Zein da euskararen eremuan dagoen Gizarte kapitala? Zer da, baina, Gizarte kapital delako hori?
Leire Lopez-Gil arabarrak Robert Putnam-en Gizarte kapital kontzeptua baliatu zuen, HIZNET Hizkuntza Plangintza graduondoko bere ikerlanean. Ikerketaren izenburuak berak egilearen asmoaren berri argia ematen digu: Gasteizko erakunde publikoen eta herri ekimenaren arteko osagarritasuna euskalgintzan. Balizko osagarritasun hori da, hain zuzen ere, gaur egun euskararen unibertsoan eztabaidagai dagoen puntuetako bat.
Zergatik hautatu du Leire Lopez-Gilek kontzeptu hori? Berak esana: euskararen inguruan gizarte aldaketa bat gauzatuko bada, batetik, “harreman-sare sendoa” eta, bestetik, hori lortzeko “konfiantza maila altua”, bi-biak, beharrezkoak direlako.
Nolakoak dira harreman-sareak eta elkarrekiko konfiantza euskararen eremuan? Aspaldiko partez, onenak dira; aurrera begira, hala ere, hobetzeko premia handiz.
Hitzaren balioa. “Hitza ematea”k asko balio izan du euskal gizartean, mendez mende. Erdaraz esanda ere “euskaldunaren hitza”k esanahi garbi bezain sendoa (izan?) du atzerrian. Hitzaren balio hori elkarrekiko konfiantzaren gain eraikia da.
Egungo estatistikei erreparatuz eta EAEko biztanleek lagun hurkoengan dugun konfiantza neurtuz, baliorik handiena (10etik 7 puntu) familiaren eta lagunen sareetan jartzen dugu, eta txikiena (4,5) instituzioetan (EUSTAT, 2013: Kapital sozialaren inkesta). Instituzioek badute zertaz hausnartu, beraz. Baita herritarrok instituzioekiko jarreraz ere.
Bada aldea, ordea, inkesta horri erantzuteko erabili den hizkuntzaren arabera: euskaraz erantzun dutenen %38k “konfiantza maila handia” adierazten du orokorrean, maila hori erdaraz erantzun dutenengan %26koa izanik. Euskaldunen artean, hitzak balio handiagoa izaten jarraitzen ote du?
Euskalgintzan ere bai. Baietz uste dut. Beste lekutan ez bezala, gurean “hitza” berme handia da oraindik ere. Giro profesionaletan, adibidez, hitzez hartutako konpromisoek izugarri errazten dute funtzionamenduaren konplexutasuna eta, horren ondorioz, kostuak ere murrizten dira. Bere txikitasunean, euskalgintzak ere indar-metaketa bezain premiazkoa du eragileen arteko harremanak erraztea. Bestela jai du.
Horiek horrela eta Gasteizko euskalgintzan pentsatuz, hona hemen Lopez-Gilek idatzitakoa, horrekin bere lanari amaiera emanez: “Hortaz, Putnamek proposatutako gizarte kapitala abiapuntu hartuta, (...) sare sendo eta trinkoa lor daitekeela pentsatzen dut. Hori bai, talde bakoitzak bere eginkizun, betebehar eta nortasuna alde batera utzi gabe. Azken batean mugimendu heterogeneo baten beharra dago, uztargarria dena, noski”. Hala bedi!