argia.eus
INPRIMATU
Komunikazio esperimentuak

Edorta Arana @EdortaArana 2013ko uztailaren 17a

Uste izan dugunaren kontra, komunikabideen eragina ez ei da hain zuzena, ezta pentsatzen genuen tamainakoa ere, komunikazioaren ikertzaileen esanetan. Faktore askok baldintzatzen omen dute eragin hori eta denak ez daude medioen ugazaben esku.

Hori onartzeko prest nengoke, baldin eta boterean daudenek komunikabideekiko interesa galdu dutela ikusiko banu. Egunkariek, irratiek ala sarean esaten dena kontrolatzeko interesik eta beharrik ez daukatela nabaritzen dudanean, eraginaren teoria baztertuko dut, berehalaxe. Bien bitartean gogoratuko ditut telebista digitalen lizentzia banaketa egin zenean alderdi politikoen arteko borrokak, Nafarroako irrati lizentzien eskandalua, siamesena dirudien komunikabide publikoak eta agintean dauden indarren arteko erlazioa... gehiago behar?

Hori horrela izanik, jarraitzen dut pentsatzen Euskal Herriak beharrezkoa duela komunikabideen egitura propio, zabal eta sendo bat. Eta, publikoak zein pribatuak diren komunikabide horien erabileran, aktibo behar direla aniztasuna, kontrol publikoa eta profesionaltasuna bermatuko dituzten mekanismoak.

Baina, aurreko pasarteari kontra egin barik, komunikazioaren kudeaketak zelako garrantzia daukan azpimarratu nahi nuke orain. Komunikabide sare egoki bat ez daukanak ere bere mezua eraginkortasunez erabili dezake eta xede duen jendearengana heldu eta nahi dituen mezuak bidali.

Internetek horretarako sekulako indarra dauka. Ez bakarrik komunikabide tradizionalen agendan gaiak txertatzeko baizik eta horien irakurketarako elementuak proposatzeko. Adibide batera joko dut: Donostiako Bulebarrean antolatu zen lehendabiziko Aske Gunea. Herri harresia delako ekintza antierrepresiboa oso eredu interesgarria bilakatu da gertaera sozial bat komunikazio kanpaina eraginkorra nola bideratu daitekeen erakusteko. Ez diot garrantzirik kenduko fisikoki bertan gertatutakoari (espazio publikoa politikarako eremu gisa errebindikatzea, indar korrelazio berriak ikustaraztea, gazteen mobilizazio gaitasuna...) baina bereziki interesgarria iruditu zait komunikatiboki nola kudeatu den. Sareak barne zein kanporako komunikazio tresna gisa funtzionatu zuen eta biderkatzailea suertatu zen edukiak eta hauen testuinguru interpretatiboa jendarteratzerakoan.

Komunikabide tradizionalek, botere guneetatik hurbilago dauden horiek, Bulebarrean gertatzen zenari ezin izan zioten bizkarra eman eta erreakzionatu behar izan zuten. Hori bai, berandu eta makal. Ordurako, Aske Gunetik eskainitako mezuak gorpuztuak ziren argazki, bideo eta mezu idatzien bidez, biderkatuak, hizkuntzen mugak gaindituz eta eragin eremu ohikoetatik harago konplexurik gabe zabalduz.
Komunikabide berrien kudeaketa aproposean dago gakoa. Horretan abilena denak eta azkarren dabilenak markatuko du besteen bidea. Malgutasuna, freskotasuna, gaztetasuna eta frogatzeko beldur ezak sekulako garrantzia du. Ikusi da!