"Gerra zibila ez da iraganeko gaia"

  • Emilio Molak eta enparauek 1936ko udatik aurrera indarrean jarri zuten “eskarmentua” azaldu digu Miguel Sánchez-Ostizek (1950, Iruñea) El Escarmiento (Pamiela) liburuan. Dagoeneko literaturaren alorrean bide luzea egin duen idazle iruindarrak, oraingoan lan historiko bikaina osatu du. Prosa ederra baliatuz, 1936ko altxaldi faxistarekin batera errepresioa nola sortu, garatu eta justifikatu zen argitzeaz gain, egungo gizartean horrek guztiak izan duen oihartzuna deskribatu du sakontasunez.

"1985ean hasi nintzen gaiaz idazten, baina nire irudiko, orduan nuen jarrera itxurakeriak jota zegoen. Ezaugarri politikoak erantzirik, alde literario edo estetikoa bakarrik lantzera nindoan".Josu Santesteban.

Berriro “gerra puta” horretaz aritu behar izatea. Ibilbide literario oparo eta luzea duen idazlea zergatik sartzen da eremu historikoan, lan ikaragarri hau osatzeko?

Alde batetik, garaia zelako eta bestetik, urte anitz neramalako gerrari buruzko lan historikoa burutu nahian. Azken finean, hemen txikitatik bizi izan dugun zerbait da. Gure gogoan beti egon da. Oroitzen naiz, herritik etortzean, Erreniegatik igarotzen ginenean “goazen Aita gure bat otoi egitera” esaten zigutela. Zergatik hori? Edateko ur txarra zuen aska haren ondoan Iruñeko jendea hil zutelako. Hondarribira joaten ginenean berdin. Lantzeko pinudiaren parean beste Aita gure bat otoi egin behar. Jende guztiak zekien hori, eta baita beste gauza asko ere: Orikaingoa, Urbasako leize zuloenak… Nik horien berri 11 urterekin izan nuen, Bakaikura joaten ginenean dena kontatzen baitziguten.

Baina Nafarroan familia artean eta kalean kontu horiek oso hedaturik izan arren, gaiari ez diozu orain gutxi arte heldu.

1985ean hasi nintzen horretaz idazten, gai horretaz oso aberatsa zen biblioteka oso bat Sarasate pasealekuko zabortegi batetik eskuratu nuenean. Hasi nintzen ikertzen norena zen eta azkenean gaian murgildu nintzen. Irakurketa asko abiatu nituen, orduan idatzita zegoen guztia: bai biblioteka horretatik eskuratutako liburuak –gehienak kanpoan argitaraturikoak–, baita hemengo betiko idazleenak ere, frankistekin bat egin zutenenak: Iribarren, Pascual, Foxa…

Eleberria idazteko asmoz hasi nintzen, Iruñeko falangisten giroa islatu nahian, eta zeregin horretan hemeroteka lan handia egin nuen, ohar eta fitxa askorekin. Baina nire iduriko, orduan nuen jarrera itxurakeriak jota zegoen; gerraren garaileak zuritzeko oso erabilgarria suertatu zitekeelakoan nago. Ezaugarri politikoak erantzirik, alde literario edo estetikoa bakarrik lantzera nindoan. Eta hori ez da iruzurra, baina aldi berean bai. Foxak eta hemengo idazle batzuek, García Serranok kasu, oso ongi idazten zuten. Hori aitortu beharra dago. Baina era berean, ez zuten aukera galtzen egundoko basakeriak idazteko, bata bestearen atzetik. Ongi izkiriatzen zuten eta Nafarroak zituen bi idazle hoberenak falangistak genituen: Rafael García Serrano eta Angel Pascual. Bakoitza bere estiloarekin. García Serranoren tankera tremendista ona da baina izugarrizko nazka ematen du. Aldi berean, orduko eta gaurko Nafarroako gizartea ezagutzeko gako asko eskaintzen dizkigu, batzuetan xehetasun txikien bitartez. Zera idatzi zuenean esaterako: “Sanferminetan etena, baina gero guztiak hilko ditugu”. Edo Iruñeko jolastokietan zegoen nahasketa politikoaren berri ematen zuenean. Larraina kiroldegiko giroa deskribatzen zuenean, korronte desberdinetako politikariak han elkartzen zirela zihoen, baina gero, gerra zela medio, alde kontrajarrietan lerrokatu zirela. Hori nik txikitatik ezagutu dut. Iruñeko alde zaharrean zegoen jende nahasketa, poteoan, hainbat elkartetan eta abar. Gero, une batzuetan, lehertu egiten da. Esate baterako, Jurramendikoa gertatu zenean.

Eleberria idazten hasi nintzen arren utzi egin nuen. Baina 2005ean berriro ekin nion Molari lapurtutako egunkariak lanarekin. Hori ere oso aurreratuta nuen, baina nire orduko argitaletxeak Molari buruzko beste liburu bat lehenetsi zuen. Nire liburua baztertu egin zuten, eta mesede egin zidan, bide okerretik nenbilelako. Urte haietan ahal nuen guztia irakurri nuen. Hemerotekan lan ikaragarria burutu nuen eta 80ko hamarkadan egindakoa baliatu nuen. Dena den, gai horretan erabat murgiltzeko azken akuilua Ezkabako gotorlekura egindako ikustaldia izan zen, duela urte pare bat. Hor izan nituen bisita-kide, beste batzuen artean, Fortunato Agirreren alabak, Tomas Dorronsorren semea, Maravillas Lambertoren ahizpa, Larragakoa… Pentsatu nuen “jende horrek merezi du”. Sentitu nuen zorretan geundela horiekin guztiekin, nire buruari ere zerbait zor niola. Gerrara ez zen egin behar hurbilpen bibliofiloa edo negozioa ekar zezakeena, zeren hori ere gertatzen ari da.

Zure lanak Herbert Southworthen gerrari buruzko idazlanak gogoratzen dizkit. Iturri desberdinak erabili dituzu, hemerografikoak, liburuak, artxiboetako agiriak… kontrastatuz. Historia ofiziala bere lekuan jartzeko erabili dituzu. Zeintzuk izan dira eta zein balorazio egiten duzu tresna horien inguruan?

Alde batetik, hemengo egunkarien irakurketa zorrotza burutu nuen. Diario de Navarra zehatz-mehatz irakurriz gero, berri laburren atalean, Gizarteko berrietan, iragarkietan… atzeguardian gelditu zen hiri baten historia osoa aurkituko dugu. Eta hor gertaera ikaragarriak dira. Marino Huderri, esate baterako, kartzelaratua zegoen bitartean eta baita fusilatua izan ostean ere, bere kontsultaren iragarkiak argitaratu zizkioten. Edo Negrillosek eta Raimundo García Garcilasok Badajozera egindako bidaia, frankistek egundoko triskantza burutu ostean; bidaia horren berri Gizarteko berrietan eman zuten.

Bibliografiari dagokionez, nola edo hala aurrera eraman dut, baina ez sakontasun askorekin. Hainbat gauza ez daude. 1936ko abuztuko egunez dokumentazio dezente ere galdu nuen, lana hasi ondoren. Artxiboen artean, Nafarroako Artxibo Nagusia oinarrizkoa izan da; haren barruan dago Gerra Batzordearen sekzioa. Iruñeko Udal Artxiboa batez ere argazkiak eskuratzeko erabili dut. Oso funts aberatsa dute, orain gutxi gerrari buruzko argazkien beste bilduma handi bat eskuratu dute, baina oraindik ikusteke dugu. Udal aktak ere begiratu nituen eta hainbat gauza ikaragarri azaldu dira, biktimen senideei egindako mespretxuak, esate baterako.

Horietan oinarritu naiz, eta ahal izan dudan tokiraino iritsi naiz. Ez dut egin liburu erabat osatua, ez dut historiagileen eremua zapaldu nahi izan. Beste liburu bat gehiago da. Ez da auzi historiko honetaz behin betiko liburua izanen eta ez dut inolaz ere pentsatu “nire atzetik inor ez”, nahiz eta hori oso hispanoa izan. Nik uste dut gauza anitz daudela oraindik idazteke eta orain gertatzen ari denarekin, esate baterako, Falangeak kazetari horren kontra jarri duen salaketarekin, ikusten ari gara premia handia dagoela gai horri ekiteko.

Gerra zibila ez da iraganeko gaia. Orain arte ezin izan dugu gai horretaz idatzi behar den bezala, ez Causa General-aren kontra, ezta historia edo kontra-historia ere. Garzónen saiakera edo antzeko beste zerbait, baliagarria izanen zen dokumentazio multzo handia eskuratzeko, epaileen aginduz artxibo guztiak irekitzeko… baina ezerezean geratu da. Horren guztiaren aurka egon den jokaera maltzurrak eta fede txarrekoak argudio gehiago ematen dizkit historia edo kontra-historia lantzeko.

Zure blogaren izenari helduz, “gogo handiz” ikertu duzu gai hau?

Nekagarria izan da. Baina berriro esan nahi dut sarritan errepikatu dudana: niri gai edo auzi honek nekea sorraraztea edo eragitea, ezin da konparatu aitona edo aita errepresioagatik galdu zutenak bizi izan diren hunkidurarekin. Horrek aztoratu egiten nau, batez ere auzia oso gertukoa dugulako. Ez nago Manhattanen edo Madrilen, hiriburu horretako gizarte literarioan eta El Jarama-ren antzeko zerbait idazten. Ez, Iruñean nago, nire jendearekin bizitzen, nire hurbilekoekin, nire familiarekin, auzokoekin, ikastetxean nirekin ikasi zutenekin... Hori dela eta, batzuetan gogo handiz idatzi dut, bestetan aldiz, nekez. Asko kostatu zait liburua idaztea.

Dena den ematen du zor hori ordaintzeko edo gertatutakoa behar zen bezala lantzeko berandu iritsi garela, ezta?

Bai, oso. Behar zen garaian –Franco hil ostean– ez zen landu behar bezala. Gai honi ekin zion bakarra José María Jimeno Jurio izan zen eta bitxitzat jo zuten. Era berean, herrietako jendea hagitz mugitu zen, hilobiak irekitzeko, hildakoen gorpuzkinak berreskuratzeko… baina horrek guztiak ez zuen oihartzun handirik izan. Are gehiago, horren berri zabaltzen bazen berehala zetorren kondena edo lelo mespretxagarria: “Horiek separatisten gauzak dira”. 80ko hamarkadan oraindik jende asko bizi zen epaitegietara deklaratzera eraman zitekeena. Baina hori ez zen egin eta dagoeneko ez du konponbiderik.
Orain dokumentalak, kronikak edo eleberriak egin ditzakegu, baina horiek ere kontu handiz. Duela gutxi, Vicenç Navarrok elkarrizketa oso on batean zioenez, gerra zibilari buruzko narratiba edulkoratuegia suertatzen ari da. Idazten ari diren eleberri edo antzeko lanen arabera, ematen du denek erail zutela, ez zegoela ez onik ezta gaiztorik ere. Legalitate errepublikanoa ere baztertuta geratzen da, eta ahanzten dute gerra zibila aldez aurretik erabat planifikatuta zegoela, jardun militarraren gainetik egundoko errepresioa eragiteko, batez ere.

Historiaren arloan ere antzematen duzu antzeko jarrera, nolabaiteko errebisionismoa?

Hor daude Pío Moa eta enparauak. Uste dut Nafarroako Unibertsitatean ere gerra zibilari buruz idazten jarraitzen dutela eta katedra horietatik gazteriaren artean doktrina sortzen eta gorpuzten ari direla; euren jendearen artean, beraien giroan, onarpena dauka. Hemen burbuiletan bizi gara. Norbera bere lubakian bizi da eta errebisionismo horren garrantziaz ez gara konturatzen edo gutxietsi egiten dugu.

Zer nolako jarraipena emango diozu liburuari? Dagoeneko aipatu duzu El Botín prestatzen ari zarela.

Bai, kontakizuna 1937ko ekainean bukatuko da. Horretarako nire euskarriak honako hauek izanen dira: frankistek Bilbo hartu zutenekoa, Molaren heriotza eta Falangearen eta karlismoaren bateratze dekretua. Horiek dira idazlan horretarako aurreikusten ditudan mugarriak. Ez da izanen oraingo liburuaren bigarren zatia, jarraipena baizik. Gaurkoaren eta atzokoaren arteko dialektika uztartu eta hainbat arlorekin jokatuko dut. Esate baterako, Iruñeko eguneroko bizitzatik nola bizi izan zituzten gerraren hainbat gertaera, nahiz eta urrun samar izan, bonbardaketak kasu.

Ez dut 1937az geroztik luzatuko, baina agian, beste estilo batekin, historikoa ez den idazkera batekin, animatu naiteke idaztera gaurko ikuspegitik orain gertatzen ari diren hainbat gauzez beste libururen batean. Izenburua badut dagoeneko, karlisten kanta batetik hartua: Moriremos nosotros también (Gu ere hilko gara).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude