Zapalduak, gutxietsiak eta borrokan

  • Azpikontratatutako langilea, erabat desaraututako sektore feminizatuan. Sexismoak mailakatutako lan munduan azken kate-begia dira zahar etxeetako langileak. Irabaziak helburu bakar dituzten enpresek zapalduak eta arduradun nagusi diren administrazioek ez-ikusiak. Baina grebarekin eusten diote emakume eta langileen duintasunari.

Ariznabarra erresidentzian 140 zahar bizi dira eta 160 langile inguru ari dira lanean, 155 emakume eta 5 gizon.
Ariznabarra erresidentzian 140 zahar bizi dira eta 160 langile inguru ari dira lanean, 155 emakume eta 5 gizon.

Zahar etxeetako langile gehienak emakumeak dira (gerokultoreetan %90 inguru, medikuetan erdi eta erdi). Emakumeek historikoki etxean bete duten zaintza lana erresidentzian betetzen dute. Lan mundura atera da zaintza, baina etxeko baldintzak mantentzen direla salatu du Iñigo Zubeldia Gipuzkoako ELAko kideak: “Hasteko, erabateko disponibilitatean dago oinarritua. Urte osoko lanaldia izanik ere, langile gehienentzat eguneko lanaldia mugikorra da. Egun batean sei ordu eta erdi egiten dituzte, hurrengoan hiru, hurrengoan zazpi, hurrengoan bederatzi... Eta bada beste kopuru handi bat lanaldi partziala duena: %60ko lanaldia dute eta hortik lanaldiaren %100era, zuzendaritzaren arabera, txiklea bailiran deitzen zaie, lanaldia luzatu-moztuz. Pentsa horien erretiroa nolakoa den, askotan kotizazioak ez baitzaizkie igotzen orduak igo arren. Desarautzea erabatekoa da sektorean”. Zubeldiak ohartarazi du ez dela kasualitatea: “Gizonezkoontzat ez dago horrelako eredurik”. Ordutegiaz gain, lan kargak izugarriak direla azaldu du: “Ez da teknologian inbertsiorik egiten. Duela 50 urte baserrietan bi emakumeren artean egiten zen lana, garbitzeko zaharra altxatzea, egun erresidentzietan sistema berarekin egiten da. Dena eskuz, pisu guztiak eskuz altxatzen dira...”. María Eugenia Nagore, Ariznabarra zahar etxeko (Gasteiz) langileak kontatu du gerokultorea dela zaharrari arreta zuzena ematen diona: “Zaharraren autonomia mailaren arabera, gerokultoreak laguntzen dio altxatzen, garbitzen, bizarra egiten, atzazalak mozten, janzten, dutxatzen, aktibitateak burutzen... Lan handia da eta neketsua, fisikoki gogorra”. Ondorioak bistakoak izanik ere, lan gaixotasunik ez dela aintzat hartzen salatu du Zubeldiak: “Denek bukatzen dute bizkarrezurretik gaizki, belaunak eta ukalondoak izorratuta, eskumuturretatik operatuta, baina laneko gaitza dela onartua izatea nahi duenak epaitegira jo behar du. Lan Ministerioak oso argi dauka pilotuentzat zer lan gaixotasun dauden, baina emakume azpikontratatu esplotatuentzako katalogoan ez da ageri inolako gaixotasunik”. Parametro matxistetan oinarritutako negozio eredua dela azaldu du: “‘Emakumeak dena jasaten du’ da bere abiapuntua”. Iduzki Soubelet Iparraldeko LABeko kideak gizartera hedatu du ardura: “Egiten duten lana garrantzi sozial handikoa izan arren, ez dago baloratua”.


Gestio ereduak

Euskal Herrian badira gestio publikoko zahar etxeak (erakunde publikoek gestionatuak eta langileak funtzionarioak direnak), kontzertatuak (ohe denak edo gehienak diru publikoz ordainduak baina gestioa enpresa bati utzia eta langileak azpikontratatuak) eta erabat pribatuak. Zahar etxe publiko gehien mantentzen dituzten herrialdeak Zuberoa, Nafarroa Behera, Lapurdi eta Araba dira. Soubeletek azaldu duenez: “Iparraldean zahar etxe publikoak Kontseilu Orokorrarenak dira eta kasu batzuetan herriko etxeak ere laguntzen du. Bertako langileak funtzionarioak dira. Zahar etxe pribatuak ere badira”. Ruben Espino Arabako ELAko arduradunak herrialdeko argazki orokorra azaldu digu: “Asko dira erabat pribatuak (Caser da hauetan handiena), kontzertatuak dira beste batzuk (Goizalde, Ariznabarra), eta publikoak ere badira, langileak funtzionario direnak (adibidez San Prudentziokoa, edo Txagorritxo ondokoa). Baina zoritxarrez pribatizazioa etengabekoa da eta publikoen barruan ere lan eta zerbitzuak azpikontratatzen ari dira”.  Nafarroan bi publiko (El Vergel Iruñean eta Santo Domingo Lizarran, biak Nafarroako Gobernuarenak) eta beste hainbat munizipal daudela kontatu digu Lorea Luzea Nafarroako LABeko kideak: “Baina hauetako batzuetan bertako langileen baldintzak ez dira udaleko langileenak. Gainerako zahar etxeak pribatuak dira, plaza batzuk kontzertatuta dituztenak”.

Kontzertatuen lurraldeak Gipuzkoa eta Bizkaia dira. Zubeldiak pribatizazio prozesua kontatu du: “Duela 20 urte erresidentzia gutxi zegoen Gipuzkoan eta denak funtzionarioak edo laboralak ziren. Egun, ordea, gehienak azpikontratatuak dira. EAJ nagusi zen Aldundiak prozesua hasi zuen eta udaletxe gehienek jarraitu egin zioten bere irizpideei. Erresidentzietakoa izan da administrazioaren barruan garbitzaileekin eta sukaldariekin batera gehien pribatizatu den sektorea”. Gestioa pribatizatzeak langileen lan baldintzak erabat txartzea ekarri duela salatu du: “Prekarietatea izugarria da. Gipuzkoan plazen %90 kontzertatua da, eta gainera pribatuetan eskaera jaitsi egin da krisiaren eraginez. Ia erabat publikoak diren bi zentro daude, langileak edo funtzionario edo laboralak direnak (San Lazaro Elgoibarko Udalarena eta Eibarko San Andres Foru Aldundiarena). Hauetan asteburuko eta gauetako lana azpikontratatuta dago”. Bizkaian plazen erdia baino gehiago kontzertatuak dira.


Kontzertazioa: negozio segurua

Zahar etxe kontzertazioa egiteko erabili den eredua salatu du Gaizka Miguel Bizkaiko ELAko kideak: “Bizkaiko Foru Aldundiak lurra erosten du, zahar etxea eraiki, makinaria osoa jarri, zaharrak bertara bideratu, eta gero enpresa bat kontratatzen du berau gestionatzeko. Dena eginda ematen dio, eta irabaziak ere ziurtatuta dauzka”. Zubeldiak ere salatu du enpresa hauek ez dutela inolako arriskurik hartzen beregain, eta horregatik “lehia handia egon da Gipuzkoan erresidentzia bat edukitzeko, irabazi marjina handia zutelako”. Nagorek Gasteizko Ariznabarra erresidentziaren sorrera azaldu du: “Erresidentzia 2001ean ireki zen. Kontzertazioarekin. 49 urterako negozioa bermatu zitzaion: Aldundiaren plazak osorik kobratzea, baina hutsik dauden plazen %60 ere kobratzea, urtero KPIaren igoera aplikatuz. Akats handia izan zen kontzesioa baldintza hauetan ematea. Diru publikoa harrapatuta daukate, enpresak inoiz ez du dirurik galduko. Ariznabarra emaitza ekonomiko onak izaten ari da, Espainiako Estatu osoan lan baldintza onenak dituen langileak gu izanik ere”.


Lan soziala vs “bizitzaren negozioa”

Enpresaren neurri eta izaerak lan baldintzetan eragin zuzena dutela berretsi digute sindikatuetako ordezkariek. Zubeldiak dionez, “antzematen da batzuetan (batez ere txikietan) dirutik harago begiratzen dela, lan giroan, tratuan... eta beste handi batzuetan diru bila dabiltza eta kito. Negozioa da helburu eta horiek ez dute legez dagokien langile kopurua baino minutu bat gehiago ere ematen. Aldiz, izaera sozialeko enpresa batzuek (Gurutze Gorriak esaterako) beste edozein enpresekin alderatuta langile bikoitza dute, ez dutelako irabazi asmorik. Adibide argia da erakunde arduratsu batena, langileen ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea lehenesten duena”. Espinok Arabako Caserren adibidea jarri du: “Badira zerbitzu anitzeko enpresak, diru bila doazenak. Caser, esaterako, erresidentzietan, aseguruetan, bankuetan ari da eta negoziatzerakoan egoera gaizki dagoela esaten dizute, eta beren kontuak aztertuta ikusten da asistentziako negozioak erabat errentagarri zaizkiola eta aseguru eta banku negozioetan dituztela galerak. Azkenean zahar etxeetako langileek ordaintzen dute asistentziarekin zerikusirik ez duten enpresek egindako zuloa. Enpresa txikiek edo behintzat sektore bakarrekoak direnek beste funtzionamendu bat dute. Baina gaur egun zaila da erreforma probestu nahi ez duen enpresa bilatzea”. Caser EAE osoan dago zabaldua eta Espainiako Estatuan 20 zahar etxe ditu. Sarquavitae (Mapfre erosi zuena) eta Sanitas ere EAEn handienetakoak dira. “Hauek zuzenean diruagatik datoz” dio Zubeldiak. “Perfektuki engrasatutako makinaria dute, kultura matxista euren enpresa proiektura eramaten dute eta gutxiengo baldintzak ematen dituzte. Administrazioak pribatizatzen hasi ziren unetik, diru asko duten enpresa indartsuek negozioak ireki dituzte sektore honetan, gure biziarekin negozioa egin ahal izateko. Bizitzaren negozioa da”. Bizkaian aipaturiko hiru hauen gainetik Urgatzi taldea eta Igurco taldea dira nagusi, erabakimen handiena eurek dute.

Iparraldean eta Araban, aldiz, enpresak txikiagoak dira. “Iparraldekoak ez dira enpresa handi-handiak. Publikoak dira zahar etxe handienak. Pribatuen artean badira helburu lukratiboak dituzten enpresak eta helburu lukratiborik gabekoak”, dio Soubeletek. Espinok Arabako ezaugarria horixe dela azpimarratu du: “zahar etxe gehienak txikiak dira, ohikoenak 8-10 zaharreko etxebizitza komunitarioak dira. Beste 12 bat egoitza ertain daude, 30-40 plazakoak. Zahar etxe handienak (150 plaza ingurukoak) Gasteizen daude”.


Erabiltzaile menpekoagoak
langile kopuru berarentzat

Hegoaldean Aldundiek enpresei azpikontratatzen dizkien zahar etxeen zerbitzuak nolakoa izan behar duen arautzen du zerbitzuen katalogoak. Bertan zerrendatzen da zer den zaharrei eskaini behar zaiena. Eta zerbitzu hau emateko gutxieneko ratio edo langile kopuru bat dago (urtean zaharrek zenbat minutuko zaintza behar duten zehazten duen batez bestekoa, 1995eko Eusko Jaurlaritzako dekretu baten bidez arautua). Ratioa eta katalogoa, horra Aldundiek enpresei kalitatea exijitzeko dituzten bi erremintak. Ratioak berritu beharra adierazi du Zubeldiak: “Denok gaude ados duela 20 urteko erresidentzietako ratioek ez dutela gaur balio”. Erresidentziara doazen pertsonen artean hiru profil daude: autonomoa, menpekoa eta oso menpekoa. Gero eta jende gehiago sartzen da erresidentzian oso dependientea dena eta Aldundiek hartutako erabaki politikoek ere eragina izan dute horretan, Nafarroan eta Araban. Espinok kontatu duenez, “zahar etxeetako erabiltzaileak hautatzeko egiten den balorazioa aldatu egin da eta ondorioz zahar etxe batean sartzeko orain askoz okerrago egon behar da. Beraz, orain zahar etxeetara doazen pertsonak askoz menpekoagoak dira. Nabarmena da. Ratioak ez dira aldatu, eta langileentzat lan karga askoz handiagoa da, askotan ez da formakuntzarik ematen eta lan baldintzak okertu dira”. Luzeak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuak kontzertazio plana aldatu du eta 2014an aplikatzen hasiko direla aurreikusten dugu. Honekin erraztasun gehiago emango zaizkie enpresa pribatuei: sukaldari eta garbiketa ratioak jaitsi egingo dituzte eta zahar etxeetako erabiltzaileen perfil berri bat asmatu dute: ez menpekoa baina bazterketa egoeran dena. Adibidez, jada zahar etxeetan sartu dituzte alkoholikoak diren pertsona heldu batzuk. Ratio berekin erantzuten zaila izateaz gain, langileek ez dute formaziorik jaso kasu hauei erantzuteko”.


Aldundien ardura

Hegoaldean ardura osoa Aldundiarena dela oroitarazi dute eta Zubeldiak kritika orokorra azaldu du: “Erakundeak kostua jaisteaz bakarrik arduratu izan dira, ez ematen ari garen zaintza ereduaz”. Miguelek Bizkaiko Aldundiarekin biltzerik ere ez dutela lortzen azaldu du: “Negoziazio prozesuan hiru bilera eskatu dizkiogu Foru Aldundiari eta ez digu erantzun ere egin. Batzar Nagusietako alderdi denekin hitz egin dugu eta denen arteko akordio instituzionala sinatu da (EAJ barne), Aldundiari eskatuz langileen aurreko hitzarmeneko baldintzak bermatu ditzan –hau jada ez da betetzen ari–, langileen baldintzak hobetu daitezen eta hau konplitzen dela bermatzeko prozedurak martxan jartzeko”. Espinok Arabako Aldundia atzeraka doala uste du: “Gasteiz gizarte zerbitzuetan eredu moduan ikusarazi zuen Cuerdaren garaitik, etengabeko atzerakada egon da, bai Aldundian EAJ egon denean, bai orain PP egonik. Gizarte zerbitzuak eraisten ari dira, ezkutuko ekonomia bultzatzen, hitzarmendun eta formaziodun langileak ezkutukoez ordezkatzen... Kostuak gutxitzea da axola zaien bakarra. Kasu esanguratsu bat bada: Araba klinikak zeraman hirugarren adineko arretaren zati handi bat Miñanora bideratu du Aldundiak, eta Miñanon lan talde osoa Aldi Baterako Laneko Enpresa bidez eramaten da. Bertako baldintzak penagarriak dira eta Aldundiari bost axola zaio”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honi buelta emateko asmo argia azaldu duelako gustura da Zubeldia: “Badakigu, bi urtean ezin zaio ereduari buelta eman. Eredua oso kontsolidatua dago. Ikusi beharko da hurrengo urteetan Aldundiak azaltzen duen borondatea zertan gauzatzen den. Langileei dagokionez, gustura gaude hartu duen bidearekin. Lehen erakundea izan da azpikontratatutako langileak bere ardura direla esan duena. Ulertzen dugu ez dela erraza urratsak ematea, baina bide onetik doaz”.


Hitzarmenak

Desarautzea da nagusi sektorean. Lan baldintzetan alde handia dago enpresa batetik bestera. Era guztietako egoerak aurki daitezkeela dio Espinok: “Badira garbitzaile gisa kontratatu eta gerokultura lanak egiten ari direnak, eta alderantziz, denetik egiten duten gerokultoreak (garbitu, lisatu, otorduak prestatu...). ‘Edozertarako neskame’tzat kontratatzen dituzte”.

Iparraldean, Nafarroan eta Araban estatuko hitzarmenak aplikatzen dira. Soubeletek salatzen duenez, “Iparraldean ez dugu egiturarik hemengo hitzarmenak egin ahal izateko eta horrek arazo handia sortzen du langileei begira, bertako errealitateari erantzutea bilatzen baitugu”. Lurralde hitzarmena lortzeko giltza enpresen neurria dela azaldu du Espinok: “Zergatik ez dugun probintzialik Araban? lortu ez dugulako, edo gai izan ez garelako. Zahar etxe handiak dauden herrialdeetan errazagoa da sindikatuek komiteak antolatzea eta handi horien bultzadarekin lurraldeko hitzarmena lortzea. Araban hiru-lau zahar etxe handi bakarrik baditugu, eta enpresa horietan lan hitzarmena lortu badute, hauek ez dute probintzialaren beharrik, eta txikiak antolatzea, berriz, askoz zailagoa da”. Luzeak azaldu du hitzarmen desberdinak erabiltzen direla sektorean: “Nafarroan zahar etxeak sortzen hasi zirenean batzuek ostalaritzako lan hitzarmena hartu zuten, sektore hau ez zegoelako batere garatua. Egun, batzuek ostalaritzakoa mantentzen dute eta beste asko Estatukoarekin ari dira”. Langileek indarra duten enpresetan (normalean handietan) enpresa hitzarmenak eta akordioak egiten dira, baldintzak hobetzeko.
Bizkaian eta Gipuzkoan lurralde hitzarmenak ere badira. Espainiako Gobernuak uztailaren 6an indarrean jarritako erreformak zertan eragingo dien azaldu du Zubeldiak: “Orain arte lurraldeko hitzarmenaren eta enpresa barruko hitzarmenaren artean, probintziala betetzea derrigorra zen, eta enpresakoa ezin zen txarragoa izan lurraldekoa baino. Hori aldatu egin da. Orain enpresakoak txartu dezake lurraldekoa eta nagusitasuna du harengan. Honen aurrean, ELArentzat derrigorrezkoa da hitzarmen honetan bi pausoak ematea: lurraldekoa sinatzea eta hori berbera enpresara eraman eta enpresako bihurtzea. Ez enpresan negoziazio propiorik eginaz, lurraldekoa berretsiz baizik”. Gipuzkoan sektoreko enpresarien ordezkaritza Laresek (%50) eta Adegik (%50) dute. “Ezaguna den bezala Adegi ez da inongo hitzarmen sektorialik sinatzen ari. Erreformarekin Estatukoa aplikatzea da bere apustua. Lehen aldiz prozesu ezberdin bat gertatzen ari da: Adegiren kupulak sinatzen ez duen hitzarmen probintzial hori bera (Foru Aldundiak, ELA, LAB, CCOO eta UGTk proposatutakoa) Adegikoak diren %85,2 enpresetan (12 kenduta gainerakoetan) enpresako hitzarmen gisa sinatzea lortu dugu. Horrek bi gauza esan nahi ditu: kupuletan beste interes batzuk daudela, enpresek konpartitzen ez dituztenak. Eta kupulek errealitatean ez dutela inor ordezkatzen. Guretzat garrantzitsua da batasun negoziatzailea mantentzea, eta enpresa guztietan gauza bera negoziatzen ari gara. Badakigu ez dela lurraldeko hitzarmena egiteko bide klasikoa baina errealitatean ez daukagu beste biderik”. Enpresako hitzarmena sinatu ez duten 12 hauetatik 8 greba mugagabean daude. Aldundiak hartutako erabakiari esker, erreformak bide eman arren 12 hauetan ere ez dela Estatuko hitzarmena aplikatuko espero du Zubeldiak: “Enpresaren batek lan baldintzak jaisten baditu, Aldundiak tarifa ere proportzionalki jaitsiko diola iragarri du. Benetan txalotzen dugu erabaki hau, ez baita onargarria enpresen irabazi portzentajea igotzea langileen baldintzak jaitsiz”.

Bizkaian lau patronal daude: Gesca taldea da nagusi eta Laresek %20-30 du. Negoziazio mahaian CEBEC (Gesca bere barruan dago) da patronal guztiak ordezkatzen dituena eta Gipuzkoan Adegik duen jarreraren oso antzekoa duela dio Miguelek: “Bizkaian hitzarmen probintziala 2012ko abenduaren 31n bukatu zen, baina bertan ultra-aktibitatea adostuta utzi genuen, beste hitzarmen bat adostu arte indarrean egon dadin. Horrek ez du esan nahi enpresari batzuek legearen beste interpretazio bat egingo ez dutenik, hitzarmenean onartutakoa betetzeari utziz. Egungo negoziazio kolektiboan patronala araudi berriak eskura jarri dizkion arma guztiak erabiltzen ari da. Antolatzeko eta erantzuteko gaitasunaz bakarrik mantendu edo duinduko ditugu langile hauen baldintzak”.

María Eugenia Nagore, Ariznabarrako langilea: “Hiru urteko greba gogorra izan zen baina merezi zuen”

Ariznabarra da Espainiako Estatuan lan baldintza onenak dituen zahar etxea. Langile borrokaz lortu eta defendatu dituzte, María Eugenia Nagore bertako langileak kontatu digunez: “2001ean erresidentzia ireki zenean, orain baino askoz langile gutxiago ginen eta gerokultoreen soldata ez zen 100.000 pezetara (600 euro) iristen, urtean 1.800 ordu lan eginda. Zortzi hilabete iraun zituen greba egin genuen. Foru Aldundiak 17 langile gehitu zituen eta bide horri jarraituz 2003an akordio ona itxi zen bost urterako, %21 gehiago hazi zen soldata eta lan baldintza txukunak genituen.

Baina enpresak esan zuen ez zuela paktua beteko,  eta hartzen zuten jende berria beste soldata mailaketa batekin sartzen zen. Horren aurrean ia hiru urte iraun zituen greba egin genuen. Greba oso gogorra izan zen. Langileen batasuna funtsezkoa izan zen, familiaren babesa ere ezinbestekoa izan zitzaigun eta ELAren elkartasun kutxarik gabe ezinezkoa izango zen aurrera eramatea. Langileok funts bateratu bat ere jarri genuen. Asanbladak egiten genituen astero, benetan gertatzen ari zena adierazteko. Mapfre enpresak ez zigun inoiz enpresa barruan biltzen utzi, ezta kartelak jartzen ere. Arazoan erabakia hartu behar zuena Aldundia zen, horregatik gure manifestazioak Aldundiaren aurrean egiten ziren eta ez zahar etxean. Bilera pila egin genituen alderdi guztietako politikariekin, eta denek antzera jokatu zuten: boterean zenak ez gintuen hartzen, behean zeudenek zerua agintzen ziguten... Enpresak esaten zigun ez gintuela ulertzen, gure soldata familiarako ‘laguntza’ dela eta noski, guk oso gaizki hartzen genuen hori. Enpresaren prepotentziak ere gure erantzuna piztu zuen. Oso gogorra izan zen, baina merezi izan zuen. Emakumeak konstanteak izan ginen, geureari eutsi genion. Lortutako paktuarekin 2012an gerokultoreak 1.690 euro gordin irabazten zituen.

Geroztik Sarquavitae-k erosi zion enpresa Mapfreri. Hitzarmen bat nahiagoko genukeen arren, jabego aldaketarekin eta uztailaren 7aren ondoren zer gerta geundenez, 2013rako paktua hitzartu dugu. %2 igo dira soldatak, 1.600 ordu lan egiten dugu urtean eta azpikontratatuta zegoen sukaldeko langileria orain enpresako paktuko baldintzekin sartu da Ariznabarrako lan taldean. Badirudi alde guztiek borondate ona dugula, eta adostu dugu urrian bilduko garela hitzarmen bat egiteko”.

Datuak

– Gipuzkoan: 60 zahar etxe daude. 4.800 langile eta 5.057 zahar.

– Nafarroan: 75 zahar etxe daude. 3.977 langile eta 6.192 zahar.

– Araban: 75 egoitza daude. Hauetatik 20 etxebizitza komunitarioak (14 pertsonatik behera bizi direnak). 1.000 langile inguru eta 3.499 zahar.

– Bizkaian: 260-320 egoitza daude. Hauetatik 60-70 zahar etxeak eta gainerakoak etxebizitza komunitarioak. 4.500 langile eta 6.000 zahar daude.

– Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan: 61 zahar etxe daude.
 

Lan baldintzak

– Nafarroan: 714-1.276 euro artean dago gerokultoreen soldata gordinaren batez bestekoa, enpresatik enpresara asko aldatzen baita egoera.

– Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan: 1.161 euro garbi jasotzen dituzte gerokultoreek, alegia, gutxieneko soldata.

– Araban: gerokultoreek 956 euro gordin eta 1.792 ordu urtean.

– Bizkaian: Soldata taula desberdina dute zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako gerokultoreek. Zahar etxeetakoek 1.284 euro gordin jasotzen dituzte eta medikuek 1.785 euro gordin.

– Gipuzkoan: Gerokultoreek 1.100 euro gordin eta 35 orduko lan astea. Medikuek 2.174 euro gordin.

– Espainiako Estatuko hitzarmenak arautuak: gerokultoreak 900 euro gordineko gutxieneko soldata du eta 1.799 lan ordu urtean.


ASTEKARIA
2013ko uztailaren 21a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude