerketarako motiborik ez izatea. Baina, ondo pentsatuta, logikoa ere bada, 5.000-6.000 milioi euroko inbertsio horrek ez duelako, antza, eragin handirik herritarren poltsikoan. Agintariek etengabe dioskute oparotasun garaian gure ahalmenetik gora bizi izan garela, baita instituzioak ere, eta behar baino gehiago gastatu dugula. Baina ez, Calparsorok orain ikusi du herritarren sosak babestu beharra, azken hamabost urteetan ez.

Errauskailua eta Juan Calparsororen albistearena irakurrita, medio gehienek badute norabide bat, batzuetan agerikoagoa eta besteetan lerro artean irakurri beharrekoa: Bilduk hartutako erabakiaren ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) dirutza ordaindu beharko diela hainbat enpresei kalteordain gisa, eta hori Bilduren kudeaketa txarraren ondorio dela eta, beraz, ikertu beharrekoa.

Auziak aurrera egiten badu, etorriko dira atzera begiratzeko garaiak eta orduan aztertu beharko da, besteak beste, instituzioek noraino eta nola baldintza dezaketen hurrengo legealdiko gobernua; eta, batez ere, noraino joko politikoan aritu herritarren diruak erabiliz eta arriskatuz.

GHK-k udal hauteskundeak baino bi hilabete lehenago erabaki zuen –2009ko otsailean– Zubietako erraustegiaren esleipena FCC eta beste enpresa batzuen esku uztea. Garai berean sinatu zituen swap ospetsuak barne dituzten mailegutzarrak hainbat bankurekin (azken-azken sinadura ekitaldia maiatzeko udal hausteskundeak baino 10 egun lehenago).

Bistan da, Zubietako errauskailu proiektua lotuta uzteko egin ziren mugimendu haiek eta hurrengo balizko gobernua baldintzatzeko.

Justiziaren bidea aparte utzita eta soilik etika politikotik begiratuta, zilegi ote da legealdiaren azken egunetan, teorian gobernu berri bat etor daitekeenean, halako operaziorik egitea?  Zilegi ote da horrela jokatzea herritarren diruarekin? Ez ote da logikoagoa zain izatea eta hauteskundeen ondorioz ateratzen den gobernuak, aurrera edo atzera egitea, bere programan agertutako aginduaren arabera? Badu lana Juan Calparsoro fiskal buruak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude