Gerra zibil turistikoa

Irungo Udala 1942an. Gipuzkoako hiria Iparraldeko Gerra Ibilbide turistikoaren abiapuntua zen.
Irungo Udala 1942an. Gipuzkoako hiria Iparraldeko Gerra Ibilbide turistikoaren abiapuntua zen.

Irun, 1938ko uztaila. Ibilbide turistiko bitxia abiatu zen lehenengoz, bi urte lehenago piztutako gerraren gune nagusiak bisitatzeko. Nazionalak, pixkana-pixkana, aurrera egiten ari ziren eta, maiatzean, dekretu berri baten bidez, Turismo Zerbitzu Nazional frankista zirkuitu turistikoa antolatzen hasi zen, Iparraldeko Gerra Ibilbidea delakoa bisitatzeko: gudu zelaiak, gune kaltetuak, babeslekuak....

Bidaia agentzia bereziaren helburua bikoitza zen. Batetik, dibisak pilatzea, bidaiari gehienak atzerritarrak baitziren. Bestetik, bisitariekin propaganda lana egin nahi zuten frankistek, eta asmo horretan ere turisten jatorri anitza lagungarri zen.

Bidaiaren abiapuntua ez zuten deskuiduan aukeratu. 1936ko irailaren hasieran, Irungo gudua eta frankisten garaipena funtsezkoa izan zen Gipuzkoako Kanpainan, Iparraldeko Ofentsiba hasi baino lehen. Hiria hartuta, muga, eta beraz Frantziako Estatuarekiko lehorreko lotura eten zuten; hala, penintsula iparraldeko errepublikazaleen arma hornikuntza oztopatu zuten.

Ibilbidea Oviedoraino iristen zen eta, besteak beste, Donostian, Bilbon, Santanderren eta Gijonen egiten zituzten geldialdiak. Handik gutxira beste ibilbide bat prestatu zuten, bereziki turista portugaldarrak erakartzeko: Galiziako Tui herrian abiatu, Santiagotik pasa eta Gijoneraino iristen zen. Eta hilabete batzuk geroago, nazionalek penintsula hegoaldea kontrolatu ahala, Hegoaldeko Gerra Ibilbidea ere antolatu zuten.

Turismo Zerbitzu Nazionalaren autobusetan egiten zituzten bidaiak, bisitarien hizkuntzetan trebatutako bide-erakusleak lagun. Bisitaldiak eta azalpenak ez ziren soilik gerrari buruzkoak, arduradunak konturatu baitziren propaganda eragingarriagoa zela gudu kontu gordinak eduki kulturalekin goxatuz gero. Bidaien maiztasuna gorabeheratsua izan zen, baina gerra amaitu ondoren ere iraun zuten, 1945 arte.

Propaganda ahaleginen emaitza balioestea ez da erraza: 20.000 turista inguruk egin zituzten ibilbideak –errepublikanoen aldean, esaterako, nazioarteko brigadistak 40.000 inguru izan ziren– eta, gainera, ezin esan zenbateraino doktrinatu zituzten. Bigarren helburuak, ekonomikoak, ez zuen emaitza kaxkarra izan: garaiko zortzi milioi pezetako irabaziak izan zituen proiektuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude